Tronpa dardarka

Antzinako musika tresna bat da tronpa edo musugitarra. Euskal Herrian ere izan du bere tradizioa, baina isiltzear dago haren doinu berezia. Soinuenea fundazioak instrumentu horri buruzko jardunaldiak antolatu ditu, apirilaren 13rako.

Juan Mari Beltran musikari eta musika ikertzailea, tronpa esku artean duela. GORKA RUBIO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Oiartzun
2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

Ez da erraza soinua hitzez adieraztea. Onomatopeiak dardarka jartzea da aukera bat: «Ttin-ttin-ttin, ttin-ttin-ttikittin, ttin-ttin-ttin, ttin-ttin-ttikittin...». Definizio entziklopedikoa ematea da beste bat: «Tronpa edo musugitarra idiofono punteatua eta malgua da». Tresna deskribatzen saiatzea: «Metalezko giltza zahar baten itxura du. Itxi gabeko uztai sasi zirkularra. Muturretan, paraleloki bi beso ateratzen zaizkio kanpoaldera. Bi beso horien erdian, hatzarekin eraginez bibratzen duen altzairuzko mihi bat du». Nola jotzen den azaltzea: «Tronparen bi beso horiek ezpainen artean, hortzen kontra jartzen dira. Tresnaren mihiari eragitean, ahoa erresonantzia kaxa gisa erabilita eta beronen barruko espazioa aldatuz, tonu desberdinak lortzen dira». Eta badago azken aukera bat, egokiena: Soinuenea Herri Musikaren Txokora gerturatzea, Oiartzunera (Gipuzkoa). Eta galdetzea Juan Mari Beltrani: «Zer da tronpa?».

Soinu kutxa eder bat den etxe horretan ditu azalpenak gordeak, eta ematen ditu denak doinuz eta imintzioz. Azaldu du toki batzuetan metalezkoa dela eta besteetan banbu kanaberazkoa. Galizian birimbao, Italian scacciapensieri, Errusian truba eta Katalunian zanfonya esaten diotela,Europan guimbarda gisa, eta mundu zabalean jew’s harp (juduen harpa). Euskal Herrian? «Tronpa eta musugitarra dira gehien agertzen diren hitzak. Nire landa lanean tronpa jaso dut gehien. Musugitarra dokumentuetan-eta agertzen da. Tronperri zen Durango. Musumusika ere agertzen da. Tronpia ere bai», esplikatu du Beltranek. Ikerketa lan mardula dauka eginda tronpari buruz (ere). Beltranek dio Aita Donostiak orri beteko dokumentu batean egindakoak direla tronpari buruzko lehen aipamenak (1952). Zera azaltzen du han, besteak beste: Durangokoei (Bizkaia) tronperrikoak deitzen omen zietela goitizenez, bertan tronpak egiten zirelako, eta jo ere bai. XIX. mende hasieran Hernaniko (Gipuzkoa) plazan tronpa dantza izenekoa egiten omen zela, eta musikarien tresnak ematen ziola dantzari izena. Aita Barandiaranek Aita Donostiari kontatu omen ziola XX. mendearen hasiera Ataungo (Gipuzkoa) plazan jendeak «tronpen musikarekin» dantzatzen zuela.

Ez daude garai hartako aipu asko, baina ongi gordeak ditu Beltranek. Julio Caro Barojak egindako bat ere bada oso berezia (1971): Durangaldean, XV. mendean, Frai Alonso Mella izeneko erlijiosoak mugimendu heretiko bat antolatu zuen. Mugimendu haren partaideek tronpa jotzen omen zuten kale izkinetan jarririk, haien bileretarako dei gisa. «Inkisizioa atzetik omen zutelako, tronpa erabiltzen zuten elkarrekin komunikatzeko», zehaztu du Beltranek. Eta egin du jauzi aipuetatik pieza historikoetara. «Ia ezertxo ere ez edukitzetik, pieza ederrak izatera pasatu ginen denbora gutxian»: Amaiurko (Baztan, Nafarroa) gazteluan aurkitutako tronpa, Beloagako gazteluan (Oiartzun, Gipuzkoa) aurkitutakoa, eta Idiazabalgo (Gipuzkoa) artzain txabola batean topatutakoa, besteak beste. «Hemen dudan hau Idiazabalgoaren erreplika bat da [eskuartean hartu du]. Lontxo Ugartek topatu zuen. Atxurbi mendira bidean dagoen artzain txabola batean. Pareta zuloan zegoen. Artzainek hala edukitzen zituzten gordeak koilarak eta bestelakoak. Beraz, izan zen han inoiz artzain bat, tronpa jotzen zuena». 

Jose Peña, Juan Mari Beltranekin, Orioko (Gipuzkoa) Sarobe baserrian (1985).

Dokumentatuta dauzka joleak. San Telmo museoan dagoen tronpa batek ere eman zion informazioa. 1916an jasotako piezaren fitxan zera dio: «Gaur egun jada inor gutxik jotzen du tronpa. Ikaztegietako [Gipuzkoa] andre zahar batzuek baino ez». Beltranek berak egindako elkarrizketei esker jakin du Bedaioko (Gipuzkoa) J. A. Sarasola txistulariaren amak ere jotzen zuela tronpa (Patrizia Zubillaga), Urbiako artzain txabolako Izagirre-Murua familian ere jotzen zutela tronpa, eta Areson eta Baraibarren ere bai (Nafarroa).

‘Ttin-ttirrin, ttin-ttirrin’

Testigantzarik bereziena, dena dela, Orioko (Gipuzkoa) San Martin auzoko Sarobe baserrian Jose Peñak eman ziona da (1985): mutikoa zenean, bere etxera etortzen omen zen Aretxabaletako (Gipuzkoa) gizon handi bat, Nikolas Garmendia. Kontrabandoan, eskopetak konpondu, pistolak saldu eta horrela ibiltzen omen zen. Sarobe baserrian egon eta lo egiten zuen. Sukaldean bertan asko jotzen omen zuen eta oso ondo gainera, era guztietako kantuak eta dantzak. Tronpa handi bat zuen, hori kolorekoa. Bukatutakoan, kortxozko funda edo kaxa batean gordetzen zuen. «Guk ez dugu izan harremanik eta transmisiorik aurreko tronpa joleekin. Guk ez ditugu gure aurrekoak entzun jotzen. Bitarteko bat izango dugu: Jose Peña. Berak kantatu egin zigun Nikolas eskale hark jotzen zuen errepertorio guztia! Ttin-ttirrin, ttin-ttirrin… hasten zen, instrumentua imitatuz! Hori da daukagun transmisiorik zuzenena, eta oso inportantea da», hunkitu da Beltran. [Grabazioa jarri du]. «Artzaintza munduan asko agertzen da. Dantzarako dela ere askotan gelditzen da agerian. Sagardotegia, taberna, sukaldea… izan dira espazioak tronparako. Sukaldean jotze horrek ahalbidetu du nolabait emakumeak ere agertzea jole moduan, giro horretan, ingurune horretan, eta garai horretan. Ez horrenbeste plaza publikoan».

«Tronpak ez du izan albokak izan duen bilakaera, edo txalapartak izan duena. Gelditu da kolore berezia duen trazu baten modura. Soinu hori ezin baituzu egin beste ezerekin».

JUAN MARI BELTRANMusikaria eta musika ikertzailea

1960ko hamarkadan tronparen «pizkunde moduko bat» egon zela ere nabarmendu du Beltranek. Dantza taldeen eta folk musika taldeen eskutik, instrumentu tradizional batzuek indarra hartu zutela: txistua, txirula, dultzaina, alboka txalaparta, txanbela, tobera... eta tronpa ere orduan agertu zela. Aipatu ditu dantza taldeak: Argia, Goizaldi, Udaberri, Andramari, Ortzadar... Eta musika taldeak: Ez Dok Amairu, Sustraiak, Azala, Txanbela... Eta tronpa jotzaile bat: Edorta Agirre. «Tronpak ez du izan albokak izan duen bilakaera, edo txalapartak izan duena. Gelditu da kolore berezia duen trazu baten modura. Soinu hori ezin baituzu egin beste ezerekin. Tronparekin bakarrik egin dezakezu».

«Beste instrumentu batzuek sonoritate handiagoa zeukaten, eta aurrera egin zuten. Tronpa gurean berez desagertu zen, eta ez arrakastaz hil zelako. Ahanzturan erori zen, interesik sortzen ez zuelako».

EDORTA AGIRRETronpa jolea

Bat dator horretan Edorta Agirre: «Harrigarria da soinua; magikoa». Tronpa jotzaile donostiarra izan da instrumentu horren erreferentea Euskal Herrian. Akordatzen da oraindik noiz izan zuen haren berri: «Txalapartari buruzko dokumentazio bila jo nuen San Telmo museora. Luis Peñafiel, garai hartako La Perla kabareteko tronpetista, San Telmoko artxibategiko langilea zen. Haren bidez jakin nuen guimbarda izeneko instrumentu bat bazela». Aurrenekoak, Baionan erosi zizkioten: «Igeldoko parrokoari eskatu nion mesedea. Suediara zihoazen parrokiakoak. ‘Aukera baduzu, pare bat musugitarra ekarriko dizkidazu?’. Baionako denda ezagun batean saltzen zituzten, udaletxearen ondoan zegoena. Nahiko kaskarrak irten ziren, apurtu egin zitzaizkidan». Hasi zen teknika lantzen. «Tronpak, izan ere, ez du ahoarekin eta mingainarekin bakarrik funtzionatzen. Hauspoa ere behar da. Lortu nuen fandangoak eta arin-arinak jotzea. Autodidakta izan nintzen, ezinbestean, ez baitzuen beste inork jotzen».

Herriz herri ibili zen, batean eta bestean. Bolada «oso efimeroa» izan zela dio Agirrek: «Hamar bat urtez, asko jota. Horren erraz gora egin zuen traste sinple bat amiltzea oso erraza zen, errazena. Eta horixe gertatu zitzaion. Beste instrumentu batzuek sonoritate gehiago zeukaten, eta aurrera egin zuten. Gurean berez desagertu zen, eta ez arrakastaz hil zelako. Ahanzturan erori zen, interesik sortzen ez zuelako».

«Guk tronpa jole zaharrekin egoteko aukera izan dugu, eta euren jotzeko era ezagutu dugu. Transmisio hori gauzatu egin da».

FRANCIS OLIVIERGaliziako tronpan aditua

Ez da halakorik gertatu Galizian. Hasi Rias Baixas inguruan eta mendialderaino: «herrialde guztian» jo izan dutela dio Francis Olivier adituak. Eta oraindik ere aurkitzen dituztela aztarnak, eta badaudela aztarna biziak ere, tronpa jotzeko eta tronpak egiteko norbere era dutenak. «Lugoko mendialdean du indar gehien. Duela gutxi hil zen inguru hartako azken tronpa jolea, baina guk beraiekin egoteko aukera izan dugu, eta euren jotzeko era ezagutu dugu. Transmisio hori gauzatu egin da. Dokumentazioa sortu dugu: audioak, bideoak… Horrela eraiki dugu berriro tronpa». Eta jotzen du jendeak gaur egun ere, eta egiten dituzte lehiaketak. «Ez da batere erraza jotzea. Instrumentua norbera baita, eta tronpa bitartekoa. Ikastaroak ematen ditugu, ez bakarrik jotzeko, instrumentua nola egin irakasteko ere bai. Folk talde askotan jotzen da, eurenganatu egin dute». Landa eremuan sortu eta garatu da Galizian ere instrumentua: «Beste gauza asko bezala: geure hizkuntza bera, eta geure kultura bera. Landa eremua da horren guztiaren azken gotorlekua». 

Tronpa hizpide, apirilaren 13an, Oiartzunen

 

Soinuenea fundazioak Herri Musikaren XX. jardunaldiak antolatu ditu aurten. Tronpa edo musugitarra izango da oraingoan mintzagai izango duten instrumentua, eta egun osoko egitaraua prestatu dute apirilaren 13rako. Europako hainbat adituk hartuko dute parte: Alessandro Zolt eta Harm J. Linsen ariko dira Europako eta Asiako tronpen inguruan, hurrenez hurren. Francis Olivier eta Xoxe Vazquez Che Galiziako tronparen inguruan, eta Juan Mari Beltran tronpak Euskal Herrian izan duen tradizioaren inguruan. Arratsaldean, tronpa joleen kontzertua izango da. Besteak beste, Ramon Dopico galiziarra eta Edorta Agirre euskal herritarra ariko dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.