Osasuna. Aro berriak. Psikologia

Tximinoak eta psikologia

2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Psikologian, tradizioz, arazoak, sasoi latzak, gaixotasunak eta gaitzak izan ohi dira gehien jorratu diren gaiak. Eta, irizpide horren aurka, beste arloetan bezala, gaur egun, psikologia positiboa mugimendua piztu da, tradizio honetatik ateratzeko eta psikologiaren indarra pertsona osasuntsuen eta orekatuen azterketan jartzeko. Psikologia positiboan oinarrizko filosofia hauxe da: azter ditzagun nola pertsona psikologikoki garatuek eta orekatuek aurre egin dieten dituzten arazoei; eta bidean zein tresna eta modu psikologiko eraiki dituzten. Pertsona osasuntsuak aztertzen ondorio aberasgarriak lortuko baititugu, hezkuntzan eta klinikan erabiltzeko.

Aurrez aurre arazoak sentitzen ditugunean, beldurra da nagusi. Ikara eta beldurra nerbio sistemaren aktibazioak dira. Oinarrizko emozioa, hain zuzen. Animaliek eta gizakiok partekatzen dugun emozio erabilgarria. Zertarako erabilgarria? Gure bizitza arriskuen aurrean salbu jartzeko. Abere zein gizakiak arrisku baten aurrean ohartzea, konturatzea eta jabetzea, aurre egiteko erabaki zuzena hartzea —ihes egitea alaborrokatzea—, eta azkar egiteak bizirik irauteko helburua dauka. Baina animalia batek sentitu ahal duen arriskua naturala izaten da: beste animalia bat ala naturak sortutako fenomenoa —trumoia, haizetea...—. Gizakiok, horrez gain, geure buruak asmatutako, imajinatutako, gogoratutako, entzundako, pelikuletan ikusitako, arbasoei entzundako arriskuak ere bizitzen ditugu. Eta gure kontzientzian sortzen direnak, oraindik bizi bakoak, baina bai pentsatutakoak beldurra sortzen du gure baitan. Gaur egun dakigunetik, geure pentsamendu automatikoa bere kabuz lan egiten dabilenean, geure burua gai batetik bestera doanean, automatikoki, arazo batetik beste beldur batera, eta oroitzapen latz batetik hasierako puntura, geure burua alferrik estutzen da, eta gu gaixotu gaitezke. Komenigarria da erlaxatzea, geure buruaren lanaz ohartaraztea, momentu honetan esku artean bizitzen ari garena bizitzen eta beldur irrazionalak —gezurrezkoak direnak— alboratzen ikastea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.