Gizakiaren lagunik onena txakurra dela dio esaera zaharrak. Bada, hori frogatzeko aukera bikaina izango dute igandean Oñatin (Gipuzkoa) biltzen direnek, artzainak eta txakurrak elkarrekin nola moldatzen diren ikusi ahal izango baita. Hain zuzen ere, Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketaren 54. ekitaldia jokatuko da. 10:30ean hasiko da lehia, eta hamabi artzain ariko dira nor gehiago. Hego eta Ipar Euskal Herriko, Kataluniako, Espainiako eta Frantziako txakurrik bizkorrenak ezagutzeko parada aparta izango da. Txapelketaren aitzakian, gainera, egun osoko festa izango da, eta musikarik ere ez da faltako.
Parte hartzaileek bi ariketa egin beharko dituzte. Lehenengoa zazpi minutukoa izango da. Artzainen esanetara, txakurrek artaldera joan beharko dute, baina atzetik bueltan. Bidean bi aldiz gelditu beharko dute, epaimahaiak hala agindutakoan. Gero, artaldera sartu, ardi denak hartu eta erdian dagoen hesiaren tartetik pasatuz zelai barnean dagoen makila baten ondora joan beharko dute. Orduan, bai ardiek eta bai txakurrak, han geratu beharko dute. Hori lortzean, eskuineko edo ezkerreko hesi tartetik igaro beharko dute.
Bigarren ariketak ere zazpi minutu iraungo du. Txakurrek, artzainen esanei erreparatuz, banderatxoz seinalaturik dagoen bide batetik joan beharko dute, ardiengana heldu arte. Artaldea hartu eta erdian dagoen eskortan sartzea izango dute hurrengo zeregina. Ardi guztiak barnean daudenean, inolako zakarkeriarik gabe ateratzea izango da azkeneko lana.
Lehen eta bigarren ariketan, artalde osoa edota ardi batzuk eskortaren atzealdera pasatzen diren bakoitzean, puntuak kenduko zaizkio artzain horri. Ariketa guztietan lortzen dituzten puntuak batu eginen dituzte, eta gehien eskuratzen dituena izango da irabazlea.
Antolatzaileen esanetan, festa eguna izango da igandekoa, eta bertara joateko deia egin dute.
NAZIOARTEKO 54. ARTZAIN TXAKUR TXAPELKETA
Non. Oñatin (Gipuzkoa).
Noiz. Igandean.
Sarrera. Doan.
Asteburuko proposamenak
Txakurrak, artzainen esanetara
Oñati. 54. Nazioarteko Txapelketa jokatuko da igandean; hamabi parte hartzaile ariko dira denera, 10:30ean hasita

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu