Aniztasuna dago sanferminetan. Askotarikoak dira, eta guztiek desberdin bizitzen dituzte. Badaude entzierroa maite eta egunero-egunero goizeko 8:00etan telebista pizten dutenak, zezenen lasterketa ikusteko. Badaude ere entzierroa gorrotatu egiten dutenak. Badaude parrandazaleak, festazaleak eta txarangazaleak. Eta guztientzako egon behar du lekua festetan.
Adinak badauka horretan eragina, eta etxeko txikienek ere sanferminak bizi eta disfrutatzen dituzte. Helburu horrekin sortu zuten Birjolastu, hain zuzen, haurrek jolasteko eta ongi pasatzeko gune bat izan zezaten. «Oso leku lasaia da, itzala dago, eta haur txikientzat oso leku aproposa da», kontatu du Teresa Abascalek, Lara eta Isa, bi eta lau urteko alabak, ogia egiten ari diren bitartean. Eskuak zuriak dituzte, irinez beteta; orea lantzen ari dira, eskutik eskura pasatzen, forma ematen, plastilinarekin jolasten ari balira bezala.
Lasaitasun gunea
Iruñeko Taconera parkearen erdian dago Birjolastu, Larrainatik gertu. Egunotako eguraldi beroarekin leku ezin hobea da, zuhaitzez eta itzalez beteta baitago. Oso toki baketsua eta zabala da. Erdiguneko iskanbilan, oasia. Hala kontatu du Abascalek: «Haurrek hemen gehiago gozatzen dute; azkenean, hainbeste zalapartarekin, berehala nekatzen dira».
Aurreko urteetako sanferminetan antolatu zuten egitasmoa, eta aurten berriro ere ekarri dute, izena aldatuta: JuegoRejuego izena jarri dio Navarra Sumako udal gobernuak. Hainbat txoko dituBirjolastu eremuak: Okindegia, txikien txokoa, bira eta bira (pneumatikoekin jolasteko), latekin eta bidoiekin eraikuntzak egiteko gunea, labirintoa, perkusio gunea, arte sorkuntzarako txokoa, tramankulutxoak eta ontziralekua (itsasontziak sortzeko). Umeek hamaika jarduera egiteko aukera dute.
Olatz Pagaldai monitorea da, eta informazio puntuan dago, datorren jendeari laguntzeko eta jokoak azaltzeko: «Bilatzen duguna da umeek lehiakortasunik gabe jolastea, jolasteko beste modu bat sortzeko. Gainera, dena material birziklatuekin sortzen dugu: kontzientzia eragitea ere bada beste helburu bat», adierazi du Pagaldaik. Birziklapenak garrantzi berezia hartzen du jolas horietan, jada erabiliak izan diren elementu eta objektuekin egina baitago dena.
Kirola maite dutenek ere badute aukera sanferminetan hainbat jardueraz gozatzeko. Kirol Ari egitasmoa berreskuratu du Iruñeko Udalak, eta Media Luna-ko parkean jarri du. Birjolasturekin gertatu den bezala, aurreko urteetan egina zuten, eta aurten berriro ekarri dute, izen berriarekin: Sportkids.
Naroa Iso gimnastika erritmikoan aritzen da, eta kirolari fina da. Gimnastika egiteko aukera izan du, baina baita beste kirol berriak probatzeko ere. «Uztaia eta soka hartu nituen; gimnastika ariketak egiten ditut tresna horiekin, eta oso ondo erabiltzen ditut. Gaur gehien gustatu zaidana golfa izan da: saria irabazteko gertu-gertu ibili naiz», kontatu du gazteak. Hiru bola edo gehiago sartzekotan, saria ematen dute: golfean aritzeko sarrera bat.
Leo Mendibilek eta Nicolas Sanchezek ere goiz ederra pasatu dute kirola egiten. Hala ere, ez da Kirol Ari gunera joaten diren lehenengo eguna. «Gaur futbolean, padelean eta xakean ibili gara, eta gehien gustatu zaiguna, futbolaz aparte, padela izan da». Futbolean aritzen dira bi gazteak, Oberena futbol taldean, baina asko disfrutatu dute beste kirolak probatzen ere.
Kirol Ari: 8-14 urtekoentzat
Edu Diaz, Kirol Ari gunean dabil egunero animatzaile, mikrofonoarekin eta musikarekin goiz eta arratsaldeak girotzen. Hura arduratzen da une bakoitzean gertatuko denaren edo gertatzen ari denaren argibideak emateaz ere. «8-14 adin tartearentzat pentsatuta dago Kirol Ari. Udalak pentsatu zuen ideia ona zela kirola egitea, eta asmatu zuen horretan: harrera oso ona izan zuen», adierazi du Diazek.
Nafarroako kirol federazioen bitartez kirol anitz eskaintzen dira. Federazio bakoitzak begiraleak eramaten ditu, eta haiek arduratzen dira jarduerak antolatzeaz.
Sanferminak
Txikien txoko handiak
Umeek disfruta dezaten aukera zabala dago sanferminetan: Birjolastu eta Kirol Ari, kasurako. Batean, birziklatutako jolasekin aritzen dira haurrak; bestean, hainbat kirol probatzen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu