Txilaba janzteko unea

Gaur hasiko dira Tolosako inauteriak, eta datorren igande arte iraungo dute.Kabila eta Vista Alegre txarangak omenduko dituzte, urteurrena dutelako

Ero-etxe txaranga, Triangelu plazatik pasatzen, aurreko urteko irudi batean. ENERITZ MAIZ.
K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2015eko otsailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ostegun gizena. Tolosako (Gipuzkoa) inauteriei ekiteko eguna. Gaur botako dute txupinazoa, eta txilabek hartuko dituzte kaleak. Urtero bezala, egongo da zer ikusi eta gozatua. Herritarren parte hartzea nabarmendu du aurten udalak, eta bi txaranga izango dira protagonistak: Kabila eta Vista Alegre, hain zuzen ere. Lehenengoak 75. urteurrena ospatuko du, eta 25.a bigarrenak. Eguerdian, Joakin Izagirre inauteri kutunak piztuko du suziria, eta orduantxe lehertuko da festa. Igandera arteko eromenaren txanda izango da.

«Inauterietan udalaren egitekoa laguntzaile eta babesle izatea da, baina herritarrek egiten dute festa». Igor Ezenarro Kultura eta Festetako zinegotziak argi dauka jendea dela protagonista: «Egitarauan dagoen gehiena haiek antolatzen dute». Eta, hain justu, ildo horretatik ulertuko dituzte egunotan festak, zita herrikoi baten gisan. Ez da kasualitatea. Izan ere, denek parte hartuko dute: herritarrek, bandek, elkarteek, txarangek... Horixe bera nabarmendu zuen Ibai Iriarte alkateak inauterietako aurkezpen ekitaldian: «Berrikuntza nagusiak herritarrek ekartzen dituzte, urtero».

Gaur, 11:30ean entzungo dira aurreneko musika doinuak, Udal Txistulari Bandak Inauterietako zortzikoa joz kalejira egingo duelako herriko kaleetan. Eta, handik pixka batera, egun handiko beste momentu garrantzitsu bat helduko da: Izagirrek festari hasiera emango dio. Kabi Alai elkarteak aukeratu du une garrantzitsu horretako protagonista izan dadin, karrozak prestatzen eta inauterietako eginkizunetan izandako parte hartzeagatik. Suziriaren ostean, Kabi-Alai txaranga aterako da, eta dantzarako aitzakia emango die bertaratutako guztiei. Koloreek hartuko dituzte kale bazterrak.

Bazkarirako ere ez da girorik faltako. 14:00ak aldera, txosnetan batuko dira nahi duten guztiak; txosnek edaria banatuko dute, eta nork bere janaria eramango du. Ez da hori izango, ordea, egunaren amaiera. Goizaldera arte originaltasuna egongo da presente.

Horregatik, arratsalde partean, La Jodedera taldeak joko du txosnetan, gerri bueltak dantzan jartzeko. Eta ez da kontzertu bakarra izango; gauean, Ingo al Deu eta Little Martin Selektah igoko dira oholtzara. Nahi adina estilo entzungo dira, beraz.

Haatik, musikaren bidetik baino gehiago bestelako ekitaldietatik jotzen dutenek ere badute tokia Tolosan. 19:30ean zezensuzkoak korrika egingo du, Emakumeen plazatik aterata. Korrika egin baino danbor hotsa aditu nahiago dutenek, berriz, Aurrera kirol elkartearen danborradan dute aukera. Hala, jai giroa nagusi, parranda eta irudimena izango dira zutabeak. Ostegun gizena ostiral mehearekin uztartuko dute gautxoriek, eta are gehiago luzatzeko aukera ere eskura izango dute; izan ere, piñata igandera arte etengabekoa izango da inauteria. Konstantea izango da jendetza.

Inauteriak, zuzenean

Inauteriak Internet bidez zuzenean ikusteko aukera eskaini dute aurten: batetik, Tolosaldeko Ataria-k egunero egunkaria aterako du, eta igandetik asteartera zuzeneko irratsaioak ekoitziko ditu. Gainera, 28 Kanalarekin batera, telebista saioak ere emango ditu, zuzenean horiek ere. Lehenengoa, gaur bertan: txupinazoa emitituko du, 10:45etik aurrera. Etxean geratzen denak kalean balego bezala izan dezake festa egunen berri.

Bestetik, udalak www.tolosa.eus helbidean ere gune bat ahalbidetu du: bertan, argazkiak, informazioa, egitaraua eta zuzeneko bideoak aurki daitezke, besteak beste. Eta ez hori bakarrik: bai Tolosaldeko Ataria-n, bai udalak irekitako gunean, herritarrek haien aletxoak jar ditzakete, #tolosakoinauteriak traola erabilita, nahi dutena bidaliz. Helburua: «Inauterien imajina denen artean egitea». Argi dauka Ezenarrok sarean ere ikusarazi behar dela jaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.