Uztaila eta iraila bitartean Gasteizko erdigunea alaitzen arituko dira hainbat txokotatik etorritako konpainiak. Familientzako eta haurrentzako ikuskizunak eskainiko dituzte, euskaraz eta gazteleraz.
Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako (Gaztela eta Leon, Madril eta Andaluziako) konpainien emanaldiak izango dira ikusgai. Guztira hamar konpainia arituko dira, eta 11 ikuskizun eskainiko dituzte. Euskaraz, besteak beste, hilaren 22an Jule ikuskizuna eskainiko dute Hortzmuga konpainiakoek, eta, abuztuaren 26an, Markeliñe antzerki konpainiaren eskutik, Chef Nature ikuskizuna izango da. Bi emanaldi horiek ordubete inguru iraungo dute.
Uztail eta abuztuko igandeetan eta uztailaren 14 eta 28an egingo dituzte ikuskizunak, eta Gasteizko Alde Zaharrean eta erdigunean ariko dira. Hala ere, aurten lehen aldiz, Arriagako parkean ere izango dira formatu txikiko bi ikuskizun.
Askotariko emankizunak eskainiko dituzte: ikuskizun ibiltariak, haurrentzako txotxongilo muntatzea... Ezohiko emanaldi bat ere egongo da, mutua. Gazteentzako eta helduentzako ikuskizun bat ere egingo dute, uztailaren 28an, ikusle mota horretara iristeko asmoz.