Gasteizko jazz jaialdian aurkeztuko du Barcelona-Vitoria diskoa Arturo Blasco musikari eta irakasleak (Mas de las Matas, Teruel, España, 1956).
Jam Session Bartzelonako musika eskolako ikasleekin osatzen du Arturo Blasco Quartet. Diskoa bikoitza da: aurreko urteko jazz jaialdian grabaturiko abestiak eta ikasleek landutakoak. Gaur, 20:00etan, Green Bayen joko dute, eta igandean amaituko dute bira; guztira, zazpi kontzertu eskainiz.
Zein da zirrara handiena eragiten dizun musika estiloa?
Ia denak gustatzen zaizkit. Hotel batean hezi nintzen, Bartzelona ondoko hondartza batean. Musikari asko pasatzen ziren, rock zein pop taldekoak. Haiekin hitz egiten nuen, eta beraiekin joatea amestu. Txiki-txikitatik izan nahi nuen artista. Hortik datorkit musikarekiko zaletasuna.
Musika egiteari dagokionez, zer dagehien gustatzen zaizuna?
Nik mila gauza egin ditut: konposatu, zuzenean jo, pelikulei eta liburuei musika jarri, taldeekin proiektuak egin..., eta denak atsegin handiz. Hori bai, gauza bakoitza bere momentuan egin behar da; proiektu batean banabil, ez nabil beste ezertan. Orain, Gasteizko jazz jaialdian egongo naiz, eta ez beste ezertan.
Nola otu zitzaizun zure ikasleekin taldean jotzearen ideia?
Talde bat sortzea niretzat ez da ideia bat, behar bat baizik. Garrantzitsuena, nire bizitzan, sorkuntza da; eta ez musika soilik.
Nola ikusten duzu jazzaren mundua?
Egia esan oso momentu gogorra bizitzen ari gara. Hala ere, jazza, mundu osoan jotzen da, eta musika modernoarekin oso lotuta dagoenez, belaunaldi berriak sortzen ari dira.
Nola ikusten dituzu belaunaldi berriak? Jazza modu berean sentitzen al dute?
Jazzaren alderdi rockeroa galdu da, eta horrek pena handia ematen dit. Garaiak asko aldatu dira. Jenio hori galdu da. Jakin- mina ez da lehen zegoena. Gaur egun musikariak askoz prestatuago daude. Munduko bi puntetatik bi musikari bildu, eta ederki jo dezakete batera. Hizkuntza musikal berbera irakasten da hezkuntzan, eta hori oso aberatsa da, itzela.
Zer esango zenioke musikaz bizi nahi duen gazte bati?
Formatzea garrantzitsua dela esango nioke. Eta musikaz bizi nahi badu, beste lan bat bila dezala. Musikari ona izan nahi baduzu, lehendabizi okina edo arotza izan zaitez. Hobeto da egiten duzun musika gutxia barrenetik ateratakoa izatea, egin behar izatea baino.
Zer da zuretzat Gasteizko jazz jaialdia ?
Egutegian gorriz markaturik eduki izan dut, txirrindulari batentzat Tourra iristen denean bezala. Gasteizen bizi izan naizenez, gainera, helmuga gisa ikusten nuen. Zer ikasi dut aurreko urtearekin alderatuta, zertan heldu naiz, zer eskainiko dut berria dena... pentsatzen dut beti. Jaialdi honekin hezi naiz, eta niretzat oso pozgarria da bertan egotea.
Zer eskainiko duzu, gaurtik hasi eta igande arte, Gasteizko jazz jaialdian?
Atera dugun diskoa aurkeztuko dugu: Barcelona-Vitoria. Nire konposizioak ikasleekin jotzeko ideia eduki nuen, eta ikasleak, pozarren. Zerbait naturala eskaintzen dugu, etxekoa, pasio handiarekin. Guri berdin zaigu bi pertsonaren aurrean edo hogei milaren aurrean jo; dena emango dugu, beti egiten dugun bezala.
Arturo Blasco. Musikaria eta irakaslea
«Txirrindularientzat Tourra bezalakoa da niretzat Gasteizko jazzaldia: jomuga»
Batetik, lasai dago jazzaren egoerarekin, belaunaldi berrien etengabeko sorrerarekin: «sorkuntza da garrantzitsuena»; bestetik, triste: «jazzaren alderdi rockeroa galdu da; pena handia ematen dit».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu