Windows edo Mac OS X erabiltzaile batzuek software libreak dituen sistema eragileak probatzeko gogoa izaten badute ere, askotan ez zaie erraza egiten erabiltzen duten ordenagailuan sistema berriari aukera bat ematea. Ez dugu konplikazio handitan sartu nahi eta are gutxiago erabiltzen dugun ordenagailuan ditugun fitxategi eta datuak galdu nahi. Ondorengo lerroetan, sistema eragile berri bat probatzeko zenbait modu aurkeztuko ditugu, eta, bereziki, birtualizazioan sakonduko dugu.
Sistema eragile berribat probatzeko zenbait modu
Erabiltzaile batek dituen aukerak aipatu baino lehen, hasierako egoera bat deskribatuko dugu: erabiltzaileak Windows edo Mac OS X sistema eragilea darabil ordenagailuan, eta GNU/Linux oinarritzat duen sistema eragile bat probatu nahi du; esaterako, jende artean ezagunenetako izan den Ubuntu distribuzioa edo banaketa.
LiveCD deitzen dioten CD disko bat erabiltzea da aurkeztuko dugun lehen aukera. Gure ordenagailuan CD bat sartu, eta ordenagailua berrabiaraziko dugu. Disko gogorrean instalatua dagoen sistema eragilearen ordez, LiveCDak dakarren sistema eragilea kargatuko du ordenagailuak. Disko gogorra ez du ukitu ere egingo sistema eragile berriak, lan guztia ordenagailuaren RAM memoria erabilizegingo baitu; ondorioz, ez dugu inongo daturik galtzeko arriskurik. Ubuntu instalatzeko izaten diren aukera gehienek LiveCD moduan funtziona dezakete. Ubunturen deskarga orritik, disko irudi bat jaitsi beharko dugu, eta, ondoren, CDbatean grabatu. http://www.ubuntu.com/desktop/get-ubuntu/download helbidera joan, eta, agertzen diren azalpenak pausoz pauso jarraituta, LiveCDa sortuko dugu.
LiveCD bat erabiltzea probatu nahi dugun sistemaren itxura eta funtzionalitatea erraz ezagutzeko modu bat da, eta, bide batez, gure ordenagailuaren hardwarea sistema eragile berriarekin bateragarria den ikusteko aukera izango dugu. Kontuan hartu behar da, disko gogorrean instalatua egongo balitz baino askoz ere mantsoago ibiliko dela probatzen gabiltzan sistema, etengabe CDtik datuak irakurtzeko beharra baitu. CD baten ordez, USB giltza bat erabil daiteke.
Eskura dugun beste aukera bat da dual-boot edo abio-bikoitza esaten zaiona. Ohiko sistema eragileaz gain, beste sistema eragile bat instalatuko da gure ordenagailuan: ordenagailua piztean, martxan jarri nahi den sistema eragilea hautatzeko aukera izango da. Hori egiteko, gure ordenagailuan lekua egin behar zaio sistema eragile berriari, beste disko unitate bat erosi eta hor instalatuz, edo dugun diskoan, libre dagoen zati bat sistema berriarentzat erabiliz; teknikoki, partizio berri bat sortzea esaten zaiona. Hori egiteko, informatika ezagutza minimo batzuk behar dira, disko berri bat instalatzea edo jada badugun batean partizio berri bat sortzea ez delako egiten ezer gutxi jakinda.
Gure adibidera bueltatuz, LiveCDa probatu ondoren, Ubuntu instalatzea erabakitzen badugu, LiveCDa martxan jarri, eta, mahai-gainean edo eskritorioan eskaintzen zaigun instalazio-ikonoan klik eginda, instalazio prozesuak berak partizio berri bat sortu eta Ubuntu bertan instalatzeko aukera emango digu. Instalazioa amaitu eta gero, ordenagailua piztean, instalatuak dauden sistema eragile zerrenda erakutsiko zaigu, eta nahi duguna martxan jartzeko aukeraizango dugu. Gure disko gogorrekin jolasten hasi baino lehen, daturik ez galtzeko, gomendagarria da datuen babes-kopia bat egitea.
Birtualizazioa
Abio bikoitzak dituen zailtasun eta arriskuak saihestu nahi baditugu, birtualizazioa aukera ona izan daiteke. Birtualizazioa erabiliz, gure ordenagailuak darabilen sistema eragilearen gainean, beste makina bat instalatzeko aukera izango dugu —makina birtuala—; hau da, Windows edo Mac OS X gainean, Ubuntu instalatuko dugu.
Birtualizazioa software batek ematen duen zerbitzua da, eta zerbitzu horrek bere gainean abiaraziko diren makina birtualei hardware batek dituenoinarrizko zerbitzuak emango dizkie software bidez: disko biltegi zerbitzua, sare zerbitzua, RAM edo memoria zerbitzua eta abar.
Birtualizazio softwarean, aplikazio libreak zein jabedunak ditugu eskura. Vmware (http://www.vmware.com/) da software jabedunean dagoen aukerarik ezagunena, eta lizentzia libreak dituztenen artean, Xen (http://www.xen.org/) edo VirtualBox (http://www.virtualbox.org/) dira ezagunenak.
VirtualBox bezalako software instalatu eta gero, posible izango dugu, gure oinarrizko sistema eragilearen gainean, Ubuntu instalatzea. VirtualBox berak eskaintzen duen morroi bat erabiliz, sistema eragileak disko moduan erabiliko duen fitxategi bat sortuko da, eta gure Windows edo Mac OS X-ek sistema berriari eskainiko dizkion baliabidean zehaztuko dira —zenbat RAM, zenbat prozesadore, audio euskarriak eta abar—.
Birtualizazioak hainbat abantaila ematen ditu. Esaterako, sistema berriarentzat disko gogor moduan sortzen den fitxategia, behar ahala handituz joan daiteke automatikoki. Abio-bikoitza bezala aurkeztu dugun metodoan ez bezala, ez dago zertan makina bat itzali bestea martxan jarri ahal izateko, eta, sortu dugun makina birtuala pikutara bidali nahi badugu, fitxategi bakar bat ezabatzea nahikoa da. Sistema eragile oso bat fitxategi batean dugunez, fitxategi hori hartu, eta beste makina batean ere martxan jar dezakegu. Azkenik, gure Ubuntu sistemarekin lan egitez amaitu dugunean, ez dugu zertan Ubuntu sistema eragilea itzali; VirtualBox-ek Ubunturen egoera graba dezake, gero utzi dugun bezala berriz ere martxan jartzeko.
Zenbait desabantaila ere baditu birtualizazioak. Ubuntu makina airoso ibiltzeko, gutxienez 512Mb RAM eskaini beharko zaizkio, beraz, oinarrizko sistemak RAMez ondo ornitua egon beharko du, 1GB RAM gutxienez. Ubuntu martxan jartzeko, oinarrizko sistema eragilea jarri beharko dugu martxan, eta,gero, Ubuntu martxan jarri; beraz, denbora gehiago beharko dugu.
Zibergela
Ubuntu probatzen
Ubuntu sistema eragilea probatzeko hainbat modu daude; batzuk ez dute arriskurik, eta beste batzuek disko gogorrean egokitzapenak egitea eskatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu