Moda

Txillidaren lanak, Zarako kamisetetan

Eskultorearen familiak adierazi du «errespetu osoarekin eta traiziorik egin gabe» erabili dutela haren lana.

jarraia177205.jpg
2020ko otsailaren 7a
17:21
Entzun

Txillida familiak beste bide bat asmatu du Eduardo Txillida eskultorearen lana zabaltzeko. Eskulturak irudi lau bihurtu, eta kamisetetara eraman dituzte. Zara moda dendak aurkeztu du udaberri-udarako bilduma berria: Chillida. Gizonezkoentzako kamisetak eta jertseak egin dituzte, Txillidaren lau lan estanpatuta.

Luis Txillida eskultorearen seme eta Txillida museoaren zuzendari ohiaren hitzetan, garrantzi handia eman diote eskultorearen lana «errespetu osoarekin eta traiziorik gabe» erabiltzeari. Esan du izan dituztela antzeko proposamen gehiago ere, baina Zarak egindakoa onartu dutela enpresak «ilusioa kutsatu» diolako familiari.

Ignacio Txillida arduratu da prozesuaz; eskultorearen semea eta artista da hura. «Ez ditugu lanak aukeratu, erabateko askatasuna izan dute», azaldu du hark. Azkenean, lau lan erabili dituzte arropa egiteko: Munich, Ibiza, Londres eta Parmenidesen poema.

Jantzien balioa

Kamisetek 19,95 euro balio dute, eta jertseek, 29,95. Zarak azaldu du Join Life arropa bildumaren filosofia erabili dutela jantziak egiteko: kotoi birziklatuarekin eta kotoi organikoarekin eginak daudela, alegia. Suitzako Public Eye gobernuz kanpoko erakundeak ikertu zuen bilduma hori bera, R-E-S-P-E-C-T izeneko jertsea adibide gisa hartuta, eta zenbakitan azaldu zituzten arropa egiten duten langileen baldintza eskasak.

Euskal Herrian 29,95 euro balio zuen jertse hark ere. Ikertzaileen arabera, Inditexek 7,76 euro ordaindu zizkion Turkiako hornitzaile bati jertse bakoitzeko. Hornitzaileak, berriz, Turkiako lantegiei 1,53 euro ordaindu zizkien jertse bakoitzeko. Lantegiotako langileek 310-387 euro arteko soldata dute, ikertzaileen arabera; hau da, 2,44 euro irabazten dituzte orduko. Kalkulatu zutenez, bizitzeko moduko soldata bat jasotzeko, gutxienez 6,19 euro kobratu beharko lituzkete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.