«Tuntunarekin turuten doinua, gure zaindariaren eguna», diote, euskaraz, San Prudentzioko erretretaren lehenbiziko hitzek. Garai batean, hiribilduko harresiak itxiko ziren, eta jendea etxeratzeko seinale izan zen ohar musikalak justu kontrakoa adieraziko du gaur: Arabako zaindariaren festa handia hastear dagoela, eta kalera ateratzeko ordua iritsi dela herritarrentzat.
Bihar du herrialdeak bere egun handia, baina bezperako tradizio garrantzitsuekin abiatuko da ospakizuna. Ohi bezala, Probintzia plaza da festaren epizentroa. 21:00etan hasiko da erretreta. Bi ordu eta erdi geroago, txanda hiriko gastronomia elkarteentzat izango da, danborradari hasiera emateko bertan bildu eta ondoren festa hirigunera zabaltzeko mandatuarekin.
Dena ere ez da gaur hasiko. Joan den larunbatean, Fanfarre Eguna egin zuten Gasteizen, San Prudentziori atarikoa egiteko asmoarekin. Ekitaldi guztien artetik ezagunena elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa izan zen, aurten 51. aldia izan duena. Gazalbideko Kukubarre elkartekoen bi platerak gailendu ziren lehiaketa horretan.
Biharko, zerura begira
Ospakizuna Gasteizko hirigunetik mugitu, eta Armentiako zelaietara lekualdatuko da bihar, ohiturari jarraituz. Ez da usadio bakarra. Ohi bezala, zerura begira ibiliko dira arabarrak, ea santuak euria ekarriko dien edo ez asmatu nahian. Oraingoz, iragarpenak ez dira onak. Baliteke goizean, behintzat, euria egitea, eta, eguerditik aurrera, estalita egongo da zerua. Tenperatura ere, fresko.
Eguraldia edozein izanik ere, milaka lagun bilduko dira Armentiako erromeriara. Ekitaldi ofizialen kokalekua ere izango da baseliza. Goizeko hamaiketan egingo da meza, eta, ordubete geroago, ohorezko aurreskua dantzatuko zaie herrialdeko agintariei, kanpoaldean. Arabako Foru Aldundiak ere San Prudentzio eguneko ospakizunak baliatuko ditu herrialdeko urrezko dominaren entrega egiteko: Michelin enpresak jasoko du aurten.
Sanprudentzioak Araban
Turuta hotsekin hasiko da
Erretretarekin hasiko dira gaur iluntzean Arabako sanprudentzioetako festa ospakizunak. Erromeria izango dute milaka herritarrek bihar Armentiako zelaietan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu