Txakolina, Aiaran erregina

Euskal Herriko txokoak. AmurrioGorobel mendikatearen magala Aiaraldeko txakolinaren gotorlekua da oraindik ere. Amurrio da horren adibide.

Mendiz inguratuta, paisaia ederra du Amurriok. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Amurrio
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Tologorri, Ungino, Eskutxi eta Aro mila metroz gaindiko mendiek zaintzen dute Amurrioko udalerria, Gorobel mendikatearen magalean, Arabako ipar-mendebaldean. Iparraldean, Laudio eta Orozkorekin egiten du muga. Hegoaldean, Urduña dago, ekialdean Zuia, eta mendebaldean Aiara du mugarri. Pinu, pagadi eta hariztiz inguraturiko parajea da, eta aukera ezin hobea ematen du naturarekin gozatzeko, bai eta udalerria osatzen duten herrietan barna egun-pasa ederrak egiteko ere: Aloria, Artomaña, Baranbio, Delika, Larrinbe, Lekamaña, Lezama, Saratxo eta Tertangan, hain justu.

Naturarekin bat egiten jakin izan du udalerriak, eta, bertan, Goikomendi eta Gorbeiako natur parkeez gozatzeko aukera du udaberriko egun eguzkitsuenetan itzalaren bila dabilen bisitariak. Aresketamendin, berriz, uraren, eguzkiaren, airearen eta energia iturri berriztagarrien parkean etxeko txikiek ere kilometro pasatxoko ibilbide ederra egiteko aukera izango dute, bidean, energia aurrezteko egindako hainbat lan eta ikerkuntza ikusi eta informazio guneetan geldialdiak eginez. Naturaren ondarea zaintzeaz gain, lurraren aberastasunari etekina ateratzen ere jakin du Amurriok.

Mahatsa, pizgarri

Aiaraldeak ezaugarri bereziak gordetzen ditu bere barnean, bertan ekoizten den txakolinak apar berezia ateratzen baitu edalontzira isurtzean. Fruta zapore eta ukitu garratzeko ardoaren ekoizpena antzinako ohitura da. Idatzizko testigantzen arabera, IX. mendean txakolin-mahastien ekoizpena zabaldua zegoen Amurrion. XIX. mendeko izurriteek, ordea, gainbeheran jarri zuten herriaren sostengua, baina XX. mende hasieran, mahats sailak ugarituz joan ziren.

Gaur egun, eskualdean zazpi upeltegik ekoizten dute Arabako jatorri izena duen nortasun bereziko txakolina. 80 hektarea inguruko lur saila egunetik egunera handitzen doa txakolingileen etengabeko ahaleginarekin. Garai honetan, txakolingileek urteko lanik gogorrenak amaitutzat emanak dituzte, aurtengo uzta botiletara bidean baitute.

Aspaldiko ohiturari jarraiki, San Isidro egunaren bueltan, bertako ardo gazteaz gozatzeko eta txakolinaren garai berria aurkezteko jai egun borobila antolatzen dute amurriarrek. Aurten, maiatzaren azken igandean izango da Aiaraldeko txakolin berria dastatzeko lehen aukera. Txakolinaren XIII. Egunean, Juan Urrutiaren plaza urteko uztaren dastaleku bihurtuko da. Inguruko upategietako txakolinak dastatu eta txakolinarekin lagungarri diren salmorejo eta gulez eginiko pintxoak probatu ahal izango ditu bisitariak; artisau erakusketak, bertsolariak, janari lasaiaren tailerra eta gastronomia lehiaketa ere izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.