Gerizpean. Uda-pasa

Txotxongiloen magia

Hamabi txotxongilo konpainiak eskainiko dute beren ikuskizuna bihartik igandera arte Sestaon

Haurrei irribarrea ateratzeko abilezia berezia dute txotxongiloek. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Sestao herriari tokatu zaio aurten Txotxongilo Eguna antolatzeko ohorea. Guztira hamabi konpainia izango dira, bihar hasi eta igandera arte, haur nahiz helduen imajinazioa martxan jarri eta bidaia magikoetan murgilarazteko arduradunak.

Ikuskizun gehienak euskaraz izango dira, eta herriko hainbat lekutan antzeztuko dituzte; guztiak aterpean, euriaren mehatxua saihesteko. Sestaoko Musika Eskola, herriko hainbat taberna eta San Pedro, Balmaseda Kondearen eta Kasko plazetan izango dira, hain zuzen ere, ikuskizunak.

Txotxongilo ikuskizunez gain, beste hainbat jarduera prestatu dituzte hiru egun horietarako; horien artean, aurpegiak margotzen ikasteko jarduerak eta txotxongiloak egiten ikasteko jarduerak.

Txotxongilo Egunean parte hartuko duten konpainia gehienak Euskal Herrikoak dira, Euskal Herriko Txotxongiloen Nazioarteko Elkarteko partaideak. Elkarte hori 1984an sortu zuten, Euskal Herriko txotxongilo elkarteak eta sektoreko beste hainbat profesional batzeko helburuarekin.

Enkarni Genua elkarteko zuzendariak adierazi duenez, krisi egoeraz jabetuta eta Txotxongilo Eguna berezia izan ohi denez, prezioak jaitsi egin dizkiote udalari.

Ikuskizunak doakoak izango dira, eta momentu atsegin eta dibertigarria pasatu nahi duen orori egin diote gonbita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.