Datorren asteko estreinaldiak

Txetxeniako gerrako istorio txikiak

'The Artist' arrakastatsuaren ondoren, 'The Search' lana da Michel Hazanaviciusen film berria

Gerrak elkartuko dituen lau pertsonaren istorioa kontatzen du The Search filmak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2014ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hiru urte pasatu dira Michel Hazanavicius zuzendari frantziarrak inork espero ez zuen arrakasta lortu zuenetik. XXI. mendean ongi sartuta, film mutu bat egiteko ausardia izan zuen, eta apustua ongi baino hobeto atera zitzaion. The Artist 2011ko pelikularik inportanteenetakoa bihurtu zen, eta milioika ikusle bildu zituen mundu osoan.

Horrekin batera, sari mordoa ere eskuratu zituen, horien artean bost Oscar sari, film eta zuzendari onenarenak barne. Horrekin guztiarekin egundoko bultzada ezagutu zuen Hazanaviciusen balorazio artistikoak. Ordu arte, arrakasta dezenteko baina interes artistiko txikiko pelikula komikoen egilea zen. OSS 117 saila zen haren lorpenik handiena.

Egun batetik bestera, ordea, zuzendari errespetatua bihurtu zen. Sariak jasotzearekin batera, autore kategoria eskuratu zuen Hazanaviciusek. Horregatik, ikusmin handia zegoen bere hurrengo urratsa zein izanen zen ezagutzeko.

2012an, Les infidèles film kolektiboan parte hartu zuen, atal labur batekin. Baina The Search da zinemagilearen maila neurtzeko erabiliko den lagina. Ez du txikira jokatu izan, nazioarteko merkatuari begirako filma egin nahi izan du, gerra generoko pelikula bat.

The Search aurtengo Cannesko zinemaldian aurkeztu zuten. Bertan jasotako kritikak ez ziren batere onak izan. Hori ikusirik, zuzendariak filma laburtzea erabaki zuen: hogei minutu gutxiago ditu aretoetara ailegatuko den bertsioak. Orain ikusteko dago ikusleen harrera nolakoa izango den.

Bertsio gaurkotua

Txetxeniako gerrari begira jarri da zuzendari frantziarra: 1999. urtean dago girotuta The Search. Berez, Georgian filmatuta dago, Txetxeniarekin antza duen lurraldea omen baita. 22 milioi euroko aurrekontua izan du The Search-ek, eta filmaketan eguraldi aldakorra izan zuten arerio nagusi. Gerrak elkartuko dituen lau pertsonaren istorioa kontatzen du. Ume batek ihes egin beharko du, gurasoak erailak izan ondoren. Ihesaldian Carole ezagutuko du, Nazio Batuen Erakunderako lan egiten duen gaztea. Aldi berean, Raissa arreba nagusia anaiaren bila abiatuko da. Azkenik, Kolia 20 urteko soldadu errusiarra da, Txetxeniako gerra bertatik bertara ezagutuko duena.

Txetxeniako gerran girotuta badago ere, berez The Search izenburu bereko beste film baten remake librea da. 1948. urtean, Fred Zinnemannek zuzendu zuen jatorrizkoa, eta Montgomery Cliftek lehen rol inportantea izan zuen. Orduko istorioa Bigarren Mundu Gerra osteko Alemanian zegoen girotuta, eta dokumental itxurako drama zen.

Michel Hazanaviciusek protagonista nagusiaren generoa aldatu du bertsio gaurkotuan. Zinnemanenean gizonezkoa zen, eta oraingoan rol protagonista Berenice Bejori eman dio, The Artist-en egin zuen moduan. Haren ondoan, aski ezaguna den aktore batek ere hartu du parte pelikulan, Annete Benningek, hain zuzen ere.

'THE SEARCH'

Zuzendaria: Michel Hazanavicius.

Aktoreak: Berenice Bejo, Annette Bening, Maksim Emelyanov, Nino Kobakhidze, Nika Kipshidze.

Herrialdea: Frantzia.

Urtea: 2014.

Iraupena: 160 minutu.

Generoa: Drama.

Asteazkenean estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.