Euskal Herriko zein atzerriko hainbat txokotara oporretan joateko aukera ugari eskaintzen ditu Navarturrek, turismoari eskainitako azokak, Iruñeko Baluarten. Norvegiako fiordoak, Zetaren Bidea, Israel, Txile, Argentina eta Kataluniako kostaldera joateko eskaintzak aurki daitezke. Baina, hain urrutira joan gabe ere, gure ingurua ezagutzeko aukera franko ere bada: Plazaolako naturbidea, Estellerriko artea eta ardandegiak, eta Nafarroako Pirinioak.
Bidaiatzea gustuko duenak topatuko du oporretara joateko tokiren bat Iruñean, Navartur Nafarroako Turismoaren Nazioarteko Azokan. Ostiralean zabaldu zuten azoka, eta gaur itxiko da, arratsaldeko zortzi eta erdietan. Oraindik oporretara nora joan erabaki ez duenak, ideia eta gomendio franko aurkituko du hamaika eta erdietatik aurrera.
Turismoan ere krisi hitza entzuten den arren, Navarturrek eskaintza handitu egin du. «Aste Santuko oporretan edo udakoetan pentsatzen ari direnentzat egokia da azoka. Ideiak bildu eta adituekin eskaintzak ikusteko aukera da», dio Luis Cortes azokako zuzendariak.
Ez da turismoa defendatzen duen bakarra. Nafarroan turismoak gero eta garrantzi handiagoa duela azpimarratu du gobernuak. Datuak ere eman ditu hori baieztatzeko: 29.000 lagunek lan egiten dute sektore horretan herrialdean, eta 668 milioi euroren diru sarrera ematen du, Nafarroako BPGaren %6. «Sektore bizia da, eta azken urteetan asko hazten ari da», Jose Luis Sanchez de Muniain Kultura eta Turismo sailburuaren arabera. Hurrengo urteetako apustua eskaintza atzerrira zabaltzea izanen da. Izan ere, gero eta gehiago dira atzerritik Nafarroara etortzen diren turistak. Joan den urtean 102.392 turista etorri zen herrialdera, eta horietatik 13.310 izan ziren atzerritarrak, aurreko urtean baino %13 gehiago. «Nazioarteko turismoa da apustua, hor dago Nafarroako turismoaren etorkizuna».
Krisiak uzten dionak urteko unerik goxoena —oporrak, alegia— prestatzeko azken aukera du gaur.
Urte batzuk azokara etorri gabe egon eta gero, Norvegia da aurtengo aukeretako bat. Europa iparraldeko herri horrek itsas-bidaiak eskaintzen ditu herrialdeko fiordoak ezagutzeko, edota naturaz patxadaz gozatzeko. Aukera garestia izan arren, nafarren artean harrera ona izaten ari da.
Bertatik bertara
Hain urrutira joan gabe, gure mugen barruan, bertatik bertara, aisialdirako aukera franko badira azokan. Estellerriko ardandegiak eta ardoak ezagutu eta dastatzeko aukera, kasurako. Hamasei ardandegi daude, eta Nafarroan hiru jatorri izen biltzen dituen eskualde bakarra da. Kilometro gutxian Errioxako eta Nafarroa ardoen sor-markez gain, kaba ardo aparduna ere aurki daiteke Mainega ardandegian. Azokan enoturismorako aukerak proposatzen dira. Egunotan ardo dastatzeak egin dira, eta gaur bisitariek ardoa eta boilurra nola uztartzen diren dastatzeko aukera izanen dute, bien arteko ezkontza saio bat izanen delako eguerdian. Iparralderago joanda, azokan Plazaolako partzuergoaren eskaintza ere bisita daiteke. Plazaolako trenaren ibilbidea baliatuta, Lekunberritik (Nafarroa) Andoainera (Gipuzkoa) 44 kilometro bizikletaz egiteko aukera eskaintzen du. Orain eskaintza berri bat jarri dute familia eta taldeentzat: bizikleten alokairua, itzulerako garraioa eta bazkaria 30 euroan lortzeko aukera eskaintzen du. Taldean etortzen ziren lagun askoren eskaera zen, eta orain Lekunberri Plazaolako tren geltokiko kantinan egin daiteke aukera. Horrez gain, partzuergoak natur bidea Iruñeraino ekartzeko egitasmoarekin jarraitzen du. Udarako, moldaketa lanak bukatuta, San Migeltxotik (Mugiro) Irurtzunera doan zatia irekiko dute, beste sei kilometro eta erdi. Hortik Iruñerainoko bidea egiteko proiektua onartu da, baina oraindik lur desjabetzeak egin behar dira, eta finantzaketa ere lortu behar da. Etorkizunera begira, Iratiko eta Bidasoako natur bideekin lotu nahi lukete Plazaolakoa. «Europan zikloturismoan erreferente izateko», dio Maitena Ezkutari Plazaola partzuergoko kudeatzaileak. Horretarako, Nafarroako Gobernuari sustapen laguntza gehiago eskatu dizkiote.
Ibilbide historikoak
Bizikletak askorako ematen du, eta Basartea enpresak ere bere eskaintza egin du azokan. Baluarte plazan hainbat burrikleta (txirrindula elektriko) jarri ditu. Nafarroako Mugairi eta Arren bizikletaz eduki kulturala duten sei ibilbide egiteko aukera eskaintzen du. Bizikletak duen nabigatzaileak esaten dio txirrindulariari nora joan, eta entzuteko gidak bisitatzen ari den inguruari buruzko informazioa eskaintzen du lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Bizikleta, kaskoa eta entzuteko gida egun osorako alokatzeak 30 euro balio du, eta 20 euro egun erdirako alokatzeak. Ibilbideak nahierara antolatzeko aukera ere ematen du.
Azoka baliatuz, gaur, 1813an setiatutako Iruñean zehar itzuli bat egiteko proposamena egin dute. Independentzia Gerraren garaian, 150.000 militarrek—gehienak frantsesak— hartu zuten hiriburua eta Nafarroa iparraldeko hainbat herri; tartean, Bera eta Lesaka. Artean, Iruñean 15.000 lagun bizi ziren, eta 220.000 inguru Nafarroan. Garai hartan gertatu zena hobeto ulertzeko, borroka gertatu zen tokietan burrikletaz ibiltzeko aukera ematen du Basarteak, tartean Iruñeko Gotorlekuan.
Baina ez da dena on azokan. Baluarten eskaintza erakutsi duten frankok eta bisitari batek baino gehiagok salatu dute euskara ez dela inon ageri. Azoka iragartzeko kartelak gaztelaniaz eta ingelesez daude, eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak ez dute hitz bat ere euskaraz esan.
Ezarian. Navartur azoka
Turismorako aukerak
Bidaiatzeko hamaika eskaintza aurkituko du bisitariak Navartur azokan, Iruñeko Baluarten; gaur bukatuko daIazkoarekin alderatuta, herrialdeen eskaintza handitu egin da aurten azokan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu