Aste Nagusiak protagonista ugari izaten ditu bederatzi egunean, eta horien artean haurrek zeresan handia izan ohi dute. Hori ondo asko dakite Euskalgunean, eta egunero antolatzen dituzte haurrentzako jarduerak. Marrazketa, zirkua, jolasak eta hainbat lantegi egin dituzte haurrekaste guztian. Atzo ere izan zuten jolasteko aukera, baina kasu honetan betiko jolasetan aritu ziren. Iturrietan, soka saltoan, mozorroak egiten edo bestelako jolasetan aritu ziren Eguzkizaleak eta Txori Barrote artean zegoen lekuan.
«Haur askok ez dakite iturriak zer diren ere, eta ez dira jolasten. Hori ikusita, guraso asko haiekin jolasten dira, eta eurek ere erakusten diete nola jolastu». Nora Egiguren Txori Barroteko konpartsakoa haur bati aurpegia marrazten ari zitzaion hori esplikatzen zuen bitartean. Beraz, badirudi jolas horiek ez daudela haurrentzako bakarrik antolatuta, guraso askok ere horiekin gogoratzen baitute beren haurtzaroa. «Jolas horiek ez dira galtzen ari, baina askori ahaztu egin zaizkio», zioen.
Eguerdian hasi zen Egiguren aurpegiak margotzen, horrela haurrak ingurarazi eta ondoren jolasetara geratzeko amua izango balitz bezala. Eta asmatu zuen. Hasieran ez zeukan ilara luzerik, baina denborak aurrera egin ahala, gero eta haur gehiago zeuden aurpegia margotzeko zain. Batek Spidermanen marrazkia nahi zuen, eta beste batek tigre arrosa eskatu zion. «Gustu guztiei erantzun behar zaie». Bien bitartean, zenbait haur mozorroak egiten ari ziren, eta iturrietan jolasten beste bi. «Giro polita sortzen da inguruan».
Hurrengo urterako, gainera, egitarau zabalagoa prestatzea pentsatzen ari dira konpartsetako zenbait kide, Egiguren tartean. «Ikusiko dugu ea haurrei bazkari bat egiten diegun jolasak eduki eta gero».
Bilboko Aste Nagusia
Txosna gunea jolastoki
Aste Nagusian Euskalguneko konpartsek haurrentzako jolasak eta ekintzak antolatzen dituzte egunero.Betiko jolasetan aritu dira haurrak, eta haiei erakusten gurasoak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu