Txakur kakez aspertuta

Iruñeko lorategietan gero eta txakur kaka gehiago uzten dituzte bildu gabe animalion jabeek. Horregatik, udaleko lorezainak kexu dira, eta gizalegez jokatzeko eskatu dute.

Iruñea
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Txakurra parkera atera eta hark egiten duen kaka biltzea da animalion jabeen betebeharretako bat, baina, maiz, gorotza belardian uzten dute. Hiri askotako arazoa da hori, eta lorategietan lan egiten duten lorezainen amesgaiztoa. Arazo hori aspaldian nozitzen dute Iruñeko Media Luna parkean lan egiten duten udaleko lorezainek. Txakur kaken artean beharrean aritzeaz nazkatuta, arazoaz ohartarazteko lorategian zeuden txakur kaka bakoitzaren ondoan banderatxo gorri bat jarri zuten joan den astean. Ordu eta erdian, berrehun jarri zituzten.

Txakur kaka gehien parkeak dituen sarreretako berdeguneetan egoten da. «Txakur kakak arazo estetiko ez eze, osasunerako kaltegarri dira, eta gure eguneroko lana behar bezala egiten galarazten digute», esan du Javier Ardanaz Media Luna parkean aritzen diren bost lorezainetako batek. Media Luna parkean ez dago txakurren kakak botatzeko zaborrontzirik, baina hori ez dela arazoa dio lorezainak. «Jende askok biltzen ditu kakak, gehienek, esanen nuke, baina bada lan hori egiten ez duenik ere, eta kakak pilatzen joaten dira».

Arazo estetikoa izateaz gain, biltzen ez diren gorotzak osasunerako kaltegarri dira, eta horrek kezkatzen ditu gehien lorezainak. «Hezetasunarekin kakak lizundu egiten dira. Desegitean, bakterioen esporak arnastea toxikoa izan daiteke gizakiontzat. Hostoak biltzen edo belardiak ongarritzen ari garenean arnastu ditzakegu». Parkeko lorategietan haur asko ibiltzen da, jostetan. Horientzat ere, kaltegarria izan daiteke. Hori bakarrik ez, lorezainen eguneroko lanean traba dira. Udazkenean, adibidez, zuhaitzetatik erortzen diren hostoak biltzeko haizea emateko makinarekin ari direnean kakak belardi osoan zehar barreiatzen dira, eta horrek zikinkeria gehiago eragiten du.

Gizalegez jokatu

Animaliak uzten duen kaka biltzera behartzen du txakurraren jabea Iruñeko udal ordenantzak, baina askok ez dute jaramonik egiten. «Araua betearaztea zaila da. Norbanakoaren esku dago». Horregatik, eta guztion hobe beharrez, «gizalegez» jokatzeko eskatu dute lorezainek. «Horrela, guztiok gozatzen dugu parkean». Dena dela, arazoa ez da oraingoa. 2008tik esan eta esan ari dira txakur kakak biltzen ez dituen jabeari gogor ekiteko, baina udalaren erantzuna oso mugatua da. Egunez eta noizbehinka udaltzainak ibiltzen dira lorategiaren inguruan, baina ez da isunik jartzen. «Egun argiz gehiago biltzen dira gorotzak, baina gauez errazagoa da txakurra aske utzi eta kakak bere horretan uztea. Inork ez ditu ikusten eta», dio Ardanazek. Horregatik, banderatxoak ez ezik, lorategiko zuhaitz batzuetan afixak ere jarri dituzte protestaren berri emateko. «Parkeak guztionak dira, eta guztion ardura da garbi eta txukun edukitzea», azpimarratu dute. Baina txakur kaken pilaketaren arazoa ez da Media Luna parkekoa bakarrik, hiriko beste berdegune batzuetan ere antzeko egoeran daudela salatu dute: Takoneran eta Redingo gotorlekuaren atzealdean, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.