San Prudentzio jaiak

Tuntuna eta tronpeta soinua

Erretretarekin gaur iluntzean piztuko da festa Gasteizen. Bihar, tradizioak hala aginduta, San Prudentzio zaindariaren eguna ospatuko dute Armentiako zelaietan: meza, haurrentzako jolasak eta beste egongo dira.

San Prudentzio jaietako erretreta, iaz, Gasteizko udaletxean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
San Prudentzio jaietako erretreta, iaz, Gasteizko udaletxean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
unai etxenausia
2024ko apirilaren 27a
05:00
Entzun

Gaur da, iritsi da eguna; gasteiztarrek haien patroia festa giroan omentzeko eguna. «Tun-tuna eta tronpeta soinua gure patroiaren erretreta...». Gaurtik asteazkenera bitarte, arabarrek hainbat aldiz abestuko dituzten hitzak dira horiek, lurralde historikoaren zaindari San Prudentziori eskainiak. Bihar da hura omentzeko egun handia, baina, tradizioak hala aginduta, gaur iluntzean hasiko da festa, erretretarekin.

Asko eztabaidatu da erretretaren jatorriari buruz, hainbat bertsio baitaude haren jatorriaren inguruan. Batzuek uste dute Erdi Aroan duela jatorria; beste batzuek, berriz, Napoleonen inbasioaren garaian egiten zutela. Baina guztiek bat egiten dute duela mende batzuk harresiko ateak ixtera zihoazen seinale zela. Berriagoa da danborradaren tradizioa. Halere, 1975etik, Gasteizko danborradak hiriko erdiguneko kaleak zeharkatu ditu urtez urte San Prudentzio egunaren bezperan. Biharkoa eta gaurkoa dira egun handiak, baina ospakizunaren iragarpena aldez aurretik egiten da. Izan ere, tradizioa da zaindariaren jaiak egun handia baino egun batzuk lehenago hastea, eta asteburu osoan luzatzea.Teresa Ibañez Axpe aktoreak asteazkenean irakurri zuen pregoia.

Diputazioko Ana Del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua arduratu da zaindariaren jaiarekin lotutako jarduera guztiak aurkezteaz. Hark nabarmendu duenez, «beste behin ere jaia bera ospatzeaz gain, alaitasuna, dantza, adiskidetasuna, lagunartea, otorduak, musika, tradizioa, espiritualtasuna, sentimendua esan nahi duen guztia» ospatuko dute arabarrek: «Tradizio handiko jaia da, baina tradiziotik harago, tokiko kultur sektorea proposamen berriekin lagundu nahi dugu: jaiak belaunaldien artekoak izateko eta publiko guztiekin konektatzeko, denboran iraun dezaten, horixe baita mekanismorik onena».

Urtero legez, eskaintza zabala da. Udalaren Folklore Akademiako kideek udaletxeko balkoitik joko dute erretreta gaur, 20:00etan. Ordubete geroago, Probintzia plazan jarraituko du jaiak; izan ere, hiriko tronpeta jotzaileek eta atabalariek ikuskizuna eskainiko dute aldundiaren jauregiko balkoitik. Are, erretretako joaldien artean, Indarra dantza taldearen ikuskizuna ere izango da. Ondoren, hiriko gastronomia elkarteek danborrada egingo dute alde zaharrean eta erdialdeko kaleetan, 23:30ean. Azkenik, eguna borobiltzeko, Joselu Anaiak taldeak kontzertua eskainiko du Arka kaleko plazan. Gaurko ekintzetara bertaratu ezin duenak ETB1en zuzenean ikusteko aukera izango du; erretreta lehenik eta danborrada ondoren, biak emango dituzte.

Egun handia Armentian

Gaurko gau luzearen ondoren, bihar ospatuko dute egun handia Armentiako zelaietan. Ohikoa da San Prudentzio egunean euria egitea. Aurten, zerua lainoz estalita egongo dela iragarri dute, eta baliteke euria egitea. Nahiz eta arabarrentzat euria sekula ez den oztopo izan.

Urtero bezala, mezarekin hasiko dute eguna. Amaitu bezain laster, 12:00etan, ohorezko aurreskua dantzatuko diete Arabako agintari politiko gorenei. Jarduera horien ondoren hasiko dira adin guztietako herritarrentzako antolatutako ekintzak. Euskal dantzak, haurrentzako jolasak eta herri kirolen erakustaldia izango dira eguerdian. Arratsaldean, 18:00etan, ENZISK2 erromeria taldeak kontzertua emango du.

Armentiakoa amaitzen denean, Gasteizko erdigunea girotuko du haurren danborradak. Armentiako zelaietatik jaitsi ondoren, hiriburuko erdiguneko kaleak girotuko dituzte 150 haurrek. Ibilaldia Probintzia plazatik abiatuko da, eta txokolate jatearekin amaituko da, Plaza Berrian.

Hainbeste egunen ondoren, asteazkenean agur esango diote San Prudentziori, Estibalizko Andre Mariaren egunean. Goizean goiz, erromeriak lagunduta, Estibalizko santutegira igoko dira arabarrak. Bertan, patata-tortilla lehiaketa, herri kirolak eta aurresku zein dantza txapelketak izango dira, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.