Azpeitia, Donostia, Elgoibar, Ordizia, Durango, Oñati, Oiartzun, Hernani, Amurrio... Abenduaren 15ean, Barakaldoko BECen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi zuenetik, herri askotan aritu da bertsotan Amets Arzallus (Hendaia, 1983). Txapelketaren ondoren atseden gutxi izaten dute zortzi finalistek. Are gutxiago txapeldunak. Hiru aste hauetan, han eta hemen kantari aritu ostean, Azpeitian izango da gaur Arzallus. Baina ez bertsotan. 19:00etan hasita, Aho bizarrik gabe solasaldian parte hartuko du, Sanagustin kulturgunean.
Estitxu Elduaien kazetariak egingo dizkio galderak Arzallusi, baina herritarrek ere badute aukera aurrez galderak bidaltzeko, ahobizarrikgabe@gmail helbidean. Bertsolaritzaz ez ezik, beste hainbat gairi buruz ere mintzatuko da bertsolari hendaiarra. Besteak beste, kazetaritzaz edo Iparraldeko egoeraz ere galdetuko dio Elduaienek.
Iazko otsailean ekin zioten Aho bizarrik gabe solasaldi zikloari Azpeitian, eta Arzallusena seigarren saioa izango da. Aurreko solasaldietako protagonistak izan dira Martxelo Otamendi, Juan Jose Ibarretxe, Benito Lertxundi, Maddalen Iriarte eta Jose Maria Setien. Solasaldi zikloa elkarlanean antolatzen dute Sanagustineko kultur taldeak, Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak .
SOLASALDIA
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Non. Azpeitiko Sanagustin kulturgunean (Gipuzkoa).
Txapelduna, aho bizarrik gabe
Amets Arzallus Azpeitian izango da gaur 19:00etan, 'Aho bizarrik gabe' solasaldi zikloaren barruan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu