Erromerien lurraldea izaten da Sakana. Udako festekin iristen dira plaza taldeak ibarrera. Nonahi topa daitezke mota horretako musika taldeak herriko festetan; asteburuan zein aste barruan. DJak plazetara iristen hasiak badira ere, erromeriak dira oraindik nagusi Sakanan. Tximeleta da horien artean Sakanako taula gehienetara igotzen den musika taldea. Gaur hasiko dira Etxarri Aranazko festak, eta Tximeleta taldea, azken hamalau urteen modura, oholtza gainean izango da. Mikel Mundiñano Zato Tximeletako kide etxarriarrarentzat, beti da «berezia» bere herriko plazan jotzea.
«Tximeleta 2001ean sortu genuenetik etorri izan gara Etxarriko festetara». Hamalau urte hauetan taldea aldatu bada ere, sortu zeneko helburu eta filosofia berbera mantentzea lortu du: «Taldea sortu genueneko hiru baino ez gara geratzen. Euskal kultura, musika eta festetako euskaldun giroa aldarrikatzea ziren eta dira gure helburuak». Etxarri Aranatz aldarrikapen horiek egiteko plaza bikaina bada ere, taldeak ez du euskal musika bakarrik jotzen. Mundiñanoren ustez, errepertorio «zabala» dute, euskaraz gain ingelesez etagaztelaniaz ere abesten dutelako.
Musika estiloari dagokionez, denetarik tartekatzen saiatzen dira. Erromeria baten ezaugarri garrantzitsuena errepertorioa da Mundiñanorentzat: «Ehun kanta baino gehiago dauzkagu prestatuta. Arratsaldean eta gauean jotzen badugu, ez dugu abesti zerrendarik egiten». Azken urteetan errepertorioari buelta asko eman arren, elkartzen diren ikusleen arabera erabakitzen dute zein abesti jo. Dena den, edozein adinetako jendeak gustura entzun ditzakeen arren, gazteentzako errepertorioa da Nafarroako taldearena.
Jendearen eskakizunei ere kasu egiten die taldeak. Eskakizun bereziena Etxarri Aranatzen egiten dutena izaten da: Gwendalen Irish Jig abestia eskatzen dute. Abestia jotzen duten bitartean jendeak hitz propioak eransten dizkio: «Aupa Etxarri, aupa Etxarri». Tradizio bihurtu da. «Abesti hori jotzeko aukera dugu guk. Abesti hori jotzen ez dakien plaza taldeak jai du Etxarriko festetan», esan du txantxetan. Biluztu eta Kito kantak ere fama hartu du: «Interakzioa sortzen da publikoaren eta taldearen artean. Biluztearen truke kamiseta edo diskoa oparitzen dugu. Erantzun ona ematen duen jokoa da».
Erromerien lurraldean, Mundiñanorentzat hainbat arrazoirengatik da berezia herriko plaza. Etxean egoteaz aparte, plazaren kokalekua ere funtsezkoa da giro polita sortzeko. Tabernen artean dago, eta horrek jende asko erakartzen du.
Sakanako publikoarekin lotura «berezia» dauka taldeak: «Jendeak ezagutzen zaitu, eta zuk jendea ezagutzen duzu. Gertutasun handiagoa sentitzen dugu».
Etxarri Aranazko erromeria giroak badu beste berezitasun nabarmen bat. Festak ezagutzen ez dituenarentzat harrigarria izan daiteke, Mundiñanoren aburuz: «Jendea lepotik helduta kioskoari bueltak ematen hasten da». Festetako afixa irabazlearen ideia nagusia horretan oinarritu da: Ibili eta buelta izenburua hartuta, festetako irudi nagusia kioskoari buelta ematen dabiltzan urratsak dira.
«Jendea alaitzea eta aldarrikapena egitea nahi dugu». Bi helburu horiek betetzen saiatuko da gaur Tximeleta taldea.
Etxarri Aranazko festak
Tximeletaren doinuari jarraiki, plazari bira eta buelta Etxarrin
Hamalau urte daramatza Tximeleta plaza taldeak Sakanako festak alaitzen.Euskal jai giroa aldarrikatzea dute helburuetariko bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu