Amnistiaren aldeko lehen konpartsa 1981ean sortu zen Bilbon, Xakilixut izenpean. Hainbat arazo tarteko, bost urteren buruan desagertu egin zen, baina urte hartan bertan, Txori Barrote sortu zen, haren jarraipena izango zen konpartsa. Horregatik, aurten 25 urte bete ditu amnistiaren aldeko konpartsak, baina urteurrena txosnarik gabe ospatu beharko dute. Edozein modutan, Txori Barroteko konpartsa kideek jaietan zuzenean parte hartzen jarraitzen dute.
25 urte bete, eta txosnarik gabe...
Bigarren urtea da aurten txosnarik gabe, eta honekin amaituko dugu udalak jarri zigun zigorra. Txosnarik ez daukagu, baina konpartsa moduan lanean jarraitzen dugu, beti bezala. Txosnarik ez edukitzeak zailtasunak eragiten dizkio konpartsari, elkarrekin gelditzeko lekurik gabe gelditzen garelako, baina ilusioarekin jarraitzen dugu. Berdina egiten dugu, baina txosna barik.
Urteurreneko zein ekitaldi egin behar dituzue?
Iraganeko, egungo eta etorkizuneko konpartseroei deialdi bat egin diegu, eta bazkari bat egingo dugu gaur 25. urteurrena ospatzeko. Oraindik ezer lotuta ez badaukagu ere, jaialdi bat egin nahi dugu urtea amaitu baino lehen. Baina azken urte hauek zailak izan direnez, oraindik ez dugu ezer zehaztu.
Kantua hala ere egin duzue...
Bai, Ze Esatek! taldekoek abesti bat egin dute Etxahun Lekue bertsolariak egindako hitzekin, eta orain eskaintzen ari diren kontzertuetan hasi dira abesti hori plazaratzen. Horrekin adierazi nahi dugu Txori Barrotek hemen jarraitzen duela, presoen egoeraren kontrako salaketak egiten eta euren alde lan egiten.
Aste Nagusian zuen parte hartzea berdina da?
Txosna ez eduki arren, bai. Euskalgunearekin egitaraua eta kontzertuak antolatzen, gastronomikoan laguntzen, bazkariak egiten —tartean presoen aldekoa— eta abar. Alde horretatik ez dugu ezer aldatu. Alde bakarra, eta ez da gutxi, txosna ez dugula. Hori dela eta, jende askok izan zezakeen erreferente bakarra galdu egin du.
25 urte hauetan Aste Nagusiko bilakaera nola ikusi duzue?
Duela 25 urte baino preso gehiago daudela, hori da alderik txarrena. Bestetik, Aste Nagusian denbora pasatu ahala, nik uste asko hobetu dugula antolakuntzaren eta diseinuaren aldetik. Hiri krosa, lehiaketa gastronomikoa eta beste hainbat ekitaldi antolatzeko antolakuntza hobea dago, 1996an konpartsa guztiak errejistratu aurretik hori guztia apur bat anarkikoa baitzen. Udalaren aldetik izandako oztopo guztien ondorioz, konpartsako kideak hobeto antolatzeko balio izan duela iruditzen zait.
Borja Irizar. Txori Barroteko kidea
«Txosnarik izan ez arren, lanean berdin dihardugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu