UDAN BAI. BILBOKO ASTE NAGUSIA. UDAN BAI

BILBOKO ASTE NAGUSIA. Euskal Gunean ere jai giroa. Hor Dago Abante konpartsak jaia girotzen duten ekitaldiak antolatzen ditu egunero

JAN ETXEBARRIA BILBO
2006ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Jaiak hasi zirenetik giro ederra egon da Hor Dago Abante txosnaren inguruan. Izan ere, BERRIAren lagunen konpartsakoak urtero saiatzen dira jaiak ongi antolatzen hainbat ekitaldiren bitartez, eta aurten gauzak ondo ateratzen ari zaizkie.

Astearteko bertsotrikikalejirara jende asko hurbildu eta gero, Abantekoek indarra hartu dute. Hori dela eta, ekitaldi indartsuak prestatu dituzte orain arte; besteak beste, urtero antolatzen duten mus txapelketa, herenegun izandako bertso poteoa, euskal taldeek eskainitako kontzertu ezin hobeak: Sorkun asteazkenean eta Kuraia atzo... «Normalean, jende asko etortzen da kontzertuak ikustera. Asteazkenean jendez beteta egon zen Sorkunen kontzertua, eta beraz, esan daiteke jende asko biltzen dela horrelako ekitaldietan», dio Idoia Lorenzo Hor Dago Abanteko kideak.

Giro ederra dago beraz, BERRIAko lagunen txosnaren inguruan eta, hori dela eta, hango konpartseroek jende guztia gonbidatu nahi dute jai giro euskaldun horretan parte hartzera.

Hortaz aparte, nabarmentzekoa da, iragan asteburuan baino jende gehiago espero dela oraingoan Abanten. Izan ere, jendeak jaietako azken egunez gozatu nahi izaten du, festen oroitzapen ona izateko. «Orain arte jende asko hurbildu da gure txosnara hemengo giroaz gozatzeko helburuarekin. Dena den, gaurtik aurrera lan handia izango dugu; jaiak laster amaituko dira eta, beraz, jai giro ezin hobea izango da Abante txosnaren inguruan», adierazi du Lorenzok.

Hainbat ekitaldi antolatzeaz aparte, beste konpartsek antolatutako ekitaldiei probetxua ateratzen saiatuko dira BERRIAko lagunen konpartsako kideak jaietako azken egun hauetan. Beraz, ekitaldiak antolatzea ez da izango euren betebehar bakarra Bilboko jaietan, eta horregatik, ondo pasatzen saiatuko dira beste ekitaldi batzuetan parte hartuz. Hala ere, ekitaldiak antolatzen jarraituko dute jaiak amaitu arte. «Orain ari gara prestatzen larunbateko Marmitako lehiaketa. Hau da, lehiaketa egiten da, eta gero, konpartseroen arteko bazkaria egiten dugu. Igandean, ordea, jaietatik bizirik iraun dutenen bazkaria izango da Abanteren inguruan», esan du Lorenzok.

SARIA LORTZEKO AUKERA. Hor Dago Abante konpartsak BERRIAk bultzatutako joko bat eraman du aurrera jaietako egun hauetan. Izan ere, BERRIAko lagunen konpartsan trago bat hartzerakoan, paper bat ematen zaie hango bezeroei, eta horiekin hainbat sari irabazteko aukera dago. Eguzkitakoak, elastikoak edota Lesakako ostatu batean asteburu bat pasatzeko aukera eskura daitezke joko horren bidez.

Gaur zer

09:00. Gastronomia lehiaketa Campo Volantin pasealekuan (udaletxe aurrean): bakailaoa pil-pil erara. Izen ematea.

10:00 Txistularien diana eta txupina.

10:00 Areatza. VIII. Xake Txapelketa (partida arinak).

10:00 Uraren Eguna, Uribitarten. Estropadak eta ur jokoak (konpartsak).

11:00 Erraldoien eta buruhandien kalejira gaita-jotzaileekin eta txistulariekin.

11:00 Umeentzako eta gaztetxoentzako jolasak, Erripako kaian.

11:00 Aste Nagusiko Pilota Lehiaketa, Itxaropen kaleko pilotalekuan. Promesak: Azkune-Arkotxa / Salaberria-Saenz. Lehen mailako afizionatuak: Garcia-Aranburu / Galarza-Olabarrieta.

12:00 XVIII. Bilbainada Lehiaketako sari banaketa, Pergolan. Los Chimberos.

12:00 Herri kirolak eta jolasak, Areatzako kaian: Idi proben BBK norgehiagoka.

12:00 Udalaren Musika Bandaren kontzertua, Areatzako kioskoan.

13:00 Bilbainadak, Zazpikaleetan: Bilbotarrak.

13:00 Bertsolariak, Santiago plazan: Oihana Bartra, Alaia Martin, Jokin Labaien eta Urtzi Urrutikoetxea.

13:30 Kaleko antzerkia, Arriaga plazan: Mag Lariren Classic.

14:30 Gastronomia lehiaketako sari banaketa, Campo Volantin pasealekuan (udaletxe aurrean).

17:00 Ibilbide ekologikoa (konpartsak), Uribitarten.

17:00 Jaia Txurdinagako pentsiodunen egoitzan.

17:00 BBK Txikikigunea gaztegunea, Erripako kaian. Umeentzako eta gaztetxoentzako jolasak.

17:30 Hiri Krosa, Areatzan. Irteera.

18:00 Abonuko zazpigarren zezenketa, zezen-plazan. Ganadutegia: Alcurrucen. Toreatzaileak: Enrique Ponce, El Cid eta Jose M. Manzanares.

19:00 Euskal dantzak, Plaza Barrian. Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Urdaibai (Forua).

19:00 Umeentzako antzerkia, Erripako kaian: Mag Lariren Classic.

20:00 Bertoko metal/rock'n'soula, Bilborock aretoan: Rhino eta Eureka Hot 3.

20:00 Bizkaiko Dantzarien Biltzarra, Plaza Barrian. Erromeria eta larrain-dantza.

20:15 Kontzertu sakro flamenkoa, Gizakunde elizan.

20:30 Zezensuzkoa, Arriagan.

21:00 Umore antzerkia, La Merced ikastetxean: Los Excentricos-en Música maestro.

21:00 Guatekea 60-70eko hamarkadetako musikarekin, Pergola, J.A. Cayon eta Guateque Band-ekin.

21:15 Kaleko antzerkia, Arriaga plazan: Addictos eta Logelaren Klonk.

22:30 Bilbao Hiria Su Artifizialen Nazioarteko XVI. Lehiaketa Nagusia: Panzera (Italia).

23:00 Berbena Egan orkestrarekin (lehen saioa), Areatzako kaian.

23:00 Lorenzo Santamaria eta Guateque Band orkestra, Pergolan.

23:30 Marlango, Uribitarten.

00:00 U Brown & Anthony Jonson (reggaea), Plaza Barrian.

00:00 Su Ta Gar etaBerri Txarrak, Botika Zaharrean.

00:00 Umore antzerkia, La Merced ikastetxean: Los Excentricos-en Música maestro.

01:00 Kaleko antzerkia, Arriaga plazan. Addictos & Logela, Klonk.

02:00 Berbena Egan taldearekin (bigarren saioa), Areatzako kaian.



Konpartsak

ALGARA
19:00 Patxin eta Potxin pailazoak.

TXOMIN BARULLO
20:00 Kalejira Txomin Barullo txarangarekin.

KASKAGORRI
11:00 Kaskaterraza.

15:00 Etxerat-en bazkaria.

18:00 Senideen elkarretaratzea.

19:30 Azken ostirala.

20:30 Eskujokoak.

PA...YA
13:00 Fanfarre poteoa.

20:00 Izu etxea.

ALTXAPORRUE
20:00 Txanda kultural zaratatsua.

20:30 Poteoa Txatunga Bemberekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.