Turismo hitza aditu, eta sarri pentsatu ohi da atzerrira bidaiatzearekin. Baliteke kanpokoa bertakoa baino hobeki ezagutzea ere. Baina ez da urrutira joan beharrik inguru ederrez gozatzeko eta eraikin historikoak ikusteko. Horregatik, bertakoek Euskal Herria hobeki ezagut dezaten, Nire Euskal Herria bisitatzen dut egitasmoa antolatu dute gaur eta biharko. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 45 tokitan sarrera doakoa izanen da, edo bi sarrera baten prezioan. Horretarako, aurretik txartela inprimatu behar da www.jevisitemonpaysbasque.fr webgunean.
BAIONAKO EUSKAL MUSEOA
Jatorria eta oraina
Errobi ibaiaren ertzean, Marengo zubia igaro ondoren, han da Baionako Euskal Museoa. Euskal gizartea hobeki ulertzeko tokia da. «Euskal gizartea aspaldi nolakoa zen jakitea, eta gaur egun ere zer geratzen den», hori da helburua, Argitxu Errotabehere museoko langileak zehaztu duenez. Horren erakusgarri da bertako erakusketa iraunkorra. Bilduma orokorra 25 aretotan banaturik dago, gaika sailkatutako guneetan. «Euskal Herriko gai anitz: artzaintzaren bizia, hilerriak, etxea, altzariak, eskulangintza, pilota, dantzak, erlijioa, itsasketa... bada Baionari buruzko zati bat ere». Gai horien inguruko informazioa hainbat elementuren bitartez lor liteke: margoak, eskulturak, tresnak...
Bisitariei dagokienez, batik bat kanpotarrak izaten dira: «Kanpoko turistak dira nagusi, baina mundu osokoak, ez bakarrik frantses edo espainiarrak. Etortzen dira Euskal Herria eta euskal gizartea zer den ulertzeko». Kanpoko zein bertako, denak dira ongi etorriak. Museoko sarreran izkiriaturik den mezuak hala dio, behinik behin: Hemen sartzen dena bere etxean da.
Ohiko erakusketaz gainera, asteburuan bisita egiten dutenek Belharra uhinari buruzko argazki erakusketa ikusiko dute. «Argazki izugarri ederrak dira uhin handi horrekin», dio Errotabeherek. Eric Chauche, Gregory Rabejac eta Sylvain Cazenaveren irudiak biltzen ditu erakusketak.
Programa: Gaur eta bihar irekiko dute, 10:00etatik 18:30era, eta sarrera doakoa izanen da.
TXOKOLATEAREN MUSEOA
BISITA GOZOA
Museo batean sartu, eta lehenbiziko gauza, txokolatea dastatu. Bisita gozoa eskaintzen du Miarritzeko Txokolatearen Museoak (Lapurdi). «Euskal Herriko historia eta txokolatearena estuki loturik daude», diote museoko kideek, baina ez dute gehiago zehazten. Horretarako, bertara joan beharra dago.
Txokolatea dastatu, eta 15 minutuko bideo batek kakaoaren hazien eta txokolatearen bilakaeraren berri ematen du. Txokolatea nola egiten zen eta gaur egin nola egiten den jakiteko modua ere bada museoa bisitatzea. Moldeak, kutxak, makinak, txokolate eltzeak eta plaka esmaltatuak daude. Horrekin batera, txokolatez egindako eskulturak dituzte.
Serge Couzigou txokolategileak sortu zuen museoa, bere pasioa ahalik eta jende gehienarengana gerturatzeko asmoz. Marne karrikako laugarrenean ireki zuen, 1996an. Han bildu zuen 300 metro koadro inguruko bilduma pribatua. Harrera oso ona izan zenez, gero Beaurivage etorbideko 14.era aldatu zen. Tokia bikoitza zen, 600 metro koadrokoa, eta etxea berezia. Izan ere, Euskal Herriko txokolate etxe garrantzitsuenetako bat zen: Henriet txokolatea egiten zuten antzinako lantokia.
Orain, bisitak ez ezik, tailerrak egiteko aukera ere eskaintzen du museoak: txokolatea egiten ikasteko eta txokolatearekin margotzeko, adibidez. Bisitak hasi bezala bukatzen dira: txokolatea janez. Azkena beroa da, eta modu tradizionalean prestatua.
Programa: Gaur bi sarrera eskuratu daitezke baten prezioan (6,50 euro), betiere egitasmoaren txartela erakutsiz gero. Museoa irekita egonen da 10:30etik 15:00ak arte, eta bisita 45 minutukoa da.
ARNAGA ETXEA
Famatuen bigarren etxea
Edmon Rostand egile ospetsuaren etxea bisitatzeko aukera dago Kanbon (Lapurdi). Jauregi handia da, bi lorategi erraldoirekin: bata ingelesa eta bestea frantsesa. Jauregia, berriz, euskal estilo berrikoa dela esaten da, teilatua alde batetik luzeagoa delako. Txomin Laxalt kazetariak aldizkari askotan idatzi du Euskal Herriko txokoen inguruan. Haren aburuz, hori ez da estilo bat. «Baserritarrek teilatua luzatzen zuten etxea handitzean alde batetik egiten zutelako, baina ez da naturala». Dena dela, Rostandek 1906an etxea eraiki aurretik, planoak egiteko Lapurdiko etxaldeak bisitatu zituen.
Laxaltek gogorarazi du Arnaga etxea dagoen muinoan, lehen erreka bat zegoela. Baina izena Arraga zuen. «Edmondek aldatuko zion izena, ez dakit zergatik». Izena gorabehera, tokia bisitatzea merezi duela uste du. «Historia interesgarria da, zeren artistak oporretan Arnaga-ra etortzen baitziren: Sarah Bernhardt aktorea edo Jean Cocteau idazlea, kasurako». Lorategiak goraipatu ditu, eta liburutegia nabarmendu du kazetariak. «Kristorena» dela dio: «Altxor bat da barnean». Azaldu duenez, garai hartan modan zegoen Lapurdiko kostaldea.
Programa: Gaur bi sarrera eskuratu daitezke baten prezioan (8 euro). Bisitak ordu eta erdi irauten du, eta bisitak 09:30etik 12:30ak arte edo 14:00etatik 18:00etara egin daitezke.
URTUBIA GAZTELUA
Familia baten bilakaera
«Gaztelu pribatua da, baina familia historia oso garrantzitsua du, oraindik ere bertan bizi baitira». Patricia Caricastenak dira hitzak. Gazteluko bisitak gidatzen ditu hark, eta ongi ezagutzen du ingurua. Erdi Aroko noble familia bat da Urtubia. Eraikina 1341ean eraiki zuten Urruñan (Lapurdi), baina ordutik asko aldatu da, XVI. eta XVIII. mendeetan zabaldu baitzuten. Zaila da batzuetan zer noizkoa duen lehen begiratuan atzematea.
Bisita bi zatitan egitea da ohikoena. Alde batetik, lorategi ingelesa dago, kapera txiki bat duena. Bestetik, eraikina. Hiru gune nagusi ditu: jantokia, egongela handia eta egongela txikia. Han XVI. eta XIX. mende arteko altzariak eta tapizeriak ikus daitezke.
Sendabelarrei buruzko erakusketa bat ere bada. «Oraingoz, paperean eta bideoetan ditugu, baina aurki landatuko ditugu —udarako edo—. Izan ere, marrazkian ongi daude, baina lorategian ikustea beste gauza bat da», dio bisiten gidariak.
Programa: Gaur bi sarrera eskuratu daitezke baten prezioan (7 euro). Bisitak ordubete irauten du, eta irekia da 10:30etik 12:30era, eta 14:00etatik 18:30era.
APEZPIKUEN PRESONDEGIA
Ez zituzten apaizak atxilotu
Donibane Garaziko Zitadela karrikan izen bitxia duen museo bat dago: Apezpiku delakoen presondegia deitzen dute orain. Izan ere, espetxea izan zen, bai, baina ez zituen apezpikuak gatibu. Gaizki ulertu baten ondorioa da.
Mendebaldeko Zismaren garaian, XVIII. mendean hirian apezpikuen egoitza bat izan zen Avignongo Aita Sainduak eskatuta. Laborde izan zen geratu zen azkenengo apezpikua. Presondegiaren pareko etxearen izena ere hala zen, Laborde.
XX. mendean etxea eta apezpikua lotu zituzten, Laborderen etxea zelakoan. Presondegia ere apezpikuena zela pentsatu zuten, eta hortik heldu da izena. Baina presondegia ez zen apezpikuena, eta presondegian ez zituzten apezpikuak giltzapeturik. «Izena polita da, eta kondaira hor da, baina ez dago loturarik presondegiaren eta apezpikuen artean», azaldu du Florence Steunou Donibane Garaziko turismo bulegoko langileak. «Oso interesgarria da XIII. mendeko zatia bisitatzea, ganga bat da, eta goiko zatian Erdi Aroko Done Jakue bideari buruzko erakusketa dago». Esan duenez, XIII. mendean ganga salgaien biltokia zen. Ondoren presondegi izan zen, XVIII. mendetik aurrera. Historia gertuenean funtzio bera izan zuen: «II. Mundu Gerran, Espainiara joaten saiatu zirenak bertan giltzapetu zituzten».
Programa: Gaur eta bihar sarrera doakoa izanen da. Irekita egonen da 11:00etatik 12:30ak arte goizez, eta 14:30etik 18:30era arratsaldez. Bisita: 30 eta 60 minutu artekoa.
OSPITALEPEKO ELIZA
Bidaia Erdi Arora
Donejakue bidean da Ospitalepea (Zuberoa). Bide nagusitik ez, Okzitaniako Tolosako bidea beste hiru bide nagusiekin lotzen dituen bigarren mailako ibilbidea da. Han, 1998an Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen eliza bat dago, XII. mendekoa.
Eliza erromanikoa da, baina badu bereizgarri bat: kupula estilo arabiarrekoa da. Horregatik da interesgarria, Txomin Laxalten aburuz. «Interesgarria da ikur sinbolikoak daudelako. Adibidez, saretak, leihotxo arabiarrak, elizaren adierazgarri dira», azaldu du.
Beste bereizgarri bat, Zuberoa eta Biarnoko abeltzainek urtero otsailean egiten duten erromesaldia da. Han behien isatsei moztutako ileak erre egiten dituzte animaliak babesteko erritualean.
Gaur, argi eta soinu ikusgarria izanen da. Bidaia Erdi Arora. Garai hartako erromes baten urratsei jarraiki, euskal kantuek eta paretetan proiektatuko irudiek ibilbide magikoa sortuko dute.
Programa: Bi baten prezioan (5 euro). Bisitak ordubete inguru irauten du, eta 11:00etatik 15:00ak arte sartu daiteke.
MIARRITZEKO ITSASARGIA
Ikuspegi zoragarria
Miarritze (Lapurdi) eta inguruak ikusteko toki aparta da San Martin lurmuturraren bazterrean zutik den itsasargia, itsasoaren mailatik 73 metrora. 360 graduko panoramika. 1830. urtean hasi ziren eraikitzen, eta lau urte geroago bukatu. Dena den, 1950ean zabaldu egin zen, elektrifikatzeko, eta handik 30 urtera automatizatu egin zen. Argira ailegatzeko 248 eskailera igo behar dira.
Ikuspegi zoragarria eskaintzea, baina, ez da itsasargiaren zeregin nagusia. Aturri ibaia itsasoratzen den tokiaren berri ematen du, eta Baionako portua gertu dagoela jakinarazi. Horretarako, itsasargi bakoitzak modu berezian botatzen du argia. Miarritzekoak argi lausoa botatzen du, hamar segundoero bi dirdai zuri eginez. Argia 48 kilometrora ikus liteke.
Programa: Sarrera doakoa da gaur. Bisita 30 minutu, 14:00etatik 18:00etara bitarte egin daiteke.
Turismoa etxeko zapatilekin
Bertako turismoa sustatzeko egitasmo bat antolatu dute Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: 45 gune turistikotan sarrerak doan edo prezio erdian eskura daitezke. Helburua, herritarrek bertakoa ezagutzea da. Gaur da eskaintzarik zabalena, baina bihar ere izanen da zer eginik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu