Txirri, Mirri eta Txiribitonen saio berria otsailean hasiko da

urtzi urkizu
Donostia
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Otsailaren hasieran iritsiko da ETBra Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen saio berria. Euskara eta ingelesarekin jolastuko dira, eta etxeko neska-mutikoei ingelesezko hainbat hitz erakutsiko diete pailazoek. «Atal bakoitzean pailazoek gertaera bat biziko dute. Hitz batzuk azalduko dira gertaeran, euskaraz. Eta hitz horiek ingelesez nola diren azalduko dute robot baten laguntzaz», iragarri du Jon Andueza programako zuzendariak.

Puxtarri ekoizpen etxeak egingo du Sagarra da apple izeneko saio berria. Miramongo egoitzan grabatuko dute. Goizero emango dute, astelehenetik ostiralera, ETB1 eta ETB3 kateetan, baina oraindik ez dute finkatu ordua. Atal bakoitzak hamabi minutu inguru iraungo du.

Txirri, Mirri eta Txiribitonek dozenaka abesti sortu eta kantatu dituzte urteotan. Abesti batean honakoa kantatzen dute: «Sagarra manzana, ikatza carbón, mujer andria, ta hombre gizon». Belaunaldiz belaunaldi, Euskal Herriko milaka haurrek abestu izan dute pasarte hori. «Eta hitz-joko sinple horren bidez, neurri batean, haurrek hizkuntza ezberdinen arteko harremana ulertu izan dute», azaldu du Puxtarri etxeak. Saio berrian hori izango da proiektuaren zutabe nagusia: «Hizkuntza ezberdinen arteko harrema, alegia». Euskararekin eta ingelesarekin jolastuko dira saioan, garai bateko «sagarra manzana», «sagarra apple» bihurtuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.