Ezarian. Udalekuak

Uda igarotzeko era ugari

Euskal Herrian udalekuetako eskaintza handitzen ari da urtetik urtera. Hizkuntzak ikasteko aukera ematen dute batzuek, kirola egiteko beste batzuek.

Irrien Lagunen klubeko pertsonaiak Zerainen egingo diete harrera haurrei. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Uda ate joka dugu, eta haurrak oporretan pentsatzen hasita daude. Hainbat aukera dituzte aurtengorako. «Lehen ez zegoen halako aukerarik», dio Txomin Magdalenak, Zutundu surf elkarteko kideak. Gaur egun, hizkuntzak ikasteko hainbat eskaintza daude, baita kirola praktikatzeko edo jakintza zabaltzeko. Guztiak ere aisialdiarekin uztartuta.

Bizikleta eta ingelesa

Kirola, hizkuntza praktikatuz

Bi alor uztartzen ditu Durangoko Txirrindulari Elkartearen eskaintzak. «Txirrindularitza erakutsiko diegu haurrei, ingelesez», dio Josu Atxotegi elkarteko kideak. Eskoziako eta Irlandako bi txirrindulari afizionatu etorriko dira Durangora (Bizkaia), eta haurrei txirrindularitzako modalitateak erakutsiko dizkiete: errepidekoa, mendikoa eta pistakoa. Txirrindularitzaz ikasten duten bitartean, ingelesez ere ikasi ahal izango dute Durangoko haurrek.

Udalekuak uztaileko egunetako goizetan egingo dira, eta 8-15 urte arteko haurrentzat izango dira. Izena emateko epea ekainaren erdi aldera amaituko da, eta 100 euro inguruko prezioa izango du.

Euskaraz Blai udalekuak

Euskaraz hitz egitea helburu

Nafarroako haurrek euskaraz hitz egiteko aukera edukitzea. Hori da Arantzan eta Beintza-Labaienen (Nafarroa) dauden aterpetxeetan egiten diren udalekuen helburua. «Nafarroan asko dira A eta B ereduan ikasten dutenak, eta horiei euskaraz hitz egiteko aukera eskaini nahi diegu», Xabi Zugarramurdi Arantzako aterpetxeko arduradunaren esanetan. Hamabi urte dira udalekuak egiten hasi zirela, eta duela bi Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak laguntzak kendu zizkien. Ordura arte nafarrei eskainitako udalekuak ziren, baina geroztik Euskal Herri osotik inguratzen dira haurrak.

Astebeteko egonaldiak eskaintzen dituzte, eta Beintza-Labaien eta Arantza inguruan egiten dituzte txangoak. Aurten 800 haur ingururentzako lekua daukate. Ekaina eta iraila artean egingo dira egonaldiak, eta www.consorciobertiz.org webgunean eman daiteke izena, 195 euroren truke.

Irrien Lagunak udalekuak

Pertsonaia ezagunekin ikasten

Zeraingo (Gipuzkoa) paisaia kulturala ezagutzeko, aukera ezin hobea eskaintzen du Irrien Lagunak klubak. «Bertako pertsonaiekin inguru hori ezagutu ahal izango da», Iñigo Arandia Irrien Laguneko kidearen esanetan. Largabista, Martinber eta haurrentzako horren ezagunak diren beste hainbat pertsonaia udaleku horietan egongo dira. «Hainbat irteera proposatzen dizkiegu haurrei, kasuan kasuko pertsonaiak xehetasun guztiak azaltzen dizkiela».

Aurten, ikastetxeetako ikasleeiantzeko egitasmo bat eskaini diete, baina uda honetarako Zeraingo Aldabe elkartearekin harremanetan jarrita antolatu dituzte udalekuak. Uztailean eta abuztuan egongo dira han 7-9 urte arteko haurrak. Izen ematea maiatzaren erdialdean amaituko da [email protected] korreo elektronikoan egin daiteke, 295 euroren truke.

Zientzia udalekuak

Ingurunea ezagutzeko aukera

Inguratzen gaituzten hainbat elementurekin harremanetan jartzea da Eureka zientzia museoak antolatu dituen udalekuen helburua. Animaliak, landareak, itsasoa, astronomia eta beste hainbat gauzaren inguruan hezkuntza proiektu bat antolatu dute uda honetarako. «Gabonetan antzeko eskaintza bat egin izan dugu, baina gurasoek udarako ere eskatzen ziguten», azaldu du Elena Rosalesek, udalekuen arduradunak.

Astebeteko 11 txanda eskainiko dituzte ekaina eta iraila bitarte, eta hiru adin tarterentzat: 3-5 urte artekoentzat, 6-7 artekoentzat eta 8-10 urte artekoentzat. «Adin tarte bakoitzak bere jarduerak izango ditu». Izena emateko epea aste honetan zabaldu dute, eta 943 011 341 telefonoan egongo da horretarako aukera. Udalekuek 85 euro balioko dute.

Surf udalekuak

Olatu gaineko ikastaroak

«Guk jaso nahi izango genuen udalekuak antolatzen saiatu gara», esan du Txomin Magdalenak, Zutundu surf elkarteko kideak. Surfa erakusten duten udalekuak antolatu ditu Zarauzko elkarteak, «aisialdiko beste dinamika batzuekin batera». Hasieratik erakusten diete haurrei surfean egiten, oro har ezer ez dakitenak joan ohi baitira.

Astebeteko txandak egingo dituzte, eta 10-18 urte arteko gazteentzat da. Matrikulazioa www. udalekuak.ikastola.net/matrikulazioa webgunean egin daiteke, maiatzaren 9ra arte, 435 euroren truke.

Bertso udalekuak

Aisialdia errimen arabera

Dagoeneko ibilbide luzea egin dute Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen udalekuek, 15 urte bete berri baitituzte. Bertsotan egiteko aukera daukate bertan haurrek, «baina modu ludikoan egiten dute, jolasekin tartekatuz», Ixiar Eizagirre transmisio arduradunaren esanetan. Euskal Herriko txoko guztietatik inguratzen dira haurrak, Barria (Araba), Orio (Gipuzkoa), Bidarrai (Nafarroa Beherea), Irañeta (Nafarroa), Arrazola (Bizkaia) edo Zuhatzako (Araba) aterpetxeetara.

9-18 urte arteko gaztetxoek, maiatzaren 10era arte izango dute aukera bertso udalekuetan izena emateko. 150 eta 300 euro arteko prezioa daukate, eta izena emateko943 694 129 telefonora deitu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.