2007. urtetik darama dentistek gizartean duten egoera ikertzen Fernando Urkixo odontologoak (Bilbo, 1972). Sei urte horietan egindako ikerketa lanetik ondorioztatu du gurean dentista «gehiegi» daudela, eta horren harira, hitzaldia emango du gaur Bilbon.
Zertan datza biharko hitzaldiak?
Bi atal egongo dira: lehenengoa polemiko samarra izango da, eta bigarrena, pedagogikoagoa. Adibidez, gaur egungo dentista kopurua izan beharko lukeen baino bi aldiz handiagoa da, eta egoera okerrera doa. Egoera hori aztertzeko, 2000. urtean egin zena egin beharko luke egungo gobernuak: Ahoan inongo arazorik ez zuen bezero bat bidali hainbat kontsultatara, eta bertan egiten dizkioten diagnostikoak alderatu. Bezero hori hogei kontsultatara bidali zuten, eta seik bakarrik eman zioten oniritzia. Gainontzekoek beharrezkoa ez zuen tratamendu bat jarri nahi izan zioten.
Zergatik dentistarenganako beldur hori?
Min egiten duelako. Baina, horrez gain, jendeak ezagutzen ez duen zerbitzu bat erosten du. Logikoa eta justifikatua dagoen beldurra da. Izan ere, mina emateaz gain, bezeroak ez du ikusten zer gertatzen den bere ahoan.
Zergatik sortzen da txantxarra?
Karbohidrato askoko dietaren ondorioz sortzen da txantxarra. Hala ere, jatorria ez dago azukrearen kantitatean, dieta egiteko eran baizik. Egunean hiru otordu eduki behar dira gehienez, hortzak jarraian garbitu, eta kito. Arratsaldean edo hamaiketakoa jateak kalte egiten digu. Beraz, ez da dieta, baizik eta dieta hori egiteko modua.
Egunean hiru aldiz hortzak garbitzeak txantxarra saihesten duela adierazi nahi du?
Era zuzenean garbitzen baditugu, bai noski. Baina horretaz gain, gutxienez egunean behin hortzetako haria erabili behar dugu. Hori da hortzen arteko kontaktu gunea garbitzen duen erreminta bakarra. Eskuilak garbitzen duen bakarra bistan dagoen gainazala da. Askok ez dute inoiz ongi ikasi beren hortzak garbitzen. Horixe da arazoa. Horregatik, oso gutxik ezagutzen duten produktu bat gomendatuko nuke: bakterio plaka agerian uzten duen produktua, hain zuzen ere. Pilula antzeko bat da, eta garbitu ez dugun gunea koloreztatuko digu hortzak garbitu ondoren.
Txantxarra arazo genetikoa dela esaten duten teoriak ere badira.
Txantxarra ez da oinordetzan hartzen, baina badago aldez aurretiko jarrera bat txantxarra edukitzeko aukerak areagotzen dituena. Hala ere, berez bakterio plaka baztertzea lortzen badugu, ez genuke arazorik eduki behar. Hori bai, erabilitako metodoak zuzena eta zorrotza izan behar du.
Zalantzak izan ohi dira hortzetako eskuila erosteko edota dentistak aukeratzeko orduan. Zein gomendio emango zenioke bezeroari?
Oral Bren Trizone 1000 eta Philips Sonicare dira eskuila egokienak, eta, ahal bada, elektrikoak izan daitezela. Dentistak aukeratzeko garaian, gomazko dikea deituriko teknika erabiltzen dutenengana joatea gomendatuko nuke. Ez da oso metodo ezaguna, baina esango nuke tratamenduetan arazorik ez izateko metodorik egokiena dela. Bestalde, bezeroari honako hau esango nioke: «aulkian zaudenean, jar ezazu kronometroa martxan». Enpaste bat jartzen denbora asko pasatzen badu, ziurrenik ez dugu arazorik izango etorkizunean, ongi jarrita egongo delako.
Fernando Urkixo. Odontologoa
«Txantxarraren arazoa ez dago dietan, hori egiteko moduan baizik»
'Odontologoek esaten ez dizutena' hitzaldian parte hartuko du gaur Fernando Urkixok. Bilboko Bolunta elkartean emango du hitzaldia, 19:00etan, eta 2007tik gaur arte egindako ikerketa izango du hizpide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu