Bilboko txistulari bandak gonbidatuta, euskal musika tradizionala jorratzen duen talde zaharrenetako bat izango da gaur, 20:00etan, Euskalduna jauregian: Eibarko Usartza txistu taldea, hain zuzen. 2010.urtean 75.urteurrena ospatu zuten, eta oraindik ekitaldiz ekitaldi alde batetik bestera aritzen dira hamar txistulariak.
Urte asko eman ditu taldeak Eibarko kaleak alaitzen era guztietako jai, protokolo eta ekitaldietan; horrez gain, Eibarko herritarrei urtean hainbat kontzertu eskaintzen dizkiete.
Orain dela gutxi 75. urteurrena ospatu duzue; urte horien guztien ostean, zein balorazio egiten duzue?
Balorazioa, noski, oso ona da. Urte asko daramatzagu, batez ere Eibarren, ekitaldiak egiten, eta oso momentu onak pasatu ditugu elkarrekin. Ia taldekide guztiek 30 urte inguru daramatzagu taldean, eta gure bizitzaren parte da ekitaldietan txistua jotzea. Gainera, 2010. urtean 75. urteurrena ospatu genuen, eta taldekoak ez diren eibartar asko animatu ziren hainbat ekitalditan parte hartzen; horrek asko poztu gintuen. Benetan eskertzekoa da herriak egiten duguna baloratzea.
Euskal herri musikan ibilbide luzeenetarikoa duen taldea da zuena. Zer esan nahi du horrek zuentzat?
Ez dakit, bada... Txistua gure bizitzaren parte da, eta ez genuke txisturik gabeko mundurik ulertuko. Taldekide gehienak zortzi edo bederatzi urterekin hasi ginen txistua jotzen, eta urtez urte denetarik egiten saiatu gara; hala ere, normala denez, musika tradizionala jorratu dugu gehien. Txistuan ohikoak ez diren formatuetan sartzen ere saiatu gara, beste musika tresna batzuekin uztartuz, baina gutxiago.
Euskalduna jauregira doazenek zer ikusi eta entzungo dute?
Joko ditugun piezak betiko errepertorioan oinarritutakoak izango dira, betidanik jotzen ditugunak. Baina, zerbait azpimarratzekotan, bi gauza aipatuko nituzke: batetik, Eibarko musika eskolako irakasle Marisol Arrillaga soinu jotzaileak pieza gehienetan lagunduko digula; bestetik, Iñaki Orbegozo perkusionistak pieza batzuetan bere ekarpena egingo duela.
Kontzertuan, Isidro Ansorena eta Pepe Andoainen pieza tradizionalak J. Ignacio Ansorena eta Sabin Bikandiren gaur egungo obrekin uztartzen dituzue. Nola izango da horI?
Errepertorioa, oro har, tradizionala da; baina errepertorio horren barruan badaude sonatatxo bat, kalejiraren bat, arin-arin bat, pare bat polka, bat herrikoia eta bestea modernoagoa... Tradizionaltasun horren barruan denetarik nahasten saiatzen gara.
Zenbat denbora eskaintzen diozue astean entseatzeari? Eta zenbat ekinaldi egiten dituzue urtean?
Normalean, astelehenetan gelditu ohi gara entseatzeko, arratsaldez, pare bat orduz. Urtean hainbat ekitaldi egiten ditugu: kalejirak, protokoloak... Eta urtean sei bat kontzertu ematen ditugu.
Zer behar du txistulari batek Usartza txistu taldeko parte izateko?
Behar-beharrezkoak, bi gauza: bata, txistua edukitzea, eta bestea, gogoa. Bi baldintza horiek betez gero, guregana hurbildu besterik ez dauka. Besoak zabalik hartuko dugu gazteren bat gure artean. Gaur egungo musika eskaintza zabalak gazteak beste bide batetik eramaten ditu, eta ez dira txistua jotzera animatzen. Etorkizunerako ez daukagu inolako erreleborik.
Elena Perez. Usartza txistu taldeko zuzendaria
«Txistua gure bizitzaren parte da; ez genuke txisturik gabeko mundurik ulertuko»
Eibarko Usartza txistulari taldeak 75 urte bete berri ditu, eta bertako zuzendaria da Elena Perez. Gaur, egiteko garrantzitsua dute, Bilboko Euskalduna jauregian joko baitute, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu