UDAN BAI. UDAN BAI

HARAT-HONAT. Oihanean gora eta behera. Siberuteko lore gizonak (IV)› Umetxo baten antzera egin dut lo, inguruan arkakusoak, zorriak, armiarmak, arratoiak... nituela bueltaka. Betazalak ez ditut jada astun, eta sabeleko mina desagertu egin da. Orain ezin dut esan bertako medikuntza tradizionalari federik ez diodanik.

JUAN LUIS MUGERTZA
2006ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Familiakoek durian kilo asko batu nahi dute eta basora joango dira. Beste zereginik ez dudanez, neu ere joango naiz. Hemengo eguraldia oso aldakorra da. Onetik txarrera, txarretik onera, gizakion antzera egiten du. Oraintsu arte zerua urdin zegoen, baina laster euria ekarriko du.

Ordubete egin ostean, errekatxo bat ikusi dugu, eta nik botak erantzi ditut. Atseginak izan dira hastapeneko pausoak; urak eta oinak gustura daude betiko lagunak balira bezala, arantzen beldurrik gabe. Dena den, bidea zailduz joan da, bereziki korrontea txikia denean; orduan ez dago jakiterik non zapaltzen duzun. Horrelakoetan edozein modutan eta edozein lekutan kokatu behar izan ohi ditut oinak, eta mina itzela da. Harri txintxarrak orratzen antzera lekua hartzen saiatu dira nire larru bigunean. Eurak, bitartean, hegan doaz harririk harri saltoka.

Oihana alde batera utzi eta errekatik joango ginela uste izan badut ere, urak eraman du nire poza. Aurrerago landaredia ez da hain usua, eta sastrakek eta sasiek traba sortzen didate. Azkenean argiune batean durian mordoa ikusi dugu. Aukeratutako arbolara heldu garenean, Appassouilli lurretik hogeita hamabost bat metrora zegoen. Eskuetatik bost bat metroko fruituak hartzeko banbu kanabera bat erabili du, eta zerutik eroritako fruitua arbolaren oinean zabalduz joan da. Bonbardaketa bukatutakoan, bildutakoak hartu eta saskiak bete ditugu.

Ale batzuk jateko eta atsedena hartzeko beta ere izan dugu. Lore gizonek badakite zer den patxada ederrean egotea.

Hemen inork ez du ezer erabakitzen. Hemen inork ez du ezer esaten, baina hemen mugimendu guztiak sinkronizatuta daude. Bat-batean guztiak altxatu eta etorritako lekutik bueltatuko gara.

Zuhaitzetan hosto bat bera ere ez da higitzen eta intsektuak gure aurpegien inguruan biraka dabiltza. Bat-batean, Kukik eskuan daraman aihotza erabili du adartxo batean kiribildutako sugea akabatzeko.

Bero egiten du eta egarriz jota nago. Inor ez da gelditu, ez aurpegia bustitzeko, ez egarria asetzeko. Izerdi tanta lodiak isurtzen zaizkit eta belarriek burrunba egiten didate. Nekeak denetarako gogoa kendu dit; nahi dudan gauza bakarra etzan eta lo egitea da. Buru-estimuak lagunduta, eztarria lehor-lehor etxolara heldu gara.

EGUNAK AURRERA. Denetik izan duen egunsentiko kontzertuak esnatu egin nau: kurrikak, zaunkak, barre algarak eta elkarrizketa sutsuak, beste zenbait hots exotiko alde batera utzita. Eguneroko jatordu berbera izan dugu, baina inor ez da kexatu. Aurreko egunean egindako balentria ordaindu egin dut. Oin-zolan sartutako arantzak zornadura eragin dit.

Gaur ere patxadarako denbora hartuko dut; ez dut inolako mugimendu zakarrik egingo, begien niniek egiten dutena eta mingainarena ez bada. Tomiri galdetu diot esku gaineko tatuajeak nola egin zizkioten. Hamabi, hamahiru urtetik aurrera egiten dizkiete tatuajeak sarbide-iniziatikoari hasiera emateko, haurtzaroa eta helduaroa banatzeko. Oso mingarria ei da tatuajeena; makilatxo moduko haga bat erabiltzen dute egurrezko ziriaren puntan egokitutako burdina zatia jotzeko eta larruaren barruan tintaren beltza atxikirik gelditzeko. Tatuajeak egiteko urteak behar izan ohi dituzte. Tatuaje gehien txamanek dituzte.

Gero, errekara joan naiz eta umeen garrasiek bultzatuta hosto eta adaxkaz egindako txalupak errekan behera abiatu dira lehia bizian nagusien artekoak imitatzen. Eta ni orduantxe jabetu naiz errepideak errekak direla, eta trenak, autoak... errekaren azalean gora eta behera ibilitako batelak. Praken poltsikotik baten bat tiraka nabaritu dut. Aloita, Yagolagai! Bere atzetik joateko esan dit eta bidexka estu batetik eraman nau. Tarte labur bat egin ostean danbor hotsak entzun ditugu. Eta hosto ohatze batean, saski batez babestuta, umetxo baten gorpua ikusi dugu. Bertako txamanak ahaleginak egin ditu umea sendatzeko, baina alferrik izan da. Yagolagairen aita ere txamana da, eta landare asko ezagutzen ditu. Halarik ere, gaixotasun asko sendatzeko espirituei laguntza eskatu behar. Gero, txalupa batean eraman dute umea, ez dakit nora. Malaria dela, infekzioak direla, umeen arteko hilkortasuna oso handia da Siberuten. Txamanek erabilitako zenbait sendagai oso eraginkorrak badira ere, tamaina horretako gaixotasunen aurrean ezer gutxi egin dezakete.

ESPIRITUEKIN DANTZAN.Joateko ordua heldu zaigu. Traste guztiak jaso eta irlaren iparraldean dagoen beste uma batera joango gara. Oso hunkituta nago horrenbabes atsegin emandako familia atzean utzi beharko dugulako, baina ez dago beste aukerarik, aurrera egin behar dugu.

Goizeko freskotasunak lagunduta, pausoak arindu ditugu. Orain arteko ingurua ederra da; hosto bigun guriek eta arantzaz beteriko lore usainek lurrinduta gaituzte. Halako batean, zingiradietako usain ustela nabaritu dugu eta orduan loreen usaina bere ehiza irteeretan joan ohi den baino askoz urrutiago dagoela iruditu zait. Oso animalia gutxi ikusten da, ia bat ere ez. Bide osoan ez dugu ez etxalderik, ez basetxerik, ez txabolarik, ezta giza bizitzaren aztarna txikienik ere aurkitu. Batzuetan bidexka desagertzen da edota bitan banatzen da. Ur geldietako izainak itxoiten daude inozoen zangoetan pausatzeko eta askaria egiteko. Jaitsi da eguzkia zeru ertzera, heldu da eguerdia, eta mendebal haizeak jotzen du. Batzuetan basurdeek enborren kontra haginak zorroztean ateratzen duten hotsa ere entzuten dugu.

Ez dakit nondik agertu den, baina zakur bat etorri zaigu albora eta elkarrekin egin dugu helmugarakoa. Arratsaldean heldu gara. Eguzkiaren argi horiak etxolaren azala ferekatzen duen orduan. Leku ederra da eta zerurantz zut osatutako palmerek ez dute zerikusirik orain arte ikusitakoekin; askoz lirainagoak dira, mardulagoak eta ederragoak, eta zintzilikatutako adar idortuen abanikoek urrezkoak dirudite hostotza berde horren artean. Dena mutu dago. Ibaiaren soinuak gidatuta heldu naiz etxolara. Atea jo dut, baina alferrik. Etxola barruan nire oinkadak baino ez dira entzuten; leku batetik bestera mugitzen diren urratsak. Ez dakit bertakoak non egongo diren, baina bakarrik nago eta nik barrukoa ikusmiratzeko aprobetxatu dut. Umaren itxura aurrekoa bezalakoa da. Halarik ere, hemen erloju bat dago zintzilik eta orratzen mugimendua hilik. Ez dago argindarrik, ezta pilak erosteko aukerarik ere, baina zibilizatuen mundutik ekarritako erlikia bat da. Bat-batean, nire aurrean, aurpegi ajeatua eta ezpainak zimeldutako emakume bat agertu da bularretakoak jantzita. Oso harro dago, bera baita herrixka honetan jantzi hori daukan bakarra. Udatiar batek eman omen zion.Coka-Cola lata bat ere badago nire aurrean lastoen artean lotsa-lotsa eginda. Gaur egungo atsegintasun oro emeki-emeki bada ere, Mentawaiko biztanleengana heltzen ari da. Globalizazioak ekarritako plastikozko kuboak, aihotzak, sareak... bertakoen bizi-maila hobetzeko izan arren, gazteak kontinentera joaten dira eta han ikusitakoak-autoak, praka bakeroak, alkandorak...- eragin handia du euren kulturan. Halarik ere, aldaketarik adierazgarriena tatuajeetan ageri da; gazte askok uko egiten diote aspaldiko ohitura horri eta nagusiak kezkaturik daude. Edertasun sinboloak izan dira betidanik tatuajeak. Galtzeak bertako kultura berrogei urte barru desagertzea ekar dezake.

Umatik irtetean Kuki ikusi dut oso txukun apaindutako lore gizon batzuekin. Urrutikoak dira, mendiez bestaldekoak. Bihar hemendik gertu uma handi batean zeremonia izugarria ospatuko dute: hiru gizon «kerei», txaman, izendatuko dituzte.

Indraren asmoa oraingo uma honetan pare bat egun egitea da, baina nik behin eta berriro zeremonia ikusteko gogoa dudala esan diot. Argazkiak egitea debekatuta dagoela esan dit, baina nik ikusitakoa buruaren pelikulan gordeko dudala erantzun diot. Azkenean, gogoz kontra bada ere, amore eman du eta bihar zeremonia ikustera joango gara.

Ilundu egin du eta eguna lotara joan da. Bertako gauek isilak dirudite hasiera batean; nik ez dut ezer aditzen, baina handik pixka batera hots ugari antzeman ditut ene inguruan. Nigandik oso gertu espirituak ikusi ditut zelatan eta kilkerrak eta hontzuriak berriketan.

Gaurko egunak oso berezia behar du izan lore gizonentzat. Harri artean marmar egiten duen errekaren ertzean Kuki bere adats luzea askatu eta samurtasun handiz denbora luzez garbitzen aritu baita. Gero, esku ahurretan ura hartu bularretik isuri eta barrez hasi da ur zirristaren hotza sentitzean. Neuk ere gauza behera egin dut eta orduan biok hasi gara algaraz.

Zuhaitzetako hostoak dantzatzeko haizeak asmatutako abestia entzunez egin dugu zeremoniarako tarte laburra.

Goizean goizetik berrogei bat metro luze izango duen uma batean batu dira inguruko gizon eta emakumezko nagusiak euren edergailu apain eta dotoreenak jantzirik. Ezin irudikatu zer-nolako lepoko, gandor, mototsekin... apaindu dituzten euren buruak; exotismoaren museoa dirudite. Eta horretaz gain, oihanetik hartutako lore gorrixkak belarrietan eta eskumuturretan, eta tatuajeak gorputz osoan.

Janari eta hornigaiei dagokien tokian inongorik heterogeneoenak daude begi bistan: sagoa, intxaurrak, arroza, palma olioa... Eta alboko ertz batean, oiloak eta txerriak orkatilatik loturik etzanda.

Eguerdiko hamabiak aldera atabal, danbor eta gainontzeko tresneriaz osaturiko zarata gorgarri batek astindu ditu guztion belarriak. Jai giroa antzematen da, eta danbor hotsak oihanaren taupadak nabarmenduz joan dira. Palmondo-hostoak jarri dituzte ilaran, eta Sikeireis-ak, landare guztien magia ezagutzen duten txamanak, gora eta behera hasi dira mugitzen tximinoen burezurren azpian.

Gurean medikuak bakarka aritzen dira, hemen taldeka. Txaman guztiak eginiko suaren argitara eseri dira eta isilik egon dira suak egurraren garra moteldu bitartean. Sorginkeriari ekin aurretik, txerri bat akabatu dute. Hanketatik eta muturretik ondo lotu, lepoaldean egurrezko makilatxo bat sartu, eta odolustu egin dute. Gero bakoitzak bere espirituari dei egin dio eta ura, lurra, zerua eta suarekin hitz egin du.

Oilasko batzuk ere akabatu dituzte, baina horiek hil aurretik, emandako zerbitzua eskertzeko erritua egin dute. Horrela animaliek sor dezaketen kaltetik libre daude. Sikeireisek une labur batean oilaskoekin hitz egin dute eta laguntza eskatu diete: «Barkatu oilaskoa, orain akabatu egingo zaitugulako. Gurekiko asmoak onak izan daitezela eskatzen dizuegu: gure arbasoengandik beti horrela egin ditugu». Ulertu izan balute bezala izan dira animaliak Sikeireisei begira. Zeremoniakoei oilaskoak ukitzeko eman dizkie, eta horren ostean, txamanik zaharrenak lepoak bihurrituta, oilaskoek azken arnasa eman dute inolako odol aztarnik utzi gabe. Hildako oilasko batek zori txarra ekarri du; eta, badaezpada, beste bat hilko dute baieztatzeko. Indrak esan dit iragarpen gehienak onak direla. Oilaskoen tripak atera eta erraiek duten mintzatik begira aritu dira geroa asmatzeko. Iragarpenak onak edota txarrak izan daitezke. Onek zoriontasuna dakarte; txarrek beldurra eta heriotza. Pare bat minutuan barruko erraiak irakurri dituzte. Oraingoan, hildako oilaskoak zori ona ekarri du eta pozik daude.

Dantzariak, poliki hasieran eta azkar gerotxoago, gorputzak leku batetik bestera biraka hasi dira txoriak imitatuz. Gero, noiz edo noiz oihanean entzundako kantak antzeratu dituzte eta giro honetan batzuk trantzean egon dira eta beste batzuk espirituen mundura abiatu. Magia horrek xurgatu nau eta neu ere mundu misteriotsu horretan barneratu naiz eta denak bere zentzua galdu du: ezagutzen nuen bizitza, herrixka, inguratzen gaituena desagertu egin da.

Gaua poliki-poliki heldu da eta dantzak amaitu dira danborrak isiltzean. Zeremonia ikusi bitartean nostalgiak jota izan naiz, txundituta, zeren eta jakin baitakigu errito hauek bihar edo etzi galduko direla. Udatiarrak, oraindik gutxi, baina hurbiltzen ari gara. Zertarako goaz? Zer egin? Itaun asko baina erantzun gutxi. Masura bagata Kuki. Adio, lore gizonak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.