Turismoa, gertukoago eta merkeago

Teknologia berriekin herriak ikusteko moduak aldatu dira. Gero eta gune gehiago daude besteen etxeetan ostatu hartu, etxeak trukatu edota bidaia lagunak bilatzeko. Ostalariak, baina, zerbitzu batzuekin kexu dira.

BERRIA.
Iker Tubia.
2015eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bidaiatzeak ez du zertan garestia izan. Ez du zertan izan ohiko hotel edo ostatua hartu, eta turismo bulegoan aholkua eskatzea. Hamaika modu dago bidaiatzeko, eta Internetek aukerak zabaldu egin ditu. Hala, gero eta hedatuago dago besteen etxeetara joateko aukera, edo ostatuaren truke nork bere etxea eskaintzea.

Modu errazean egiten dira halako bidaiak. Badira sare sozialak, eta badira zerbitzu horiek eskaintzen dituzten webguneak eta sakelakoetarako aplikazioak. Klik batzuk aski dira bidaia berezi bat egiteko. Gainera, halako webguneak seguruak izaten dira, baita ordainketak egiteko tenorean ere.

Egoera horrek zalantzan jarri du orain arte turismoaren sektorean nagusi ziren negozioen monopolioa. Gainera, esperientzia bereziak izaten dira, jende berria ezagutzeko aukera izaten baita. Bestalde, ohiko negozioek ere aldaketak egitera behartu ditu sareak. Bisitaria hoteleko atetik atera ondoren, bere iritzia plazaratzeko aukera izaten du. Beraz, Interneten haien negozioei buruz dauden aburuak kontuan hartzea beharrezkoa izaten da.

AIRBNB

Merkeago bidaiatzeko modu bat da beste baten etxera joatea. Bisitatu nahi den tokian ezagunik bizi ez bada, badira pisuak alokatzeko aukera ematen duten webguneak. Horietan arrakasta handia lortu du AirBnb guneak. Hark harremanetan jartzen ditu ostatua nahi duen pertsona eta ostatua eman dezakeena.

Bea Martinezek aurten erabili du lehenbiziko aldiz, eta oso kontent dago esperientziarekin. Londreserako bidaia merkeago egitea zen haren helburua, eta lortu zuen. «Aurrezteko asmoz hartu genuen, honekin sukaldea duzulako, eta apartamentu osoa delako», azaldu du. Ez da aukerarik merkeena, baina hotel batera joatea baino gehiago bai.

Halako pisuak aurkitzeko, web orrian sartu, izena eman eta bilatu baizik ez da egin behar. Hainbat aukera izaten dira, eta ostatua ematen dutenekin zuzenean hitz egin daiteke mezu bidez. «Tratua oso ona izan zen», azaldu du Martinezek. Hala ere, alde txar bat ere badu: ostatu emaileak aukera du hitzartutakoa deuseztatzeko. «Dirua itzultzen dizute, baina presaka eta korrika beste bat bilatu behar duzu».

Horrelako turismoa oraindik ez da erabat errotu Euskal Herrian, baina gora doa. Hori dio Donostian AirBnb bidez pisua alokatzen duen lagun batek. Ez du izenik eman nahi izan, lege aldetik egoera ez baitago argi, linbo moduko bat dela dio. Hiru urte eman ditu bere pisua AirBnb bidez alokatzen. «Orain arte oso esperientzia ona izan dut; mota askotako pertsonak datoz». Azaldu duenez, ostatu hartu dutenen iruzkinak onak badira, norberaren etxeak gora egiten du bilaketetan, eta horrek bezero gehiagorengana ailegatzeko aukera ematen du. Horregatik aukeratu zuen. «Jendea aukeratzerakoan, kontuz ibiltzen saiatzen naiz. Hirugarren urtea izanda, ez dakit zenbat iritzirekin, beraz, jada nik aukeratu dezaket etxean nor hartu».

Hala ere, bada arazo bat: legea. AirBnb gunean etxea duen donostiarrak dioenez, Eusko Jaurlaritzako legedia ez da argia. Londresen legezkoa da, baina hemen ez. «Eusko Jaurlaritzak eskatzen du lehenengo solairuan izan behar duela, ezin dela izan norberaren lehen etxebizitza... Eskatzen dituzte bete ezin diren gauza asko». Londresen dauden egoeran baleude administrazioak zergen bidez diru gehiago lortuko lukeela uste du. «Nahiago nuke dena erregulatzea, jabeek errazago alokatuko luketelako, baina orain arte [politikariek] ez badute ezer egin, ez dut uste egingo dutenik».

BOOKING

Booking eta halako guneen bitartez, errazagoa da hotel eta ostatu merkeenak aurkitzea. Izan ere, haien bilatzaileen bitartez hori da eskaintzen dutena.

Nafarroako Ostalarien Elkartea ez dago ados Interneteko bilatzaile horiek eskaintzen dituzten aukerekin. Nacho Calvo abokatua eta elkarteko idazkari nagusia da. Esan duenez, ostatu zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak ez daude AirBnb, Booking eta halakoen aurka, baina egoera ez da bidezkoa: «Ez dugu apartamentuak ixteko eskatzen, baina Nafarroan araudi bat dago, eta hori bete behar dute. Guztiontzako berdintasuna eta justizia behar dugu».

Azaldu duenez, turismoa merkaturatzen bada —AirBnb, kasu— edo beste webgune batzuetarako gonbita badago —Booking—, ez diote araudiari men egiten ez badago berariazko arautzerik. Baina Nafarroan bada halako lege bat.

TRIPADVISOR

Bookingen antzekoa da TripAdvisor gunea. Horretan, baina, garrantzitsuagoak dira ostatuan izan direnek utzitako iruzkinak. Horien arabera egin dezake aukeraketa erabiltzaileak.

HOME FOR HOME

Beste baten etxera joateko aukera horretan ordaindu egin behar da ostatua hartzeagatik. Bidaia are merkeagoa ateratzeko, etxearen truke nork bere etxea eskain dezake. Hori da Home for Home, Intervac eta halako guneek eskaintzen dutena. Haietan izena eman, nork bere etxea aurkeztu eta gainerako eskaintzei mezua bidaltzeko aukera ematen dute. Zerbitzuagatik ordaindu beharra dago.

Euskaldunak ere ibiltzen dira etxe trukean. Haietako bat da Amaia Carrion. Jada hamabost aldiz bidaiatu du modu horretan Ingalaterrara, Eskoziara, Irlandara, Frantziara, AEBetara, Quebecera, Austriara, Alemaniara eta Herbehereetara. Normalean, familia osoa joan izan da. «Hasi ginenean, aldizkari baten bidez egiten genuen, baina gerora Internet bidez egin zitekeen dena», esan du.

Esperientzia onak izan dituztela azaldu du: «Aldi oro ezberdina da, baina beti topatu dugu borondate ona eta konfiantza». Modu horretara bidaiatzea merkeagoa da, etxeagatik ez delako ordaintzen, eta otorduak ere bertan egin daitezkeelako. Horri esker, egonaldi luzeagoak egin daitezke, bi edo lau astekoak. Ez da soilik sos kontua, baina: «Bertako baten etxean egoteak helmugara gerturatzeko beta ematen dizu, eta, turista izaten jarraitu arren, bertako ohituretara pixka bat gehiago hurbiltzen zaitu».

Alde txarrik ere izan dezake. Alde batetik, konpromiso handia eskatzen duela dio, etxera heldu direnak gustura egon behar dutelako. «Horrek lana eskatzen du». Bestalde, etxe trukea aukera ona da opor luzeak egiteko, baina betiere askorik mugitu gabe: «Leku batetik bestera saltoka ibili nahi baduzu, agian ez da aukerarik egokiena izango».

Aholku pare bat ere eman du Carrionek. Alde batetik, konfiantza izan behar da etxean geratuko direnekin. Bestetik, malgutasuna: «Leku oso zehatz batera joan nahi izanez gero, baliteke zure etxera etorri nahiko duen hango inor ez topatzea».

Etxe trukean, gainera, legea alde dutela uste du Calvo abokatuak. «Hori elkarlaneko ekonomia da, batek besteari etxea uzten diolako; hor ez dago etekinik», azaldu du. Hori azaltzeko, adibide bat jarri du: Uber eta BlaBlacar. «Uberrek legez kanpoko garraioa egiten du, eta BlaBlaCarren ordaintzen duzu bidaia, eta webguneari, manten dadin, noski; inork ez du dohainik lan egiten».

THE TRIP TRIBE

Norbaiten etxera joanda, hango jendea ezagutu eta haien aholkuei jarraiki bidaia aberasgarriagoa izan liteke. Badira, baina, beste aukera batzuk. Adibidez, nonbaitera joateko gogoa izan, baina bakarrik joateko gogorik ez dutenek The Trip Tribe eta halako zerbitzuak erabil ditzakete. Bidaiazaleen sare sozial handi bat da, eta bertan bidaia laguna bilatzeko aukera dute erabiltzaileek.

Profila sortu, nork bere zaletasunak eta bisitatu nahi dituen tokiak zehaztu, eta antzeko profilak bilatzea da helburua. Beraz, bidaia bera egin nahi duen pertsonaren profila irakurriz pentsa liteke pertsona hori egokiena denetz. Baina badu alde txar bat: webguneak eskaintzen dituen bidaiak egin behar dira; haiek antolatutakoak, alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.