Turismo bidaietatik haragoko eskaintza

Hainbat zerbitzu eta ikastaro eskaintzen ditu Easo Flyers enpresak; pilotatzen irakasten dute, besteak beste

Hondarribia
2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
2007an sortu zuten Easo Flyers enpresa Jorge Capdequi eta beste pilotu batek, «krisiak eraginda». Bost urtean, «5.000 ordu baino gehiago» egin dituzte airean bi pilotuek, bidaia turistikoak egiten, eta «15.000 pertsonatik gora» eraman dituzte hegazkinean. Hainbat ibilbide eskaintzen dituzte, baina jendeak gehien eskatzen duena Gipuzkoako kostaldetik barrena egiten dutena da, Capdequiren esanetan. «Larrun-Txindoki-Ernio-Zumaia ibilbidea ere gero eta gehiago egiten dugu; mendia eta itsasoa ikusteko aukera ematen du, eta ikusgarria da».

Dena den, Easo Flyersen eskaintza bidaia turistikoetatik harago doa. Izan ere, Capdequi eta haren kidea, pilotu komertzialak izateaz gain, hegaldi irakasleak ere badira. Hainbat ikastaro eskaintzen dituzte, hortaz. Pilotatzen ikasteko, esaterako, bi ikastaro dituzte: oinarrizko jakintza jasotzekoa eta pilotu pribatu izatekoa. Eskola teorikoak eta praktikoak ematen dituzte.

Kristalezko kabina deritzon sistema pilotatzeko ikastaroak ere ematen dituzte, gero eta hegazkin gehiagok erabiltzen baitute. «Simulagailuak erabiltzen ditugu horretarako, aireratu aurretik ikasleak apur bat treba daitezen», azaldu du Capdequik. Simulagailua erabiltzen dute hegazkineko laguntzaile ikastaroak emateko ere.

Horrez gain, beste hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Easo Flyersek, aireko argazkilaritza kasu. Argazkiak ateratzen dituzte hegazkinetik, gero saltzeko. «Iazko uholdeetan esaterako, guk airetik ateratako argazki bat egunkarietako azala izan zen». Publizitate pankartak ere garraiatzen dituzte hegazkinarekin.

Beldurra kentzeko ikastaroa

Ikastaro eta zerbitzu eskaintza zabala du Easo Flyersek. Hegan egiteko beldurra kentzeko ikastaroa da, beharbada, jendea gehien harritzen duena. Psikologo batek eta pilotu batek ematen dute ikastaro teorikoa, hamabi orduz osatua. Eta, ondoren, ikasleek hegaldi bat egiteko aukera dute. Hori bai, borondatezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.