Komunikazioa. Ekografiak

Txarrantxa

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Txirrindularitza ere, oro har, eta Frantziako Tourra, zehazki, ikuskizunean oinarritzen dira, inoiz baino gehiago. Iruñeko entzierroekin gertatzen zaiguna errepikatzen da, hogeita bat egunez, urteko garai honetan. Bazkalostean telebistari begira jarri ohi da jende asko. Ikuskizuna nahi du, dena ematen, dena emanda. Inoiz, aurrez bestela irudikatutako etaparen bat gatzik gabea iruditzen bazaio, berehala kritikatuko du antolatzailea, txirrindulari multzoa edo haren jarrera epela. Aditu bihurtzen da etxeko sofan, orojakile, ea nor ausartzen den aurre egiten. Are, kexatzeko eta juzkuak egiteko eskubide moralaren jabe sentitzen da.

Nik ere barneratuta dauzkat halako jarrerak, txirrindularitza ez diren beste gai batzuetan. Ez nator ikus-entzuleak kritikatzera, ezpada telebistak gugan eta, kasu honetan, txirrindularitzan izan duen eraginaz hausnartzera. Ez dakit noiz, baina iritsi baikara puntu horretara, karrera bat gozamenez baino exijentziaz ikustera. Etapa handi bat eskertu egin ordez, hil ala bizi eskatzen dugu. Hortik beherakoa gaitzesgarria iruditzen zaigu. Onartezina. Eta hori, eskakizun eztabaidaezina, ezagutzen dute txirrindularitza telebistaz eman nahi dutenek eta karreren arduradunek. Ez dute atzean gelditu nahi. Badakite, halakorik eskaini ezean ikus-entzule datuek, hots, publizitateak behera egingo duela ezinbestean. Beharrezko dute sostengua. Eta gauzatu egiten dute eskaera. Haien esku dagoen guztia egiten dute horretarako behar diren baldintzak bermatzeko.

Aurten, hogeita bat etapa izango ditu Tourrak, eta, guztira, 3.471 kilometroko ibilbidea hartuko du. Beraz, batez beste 165 kilometro pasatxo egingo dituzte txirrindulariek egunero. Noski, abiadura jakin batean, bizitasunez. Horri gehitu igo beharreko mendateak eta bestelako zailtasunak. Emaitza: asko eta asko erori egingo direla. Erori, errepidearen gainera edo banpiroak deritzen horien atzaparretara. Erori, amildegian behera zuhaitzaren aurka edo mundu ilun aipatu ezinezko horren zurrunbilora.

Abiadura baita egungo ikuskizunari eman diogun forma. Dena ala ezer ez. Estrategiak eta buru hotzak ez dute zentzurik, ondoren etapa lehertzeko ez bada. Telebistaren maizter. Show-aren esanera. Telebistako langile batek autoz harrapatu eta txarrantxaren aurka bizia bera kolokan jarri arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.