Trinitatea, hutsartetik sortua

Luis Peña Gantxegik 1963. urtean eraberritu zuen Donostiako Trinitate plaza, harresiaren eraispenaren mendeurrena ospatzeko. Zentzurik gabeko hutsarte bat nortasun propioko espazio publiko bihurtu zuen.

Donostiako Parte Zaharrean dago Trinitate plaza. Duela 50 urte eraberritu zuen Peña Gantxegik. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ainhitze Ruiz.
Donostia
2013ko urriaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irailean bete berri da Donostiako Trinitate plazaren eraberritzearen 50. urteurrena. Hiriaren zabalkundea ahalbidetzeko asmoz, 1863an Donostia inguratzen zuten harresiak bota zituzten. Hala, ehun urte geroago, 1963.urtean, Luis Peña Gantxegi arkitekto oñatiarrak Donostiako Trinitate plaza eraberritu zuen, harresiaren eraistea ospatzeko. Gantxegiren eraberritzearen 50. urteurrenean, Docomomo —Mugimendu Modernoko arkitektura ondarea hedatzeko erakundea— saria jaso du, eta plaka bat jarri dute plazaren sarreran.

Peña Gantxegik Madrilgo Arkitektura Eskolan ikasi zuen, eta Euskal Herrira iritsitakoan, mugimendu modernoen oinarriak aplikatzeko beharra ikusi zuen, betiere herriko tradizioa hondatu gabe. Hala, ezinbesteko erreferentzia izan da Euskal Herriko arkitekturan, 50eko hamarkadan lanean hasi zenetik, 2009ko apirilean hil zen arte.

Mario Sangalli arkitekto eta Luis Peña Gantxegi: el arquitecto como Lugar (Luis Peña Gantxegi: Lekuko arkitekto gisa) doktore tesiaren egileak esan duenez, «Gipuzkoari omenaldi bat egiteko egin zen plaza, gipuzkoarrak hiriburuan islatuta senti zitezen. Horrez gain, Donostian herri jolasak egiteko tokiren bat izateko helburuarekin egin zuen».

Peña Gantxegi arkitektoaren lehen obra garrantzitsuenetako bat izan zen Trinitate plaza, arkitektoak eraikitako lehen espazio publikoa izan baitzen. Eduardo Txillida eskultoreak Gantxegiren lana miresten zuen, eta mirespen horretatik elkarlanerako bidea hasi zen hamabost urte geroago: Peñak Ondarretako Teniseko Plaza egin zuen, eta Eduardo Txillidaren Haizearen Orraziaren atariko lana izan zen hura. Sangalliren esanetan, Trinitate plaza beharrezkoa izan zen ondoren etorri zen Teniseko Plaza egiteko, «Trinitate plazarik gabe, ezingo litzateke Teniseko Plaza azaldu».

Ezerezetik sortua

Jesuiten ikastetxe zaharra botatakoan, espazio hori libre geratu zen, eta, ondoren, pilotalekua eta bolatokia egin zituzten bertan. Gantxegik espazio hori birmoldatu zuen, euskal joko tradizionaletarako toki bat herritarren eskura jartzeko asmoz. Pilotalekuaren atzeko eta alboko hormen altuera murriztu zuen, Santa Maria ikusi ahal izateko, eta pilotalekuaren ondoan probaleku bat ireki zuen, harmailez inguratuta. Gainera, aurrekontua eskasa zenez, kalea asfaltatzeko erabilitako harriak erabili zituzten harmailak egiteko. Harmailek forma ezberdinak dituzte, eta mendi aldera luzatzen dira San Telmorekin bat egiteko. Horren aurretik zeuden eraikinak harmailak egiteko material berberez eginak zeudenez, harmailak naturaltasunez egokitu ziren espazio hartara, betidanik bertan egongo balira bezala.

Garrantzi historiko handiko plaza da Trinitatea. «Elementu aitzindaria izan zen Peñak egindako lana», dio Sangallik. «Haren helburua ez zen bertan zegoena suntsitu eta zerbait berria eraikitzea, aldez aurretik bertan zegoenari balioa eman eta hori aprobetxatzea baizik, eta hortik abiatuta tradizioa eta modernotasuna uztartu zituen, hori guztia, alde zaharrak babesteko ohiturarik ez zegoen garai batean». Gaur egun, alde zaharrek dituzten alderdi garrantzitsuak balioesten ikasi dugu, «baina Peña Gantxegi bezalako arkitekto aitzindariek erakutsi izan ez baligute, gaur egun ez genuke alde zaharrik izango», gaineratu du Sangalli arkitektoak. Hori zergatik? «Zaharkituak eta hondatuak daudenez, behera botako lituzkete, eta eraikin berriak egingo lirateke bertan».

Trinitatearen berezitasunetako bat Parte Zaharreko espazio publikoko hutsarte batean egindako lehen eraberritzea izatea da. «Oso plaza berezia da; ez du aldez aurretik ezarritako araurik jarraitzen, plaza nagusietan egiten den bezala. Trinitatea aldez aurretik inork planifikatu gabe eginda dago, aurretik zeuden natura eta arkitektura hondarrak aprobetxatuz. Horrela, zentzurik gabeko hutsarte bat nortasun propioa duen espazio publiko bihurtu zuen», azaldu du Sangallik.

Nagusiki, bi berezitasun aipatu ditu Sangallik Peña Gantxegiren lanaren inguruan: alde batetik, arkitektoak hasieratik tradizioa eta modernotasuna elkartzeko izan duen ardura, eta, bestetik, lekuko espezialista bat izan zela; bere lanak testuinguru bakoitzean joskera egokia izatea lortu zuen. Lehendik zegoenari onura eginez eta ekarpenarekin ere etekina ateraz lekuari.

Rocio Peña Luis Peña Gantxegiren alabak gaineratu duenez, espazio mota honetan egindako plaza aitzindaria da Trinitatea. Mugimendu modernoarekin beste mota bateko plazak sortu ziren, horren klasikoak ez direnak, Konstituzio Plaza bezalakoak, esaterako.

Espazio publikoez gain, etxebizitzak, ekipamendu publikoak, industriarako eraikinak eta beste egin zituen Gantxegik.

Urteetan aldaketa asko jasan ditu Trinitateak: bolatokia itxi dute burdin hesi batekin, futboleko ateen instalazioak egin dituzte, saskibaloiko saskiak, komun publikoak...«Sentsibilitaterik gabe eraberritu dute plaza», dio Sangallik.

Peña Gantxegiren alabak gaineratu duenez, «balio handia dauka plaza horrek, orain arte ongi bete ditu herritarren interesak, baina, gaur egun, oso aldatuta dago, eta ezin du inork estimatu. 1990. urtea txarra izan zen; halako jende bat plazan biltzen hasi zen, eta droga arazoak izan ziren bertan. Erabilpen txarra eman zitzaion plazari, eta kalte handiak jasan zituen. Espazio hori errekuperatzeko, aldaketak egin dituzte, eta jatorrizko lana hondatu dute, eta, horrela, hasierako zentzua galdu du plazak».

Aldaketek plazari onik ez diotela egin uste du, gainera, Rocio Peña Gantxegik: «Denetariko aldaketak jasan ditu plazak; nire ustez, ez du askoz gehiago iraungo, eta, bide horretatik jarraituz gero, nire aitak egindako lana dela esateari utzi beharko diogu».

Trinitateko Bizilagunen Elkartea pilotalekua estaltzeko eztabaidan ari da orain. «Aldaketa horiek guztiak oso kaltegarriak izan direla uste dugu, baina pilotalekua tapatzea plaza betiko hiltzea izango litzateke», esan du Sangallik.

Gasteizen, duela urte batzuk, eraberritze obra batzuk egin zituzten Peña Gantxegiren Foruen Plazan, egileak egindako jatorrizko lana berreskuratzeko. «Donostian ere gutxienez hori eska dezakegula iruditzen zait», dio Sangallik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.