Asko maite ditu hegaztiak Joaquin Araujo naturalista eta idazleak (Madril, 1947). Gaztetatik aritu da animalia horiek aztertzen eta haien eskubideen alde. Hala, kulturari ekarpen esanguratsua egin diotela uste du, eta ekarri hori aztertu zuen atzo Donostiako udaletxeko batzar aretoan eman zuen hitzaldian (Hegaztien papera kulturan).
Hain garrantzitsuak izan al dira hegaztiak kulturarako?
Berebiziko akuilu dira, bai sorkuntza artistikorako, bai zientziarako. Naturako elementuak gizakiaren inspirazio iturri nagusi izan dira betidanik. Hor nabarmena da hegaztiek izan duten garrantzia: eskulturan, margolaritzan, musikan, literaturan… hamaika adibide dago. Poesian, esaterako, oso pertsona ezagunek landu duten gaia da. Pentsa ornitologiak 30 milioi pertsona inguru mugiarazten dituela mundu osoan. Hori guztia barneratuz gero, uler daiteke hegaztiek kulturan duten garrantzia.
Artistek zergatik miresten dituzte hegaztiak?
Gure zentzumenei ekarpen handia egiten diete. Hainbesteko pisua duen animalia batek hegan egin ahal izatea ikusgarria da. Mirespen handia sortzen du txori bat hain libreki hegan egiten ikusteak. Benetako kolore distira dira! Gainera, hegaztiek abestu egiten dute, eta kantu horiek zientzialarien fonogrametan eta musikarien pentagrametan transkriba daitezke. Beethovenek eta halako konpositore ezagunek txorien kantuak txertatu dituzte euren sinfonietan. Hegaztiak hain erakargarri izateak eragin du kulturan duen garran- tzia.
Gure egunerokotasunean ere txertaturik dago hegaztien garrantzia. Gaugiro zaleari gautxori deitzen diogu…
Bai, gauean dabilenari gautxori, goizean goiz jaikitzen denari hegazabal, buruargiari kuku, lapurtzen duenari mika… hamaika adibide topatzen dugu atsotitzetan, egia da.
Kulturak ere nozituko luke espezie batzuk galtzea?
Hegaztien mugikortasuna herri baten paisaiaren adierazle paregabea da. Txorien antolaketaikertuz gero, mendi, ibai eta baso horien kalitatea jasoko dugu. Beraz, eragina izango luke kulturan. Hegaztiak paisaien termometro edo alarma sistema gisabalia daitezke. Zientzia biologikoentzat gai garrantzitsua izan dira, eta hori ere kontuan izan behar dugu.
Termometro gisako bati buruz ari zara. Horri begira, zein tenperatura legoke egun Euskal Herria?
Euskal Herrian ingurumenarekiko lotura handia dago, interes handia. Herritarrek landa mundua eta natura errespetatzen dituzte. Baina zatiketa handia dago. Normalean hori ingurumenarentzako mehatxu handitzat jo ez dugun arren, Euskal Herria oso zatituta dago. Ekosistema bereziak daude, baina txikiak dira, eta bata bestearekin inkomunikaturik daude. Hori aldatzeko lanean ari dira, eta Euskal Herria penintsula osoko liderra da ingurune korridoreen sorkuntzan. Gai garrantzitsua da fauna osoarentzat, bereziki hegaztientzat. Baina egiteko asko dago.
Txorientzat leku aproposa da Euskal Herria.
Leku pribilegiatua da, bai. Hemendik planeta osoko migrazio bide nagusietako bat pasatzen da. Momentu honetan, gainera, bor-borrean dago bide hori: negua pasatzera iparraldetik hegoaldera datozen txoriak hemendik igarotzen dira. Euskal Herrian eskualde atlantikoa, eurosiberiarra eta mediterraneoa elkartzen dira, eta horrek ahalmen handia ematen dio lurraldeari. Zatitu gabeko lekuetan, natura adierazpen liluragarriak daude.
Ehizarekin nahiko kritikoa zara. Oso sustraitua dago Euskal Herrian.
Uste dut ehizaren inguruan hobekuntza asko egin daitezkeela, ikuspegi guztietan. Ehiza arrazionalizatuko bagenu, onuradun nagusia ehiztaria bera izango litzake. Badakit ehiztari batentzat ulertzeko zaila izan daitekeela, baina autokontrola eta mugak ezinbestekoak dira. Egoera ekonomikoa bezalakoa da: ezin gara zulotik atera kontsumoa eta espekulazioa areagotuz, murriztuz baizik. Estilo soil, neurritsua eta arrazionala sortu behar dugu. Ehiztariari horixe bera esan behar diogu, ehizatzen jarraitzeko gutxiago ehizatu behar duela. Baina zaila da, gure izaera irrazionalarekin egiten du talka. Tiro bat jotzea atsegin duenak nahiago du 50 tiro bota; horrek jartzen gaitu kinka larrian. Azken finean, ehiza gizartearen isla da: etxe bat duenak bi etxe nahi ditu; auto bat duenak, beste bat.
Ehizaren arrazionalizazio baten alde zaude, beraz?
Ehiza kirol bihurtzearen eta ekologizatzearen alde nago. Bakoitzak bere sentiberatasuna eta bere irizpide etikoak ditu. Niretzat, ehiza onartezina da, bai etika aldetik, bai jolas jarduera gisa ere; baina beste batzuek hura gogoko izatea uler dezaket. Gakoa ez da ehiza ezeztatzea, jarduera bera askoz gehiago kontrolatzea baizik.
Badira urte batzuk Hego Euskal Herrian kontrapasa debekatu zutenetik. Berri ontzat daukazu?
Lorpen txiki bat da, eta ulergarria, iraganean debekuak sarritan huts egin arren. Ezin dira hil ugaltzera doazen txoriak. Populazioa bere onera itzultzen denean, aurrera; baina udaberrian ehizatzea astakeria galanta da.
Ehiztariek birpopulatzeak sustatzen dituzte.
Gaur egun egiten den ehiza gehiena haztegietako animalietan oinarritzen da, eta hori murgilduta gauden zentzugabekeriaren beste erakusle bat da. Ehizak askatasunean jaio diren animaliak ehizatzea izan beharko luke. Oiloak oilategian jaiotzen diren era berean hezten diren basurdeak, oreinak eta eperrak ehizatzea aldrebeskeria da. Birpopulatzeak, gainera, arazo asko sortzen ditu naturan. Animalia horiek hiltzera kondenatuak daude, ez bizitzaren berritze zikloan parte hartzera.
Hondarribiko aireportua handitzeko proiektuak aurrera dirau, Plaiaundiko parke ekologikoan eragin dezakeen arren.
Aireportuen gaia oso labaina da. Naturista baten ikuspuntutik, eta Txingudiko naturak hegaztientzat duen garrantzia ikusirik, ez da gomendagarria aireportua handitzea. Gainera, ez du logikarik. Euskal Herria oso txikia da, eta bi aireportu handi eta bikain ditu. Ez du zentzu handirik; Bilbotik Donostiara ordu bat besterik ez dago. Baina zer egingo diogu.
Katalunian berdina gertatzen da: hiriburu bakoitzak aireportua du, eta horietako bitan ia ez dago jarduerarik. Jendeak ulertu behar du Pasaian ezin dela kanpoko porturik egin, Hondarribian ezin dela superaireporturik egin; dagoen tamainarekin konformatu behar dela. Tamainak garrantzia du, eta zenbat eta txikiago, hobe.
Joaquin Araujo. Naturalista eta idazlea
«Txorien antolaketa ikertuz gero, naturaren kalitatea jasoko dugu»
SEO-Birdlife erakundeak Txoriastea antolatu du Donostian, eta han izan da Araujo, hitzaldi batean parte hartzeko. Naturalistak uste du hegaztiek gizartean ekarpen handia egiten dutela eta kulturaz harago naturaren egoeraren neurgailu gisa erabil daitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu