Jose Antonio Merino. Arabako Txakolina jatorri izeneko idazkari kudeatzailea

«Txakolina saltzeko bidea gertutasuna da»

Txakolinaren jarduera ezinbestekoa da Araban, Jose Antonio Merino Arabako Txakolina jatorri izeneko idazkari kudeatzaileak dioenez; Arabako ardo aniztasuna bermatzen du jarduera horrek.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Ardiaren lurraldean ardi mota ugari egon behar dutela dio Jose Antonio Merinok.

Zer leku dauka txakolinak ardoaren lurraldean?

Txakolinaren jarduera funtsezkoa da. Araba ardoaren lurraldea da, eta hala izan da aspalditik. Izan ere, ardo mota ezberdinak dastatzeko aukera ematen duen lurraldea da. Egia da hemen ekoizten den txakolina konpara ezina dela Arabako Errioxako ardoarekin, kopuru aldetik batez ere. Baina, dakigunez, Erdi Aroan ere egiten zuten txakolina Aiarako haranean. Horrelako ohiturei eusteagatik, eta txakolina beste ardo batzuekin elkarbizitzen ikusteagatik zoriondu beharko genuke geure burua.

Txakolina ezagutarazteko zer lan ildo jorratu dituzue?

Publizitatea landu dugu, batez ere. Izan ere, bertako txakolina sustatu behar izan dugu azken urteotan Gipuzkoako eta Bizkaiko txakolinarekin lehiatu ahal izateko. Arabako txakolina baino ezagunagoak dira horiek, eta, beraz, baliabide gehiago dituzte produkzioa mantendu eta posible balitz, handitzeko. Geure kasuan ez da erraza izan bidea egitea, baina sor-marka izateak zenbait ate ireki dizkigu. Hala ere, txakolinaren alde egin dezakegun guztia gure diru sarreren esku dago, azken batean. Horregatik, publizitateaz gain, gure estrategia da bezeroekin harreman zuzena sortzea. Esaterako, larunbatero hornidura azokan izaten gara gure produktuen ezaugarriak jendeari ezagutarazteko, eta nola ez, txakolina saltzeko. Ahalik eta azoka gehien bisitatzen ditugu, hori baita gure bidea une honetan: gertutasuna.

Aiaraldea da txakolina egiten duen eskualde bakarra. Zaindu beharrekoa, beraz.

Nola ez. Arabako txakolin ardogintzaren lehen zantzuak X. mendekoak dira. Baina, Aiarako txakolin mahastien egoera oparoa hankaz gora jarri zen XX. mendearen hasieran, mahastiak ia erabat galdu zirenean. Izan ere, 1877an, hainbat izurritek landareei kalte egin zieten, eta hala, Aiarako mahatsondo laborantza eta txakolin ekoizpena galdu egin ziren ia. Ohitura hori berreskuraturik dugu, eta pozik beharko genuke. Azkenaldian, serio hartzen du jendeak Arabako txakolin ekoizpena, eta hala jarraitzea espero dut.

Txakolinaren Ibilbideak Bizkaiko eta Arabako txakolinak biltzen ditu. Horrek bisitaria nahasten du zenbaitetan…

Nik uste ondo egin dugula lurraldearteko ibilbide bat sortzen. Arabak eta Bizkaiak, biek hartzen dute parte bertan, eta interesgarritzat jotzen dut hori. Izan ere, Urduña eta Orozko esaterako oso gertuko herriak dira. Ibilbideak erakusten du sinergia bat dagoela bi lurraldeen artean. Nire iritziz, kultura kontua da bi sor-markek bat egiten duten eremua ezagutzea. Lortu behar dugu bisitan datorrenak lotura natural hori ulertzea.

Nabaritu duzue krisiaren eraginik txakolinaren salmentan?

Krisiak txakolinaren salmentetan eragin du, Araban bai, behintzat. Iaz %5 gutxiago saldu genuen. Galera hori handiagoa izan zitekeen mahats ekoizle berriengatik izan ez balitz. Une honetan 2012ko mahats biltzea ezin hobeto doa, eta, beraz, horrela jarraituz gero, emaitza onak izango ditu hala kalitateari dagokionez nola kantitateari dagokionez. Nahiz eta azken hilabeteetan botila salmentek behera egin duten, esportazioek gora egin dute azken urteotan, AEBetara, Japoniara, Ingalaterrara eta Alemaniara. Horrek itxaropena sortu digu, eta berdin jarraituz gero, emaitza onak lortzea espero dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.