Javier Elorriaga ornitologoak Euskal Herritik kanpo egiten du lan, baina Eguberrietan, senitartekoak bisitatzera etorri zela baliatuz, bere zaletasuna asetzeko asmoz gerturatu zen Leioako Lamiako ibarrera. Ibaizabal ibaiaren ertzean dagoen hezegune horretan hainbat hegazti migratzailek hartzen dute atseden, Europatik Afrikara bidean. Baina Elorriagak egindako aurkikuntzak adituen arreta bereganatu du, txikia izanagatik, erabat ezohikoa delako Europa mendebaldean txio marrabiko bat egotea (Phylloscopus inornatus).
Hamar zentimetro da luze txio marrabikoa, eta, izatez, espezie hori Siberiakoa da (Errusia); Ural mendilerro iparraldekoaren eta Ojotsk itsasoaren artean bizi da. Errusiaren Europako aldean ugaltzen da, eta hegazti migratzailea da. Lamiakon agertu den txoria ikusita, ordea, inork ez luke esango Asia hegoaldera migratzen duenik, Persiako Golkoa eta Txina bitartera. «Erabat ezohikoa da Europa mendebaldera etortzea. Ez dakigu zergatik, baina espezie horretako txori gutxi batzuk kontrako norabidea hartzen dute neguan leku epelagoak bilatu behar dituztenean», dio Sergio de Juanek, Izate Ingurugiro Elkarteko bozeramaileak.
Lamiakon agertu den txio marrabikoak ikusmina piztu du hegaztiak ikustea eta aztertzea maite dutenen artean. Euskal Herriko beste lurraldeetako hainbat zale joan dira aste honetan Lamiakora txio marrabikoa ikustera, baita kanpokoak ere. «Guretzat gauza handia da. Ziurrenik ez dugu gure bizitzan beste txio marrabikorik aurkituko», azaldu du De Juanek. Lamiakon agertu den txio marrabikoaren migrazioa erabat ezohikoa denez, adituek ez dakite nola jokatuko duen, ezta hegoaldera edo iparraldera joango den. «Haizea gelditzen denean eta eguraldia egonkortzen denean joatea da litekeena. Baina txioa Lamiakon pausatzea, hori soilik, pozteko moduko albistea da guretzat. Harro sentiarazten gaitu».
Errusiatik Asia hegoaldera joatekoa zen txori bat Euskal Herrian ikustea bitxia bada, are eta bitxiagoa dirudi Lamiako ibarrean pausatzea, Bilbo Handia bete-betean. Gune industrial batean egon arren, ordea, Afrikara doazen hegaztiak pausatzeko leku aproposa dela dio De Juanek: «Alde batetik, marea jaisten denean elikatzeko nahi adina intsektu dituzte hegazti migratzaileek ibaiaren hondoko hondarretan. Bestalde, lasai egon nahi dutenean horretarako leku aproposa dute Autonomia etorbidearen beste aldean, hondakinekin bete zuten arren, hezegune izaten jarraitzen duelako».
LAMIAKO BABESTEKO ESKAERA. Euskal Herriko beste hezegune batzuk ez bezala (Txingudi, Urdaibai eta Salburua besteak beste), Lamiako ez dago babestuta, eta Leioako Autonomia etorbideak limoak eta landare gunea banatzen ditu. «Hogei urte inguru pasa dira Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak Lamiakon hondakin-uren araztegi bat jartzea erabaki zuenetik, baina oraindik ez da egin; hain zuzen, lekua araztegia egiteko gordetzen ari direlako, iraun du ibarrak orain arte dagoen bezala», dio Begoña Zorrakinek. Lamiako ibarra babestu eta naturgune izendatzeko elkartu diren hamabi taldeen lana koordinatzen du Zorrakinek. Orain dela bost urte hasi zuten babesa eskatzeko kanpaina, araztegia eraikitzeko eguna gertu dagoelako. «Aurten egin behar zuten, baina atzeratu egin da. Araztegia egiteko erabili ez den lur sailaren zatia babestea nahi dugu».
Araztegiak ibarraren bi heren hartuko ditu, eta beste herenean Leioako udalak bulego eraikin bat eta herritarrentzako parke bat eraikitzea du aurreikusita. Hamabi talde ekologista horiek, ordea, bestelako asmoa aurkeztu diote: «Parkearekin bateragarria izan daiteke hegaztien pausalekua babestuko duen naturgunea egitea. Jendeak paseatu ahal izango luke eta ikasleentzako ingurugiro heziketa gune bat egin ahal izango litzateke», azaldu du Zorrakinek.
Administrazioek bestelako erabakirik hartzen ez duen bitartean, ordea, txio marrabikoa eta Afrikara bidean Lamiakon atseden hartzen duten hegaztiak izango dira ikur. Zorrakinek argi utzi du. «Abraren azken arrastoa da, itsasadarrari zor diogu».
Txikitasunean
Leioako Lamiako ibarrean txio marrabiko bat agertu da, berez, Errusiatik Asia hegoaldera migratzen duen txori txikia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu