TXAPELA BURUAN. Amaia Uribe. New Yorken bizi den foruarra

«Trumpen Twiterri lotuta bizi gara»

New Yorkera turista gisa edota lanera joan oso desberdina dela nabarmendu du Uribek. «Idealizatuta dago hein batean». EITBren berriemaile lanak hango errealitatea ezagutzeko aukera eskaini dio.

BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun

Hiruzpalau urte zituela, ispiluaren aurrean koilara batekin «New Yorketik berriemaile Amaia Uribe» aritzen zela esaten du Amaia Uribe kazetariaren (Forua, Bizkaia, 1985) amak. 30 urte geroago, Uribe ametsa betetzen ari da AEBetan. EITBko kazetaria da, eta aitortu du ez zitzaiola erraza egin baietz esatea New Yorkeko berriemaile izatea proposatu ziotenean. «Familia guztia munduaren beste puntara etortzea aldaketa handia izan zen». Ez da damutzen hartutako erabakiaz: bi urte eta erdi daramatza han, eta hiriaz maiteminduta dagoela dio.

 

Bilboko egoitzatik New Yorkeko erdialdera badago aldea, ez?

Hala da, erredakzioko babesetik irten eta dena bakarrik egin behar izatea aldaketa handia izan zen. Teknologia berriek asko laguntzen dute horretan, baina hemen beste modu batera egiten dut lan. Albiste garrantzitsuetan lantalde bat izaten dut atzean, baina, normalean, eguneroko lana bakarrik egiten dut. Profesionalki, jauzi handi bat izan zen. Baina nabari dut urruti nagoela. Halaber, Euskal Herriko albistegietan azaltzeko, hemengo bizimoduaren kontrara doa nire ordutegia: 05:00etan esnatzen naiz goizeko zuzenekoak egiteko, eta 16:00etan bukatzen dut.

Zer esan nahi du kazetari batentzat New Yorkeko berriemaile izatea?

Lan asko. Trump boterean dagoenetik, albiste bolumen ikaragarria dago: egunero dago zerbait eta, gutxien espero duzunean, gerra bat piztu dezake. Haren Twitterrera lotuta bizi gara. Trumpek erraztasuna du komunikabideak une oro berari begira mantentzeko, badaki nola erakarri gure arreta. Horregatik, momentu oro albisteak sortzen ditu. Oso albiste garrantzitsuak dira.

Ardura sentitzen duzu?

Bai. Lan hau erronka bat da niretzat, baina, aldi berean, baita ardura bat ere. Batik bat oso gizarte desberdina delako. Horregatik, mikroaren aurrean nagoenean, beti saiatzen naiz ulertzeko errazak ez diren gaiak jendeari ahalik eta sinpleen azaltzen. Politika kontuak, osasun-sistema, ekonomia... dena da desberdina hemen.

Trumpen legegintzaldia, Pablo Ibarren kasua... Albiste garrantzitsuen berri ematea egokitu zaizu. Nola bizi izan dituzu?

Pablo Ibarren epaiketaren berri ematea oso berezia izan zen, markatu ninduen lan bat. Baina beste hainbeste gauza ere egin ditut: Trumpen muga zergen gerrak, urakan bat, koronabirusa orain. 2020ko lehen seihilekoaren laburpena egin nuen duela gutxi, eta ez dakit zer beste gerta daitekeen. Eta hauteskundeak gelditzen zaizkit. Ilusio berezia egiten didate.

Nolakoak espero dituzu?

Azkeneko inkestek diote Trump indarra galtzen ari dela, baina 2016an inkestek iragarri zuten Hillary Clinton izango zela presidentea. Itxaron egin behar da. Ekonomiak eragina izango du. Koronabirusak krisi ekonomiko larria utzi du, eta Trumpen indarguneetako bat ekonomia zen. Ikusi beharra dago ekonomia nola suspertuko den.

George Floyden hilketaren osteko istiluak izan dira azken gertaerak.

Jendea nekatuta dago. Ez baita behin gertatu: askotan gertatu da. Lehenagoko gertakariekin alderatuta, jendeak protestan jarraitzeko eta benetako aldaketak bultzatzeko gogoa du. Hiru aste igaro dira, eta egunero jarraitzen dute protestan. Oro har, baketsuak dira, ez dute arazorik nahi. Jendetsuak izan dira, hori bai. Adin eta jatorri guztietako jendea atera da kalera. Gizartearen zati handi baten borroka bihurtu da.

New York munduaren erdigunea dela esaten da. Barrutik ere hala da?

Atentzioa ematen duen hiri bat da; interes handia pizten du. Mundu osoa hiri bakarrean kontzentratua dago hemen. Kultur aniztasun handia dago. Nire semeak 2 urte zituen etorri ginenean; ikasgelan azal kolore guztietako lagunak ditu, eta berak ez du kolorerik ikusten.

Koronabirusaren krisiak nola eragin du?

New York jada ez da New York. Oso arraroa egin zait hainbeste mugimendu duen hiri bat bat-batean geldi ikustea. Isiltasuna entzutea. Manhattanen txoriak entzutea. Hiriak bere xarma eta izateko era galdu ditu.

Eta jendearen erantzuna nolakoa izan da?

New York burbuila bat da Estatu Batuetan. Hemendik kanpora irten beharra dago benetako Estatu Batuak zer diren jakiteko. New Yorken erantzuna oro har ona izan da. Estatutik estatura, baina, diferentzia handia dago. Hemen esaten da 50 herrialde direla bakarrean. Estatuz estatu errealitatea guztiz desberdina da. Asko nabari da aldea. Kazetari bezala, atsegin dut kontraste hori ikustea. Gauza desberdin asko kontatzeko aukera ematen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.