ATZEKOZ AURRERA. Pepe Larraz. Marrazkilaria

«Txikitan irakurtzen nituen pertsonaiekin lan egiteko aukera dut»

2010ean Marvel komiki argitaletxearen atea jo, eta, ordutik, AEBetako komikiaren merkatuan egonkortu da Larraz. Haren hainbat marrazkirekin eginiko erakusketa ikusgai dago Donostian.

Julen Aperribai.
2017ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Beste batzuenak diren jostailuekin jolasten bezala». Hala omen dabil Pepe Larraz marrazkilaria (Madril, 1981) Marvel argitaletxean lanean ari denetik, haurtzaroan hain hurbilekoak zituen superheroiak bere erara marraztuz. Star Wars saga ezaguneko pertsonaiak komikietara eramateko pribilegioa eta ardura ere izan du. Haren marrazkiekin osatutako erakusketa ekainaren 15era arte egongo da ikusgai Donostiako Fnac-en.

Fanzineetan egin zenituen hastapenak. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Marraztu betidanik egin dut. Institutuan, 17 urte inguru nituela, marrazten zuen beste jende batekin elkartzen hasi nintzen, eta aldizkari eta fanzineak sortzen. Oso interesgarria da, ekoizpen prozesu guztia ikusten baituzu, eta, agian, etxean bakarrik marrazten ari zarela ez duzu alde hori ikusten.

Marvelekin lan egiteak nola eragin du zure ibilbide profesionalean?

Denean izan du eragina. Jendeak markarekin eta logotipoarekin lotzen zaitu, eta, ezagutzen dutenez, ona zarela pentsatzen dute. Marvel markak asko sustatzen du marrazkilariaren izena, eta komikien merkatuan egonkortzeko garrantzitsua da hori. Horrez gain, txikitan irakurtzen nituen pertsonaiekin lan egiteko aukera dut orain.

Horrek errespetua ere emango du.

Handia. Ordura arte hartzaile hutsa izan zara, eta, hortik aurrera, pertsonaia horien zure bertsioa ematen saiatu behar duzu. Pertsonaia berriekin lan egiten dudanean, gustatzen zait horiek ikertzea: zein diren, zer egin duten, nondik datozen... Hori guztia kontuan hartzen ahalegintzen naiz.

Zure estiloa garatzerakoan, presiorik ba al da Marvelen aldetik?

Presioa ez, baina egia da kode batzuk egon badaudela Estatu Batuetako komikigintzan. Kontatzeko eta orria konposatzeko modu jakin bat behar da han funtzionatzeko. Detaile txikiak dira, baina lagungarriak izan daitezke, nahiz eta nik hasieran ez nituen oso barneratuak. Hortik aurrera, lan zehatz horretarako kontratatu bazaituzte, ulertu behar duzu gaiari buruzko zure ikuspuntua ematea ere nahi dutela.

Marrazkilariak harreman etengabean egon ohi zarete gidoilariekin?

Nik, gehienbat, editoreekin hitz egiten dut. Gidoilariekin ere harremanetan egoten naiz. Zalantzaren bat badut, editoreengana edo gidoilariengana jotzen dut; editorearengana, binetetan aterako diren pertsonaien inguruan galdegiteko, eta gidoilariarengana, zer kontatu nahi duen jakiteko.

Superheroiak marrazten zenituen lehen, eta Star Wars-eko pertsonaiak orain. Handia izan al da aldaketa?

Star Wars zinematik dator, eta mundu guztiak espero du Star Wars-eko unibertsoa ikustea. Superheroiak marrazten ditudanean, ekintzan eta pertsonaietan zentratzen naiz, baina hondokoa kendu dezaket, ez diot hainbesteko garrantzia ematen inguruari. Star Wars-en, ez; jendeak marraztuko dituzun munduak ikusi nahi ditu. Orriaren konposizioa finagoa eta panoramikoagoa da.

Eta saiatu zara filmetako irudiei fidela izaten?

Nire hondar alea jartzen saiatu naiz. Gauza batzuk ez zeuden diseinatuta, eta nik neuk diseinatu behar izan ditut. Hori bai dela presioa, eta ez Marvel komikiak egiterakoan duzuna! [Barreak] Star Wars-en estilotik aldenduko zen zerbait sortzeko beldur hori nuen. Hori saihesteko, beste diseinu batzuk deseraikitzen nituen, ondoren nireak sortzeko, haien elementuak nahastuz. Horrela, bisualki koherentzia bat izango zuen sail osoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.