UDAN BAI. UDAN BAI

HARAT-HONAT. Uma loleku. Siberuteko lore gizonak (III). Lokatza, hezetasuna, eltxoak, izainak, enborren gainetik gurutzatu beharreko errekatxoak atzean utzi eta ordu batzuk oinez eman ostean, azkenean, «uma» bat ikusi dugu oihanaren argigune batean, horrelaxe baitu izena lore gizonen bizilekuak.

JUAN LUIS MUGERTZA
2006ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Uma inguruko bananondoak makurturik daude: enborrak, lapranak eta hosto luzeak, lehortzera eskegitako galtza zarpailduen antzera. Jolasean zebiltzan umeek etenalditxoa egin dute gu ikustean, eta dena isilik gelditu da. Bananondoz zailduriko etxola aurrean bat, bi, hiru..., guztira lau ume daude, bata bestearen alboan eserita lepoko gorriak eta horiak jantzita. Gaixotasunen aurka babesteko ei dira lepokoak. Nagusitik gazteenera lerrokatuta daude. Gerripekoa baino ez dute soinean eta oinak penduluen moduan etengabe mugitzen dituzte alde batetik bestera, geldirik egotea hilda egotea bailitzan.

Ez didate euriari baino kasu gehiagorik egin. Hala eta guztiz ere, nahikoa izan da barretxo txikia egitea aurpegiaren ezaugarriak aldatzeko. Irriñoak kateatutako lokarriak askatzen joan dira eta alaitu egin naute. Txokolate koloreko helduak ere ume lotsatiak bezala portatu dira, bi pauso eman orduko atzera egin dute; aurrera ostera, atzera berriro. Bitartean, barruko ilunpe grisbeltzaren kontra, leihoaren argitasunean, Indraren buru zurixka eta aurpegi beltzarana ezkutatuz joan dira etxola barruan eta umeekin bakarrik gelditu naiz.

Sarritan edozein hitzek baino gehiago adierazten du aurpegiko keinuak eta hori iruditu zait Indra burumakur ikustean. Bidaiaren asmoa behin eta berriro azaltzen saiatu da klaneko nagusiari, baina isiltasunak erantzun dio. Ez dira nitaz fio; militarrei salatzeko etorri naizela pentsatzen dute, gero umak erretzeko. Bihar etorritako lekutik bueltatuko gara.

Nire asmoa bertakoen kultura eta usadioei kontu egitea baino ez bada ere, Indonesiako Gobernuaren asmoa oso bestelakoa da: lore gizonak islamdar bihurtzea eta euren ohiturak desagerraraztea da.

Kantinplorak gordetako azken tanta beroa edatean egindako keinuaz jabeturik-edo, nik ezer esan gabe euren atzetik joateko esan didate umeek eta bertako errekatxora eraman naute.

Nire oin-zolek minik izan ez dezaten, errekatxorako tarte laburra naturak egokitutako belar alfonbraren gainean egin dut ortozik eta goibelduta. Errekatxoak osatutako putzua hamar bat metroko ur-motots eder batez txukunduta dago, eta alboetan txertatutako kolore askotako loreek are ederrago egiten dute putzu inguruko parajea.

Harri zapalen gainean prakak eta alkandorak erantzi ostean, badaezpada, galtzontziloak jantzita sartu naiz uretan. Ez dakit zer topatu nahi duten nire gorputzaren atal ezkutuetan, baina guztiak harrapatu ditut niri begira.

Bat-batean, nire atzean dagoena «Titi! Titi!» hasi da oihukatzen, eta, apur bat gerotxoago gainontzeko guztiek gauza bera egin dute: «Titi! Titi! Titi!» Euren atzamar txikitxoak nire bizkarrean dantzan sentitzean konturatu naiz zerk eragin dien horrenbesteko poza: larru azalean egindako izartxoaren tatuaia izan da neska-mutikoen begien ninia dir-dir ipini duena. Indonesian tatuaia debekatuta eta zigortuta dago; edozelan ere, lore gizonen artean oso errotuta dago tatuaiaren ohitura.

Umeak ez dira lehengoak: umeagoak dira, eta horrek neu ere kutsatu egin nau. Harritzar batetik uretara salto egin aurretik nire aingeru jagolea hartu Express Mentawai courseeta... «sara, rua» eta «telu» esan eta jauzi egin dut. Eurek indar handiagoz egin dute oihu: bat, bi... eta hiru.

Arrainen arintasun berberaz egiten dute igeri. Eurekin batera ur azpian murgildu naiz eta bertako zurrumurruak entzun ditut, bertako korronteak besarkatzen nauela. Eta arrain zirikatzaileek kili-kili eragin didate, eta nire poztasunezko negar malkoak eurentzako jangai bilakatu dira. Gero, astiro-astiro, erreka ertzeraino zuzendu ditut nire mugimendu baldarrak eta harri batean nekatua, pausatu naiz.

Halako batean, Indra eta klaneko burua ikusi ditut nire aurrean. Zimurrez betetako nagusiaren aurpegian ernatutako irribarre zabalak hitzetan ezer gutxi adierazi arren, momentuan konturatu naiz guztiok egiten dugula irribarre hizkuntza berean, eta lasaitu ederra eman dit: «Onartuak izan gara».

Arratseko itzalak errotzean, muda berriak jantzi eta tipi-tapa etorritako lekutik bueltatu gara bakoitzak bere izena behin eta berriro ahoskatuz. Nirea ez dakit baten batek ondo esan duen; nik eurena ez behintzat, ahoa zabaldu dudan guztietan barrez lehertzen hasi baitira. Jagolagai, Amasubi, Manai eta Apasori dute izena; gazteena Jagolagai da eta txio esan nahi du. Adinaz galdetzean harrituta gelditu dira. Mentawai-n ez dago denbora kontzepturik. Orduak, egunak, urteak ez dituzte aintzakotzat hartzen.



INGELERAZ, LAU HITZ. Niri egokitutako uman jende gutxi bizi da: hiru bikote, euren seme-alabak eta agure bat. Eurekin Kukiren semea, Appassoulli, eta emaztea, Sikerey. Hauek ere ingeleraz lau hitz baino ez dakizkite, baina beren irribarrea eta jatortasuna nahikoa dira komunikatzeko. Dena den, batzuetan oso gustura itaunduko nieke zeruko, mendiko eta itsasoko izpirituekin komunikatzeko zer egiten duten. Kukik barrura sartzeko keinua egin du eta ezagutzen ez dudan animalia baten larruzko alfonbra zapalduz barnatu gara salara. Ilunpetan gaude eta Kukik argia egin du lastargi batez txabola barruko bazterrak erakusteko. Kukiren ondoan bi emakume daude: bata nagusia, bestea gaztea eta ederra. Gazteak gona berdea darama hari koloredunez gerrian lotuta. Apaingarri ilekora oso luzea eta beltza baino ez du. Aurpegiaren azala eta begiak ilun eta heren-iletsuak ditu, betileak luzeak eta sudurra zuzena, eta irribarre egitean, bereziki erakargarria den zulotxo bat eratzen zaio kokotsean. Bertan egun batzuk egingo ditut.

Ilunpetik argitara egin dugu eta umaren leiho batean izpirituek familia babesteko tximinoen buru-hezurrak ikusi ditut. Jagolagaik, nire harriduraz jabeturik,ez daudela hilda esan dit.

Afaltzeko ordua da. Ipurmasailak lurrean pausatu ditugu eta Kukiren semeak ekarritako ura buztinezko kaikutik antsia handiz edan dut. Gero, kazola bat ekarri dute eta guztiak kokoriko jaten hasi dira. Ni Indrari begira gelditu naiz. Azkenean koilara itxurakoa hartu, eta bitan pentsatzeke, ahoan sartu dut. Kaikuko ura edan, katilukoa jan eta horrela sabeltxoa bete arte.Sago-a eta kokoa birrinduta afaldu dugu. Barkamena eskatu diote zuhaitzei ez haserretzeko.

Naturak lore gizonei emaniko gauzarik preziatuena sagoa da, zahi-ogia. Etxolen hormak, bertakoen poltsak, animalien kaiolak eta haginak garbitzeko egurrezko zotzak ere sagoz egin ohi dituzte. Haginena aipatzean barrez hasi da Indra: haginik gabeko hortzeria agerian utzi du-eta.

Umaren azpian kurrinka dauden txerriak eta oihaneko edozein bazterretatik gora eta behera ibiltzen diren oilaskoak kenduta, gainontzeko jangaiak gure ohiko dietatik oso urrun egoten dira. Xehatutako irina jan ostean, eurentzat jakirik goxoena dastatzeko aukera ere izan dut: arrak. Hosto azaletan bilduta laster batean jan dituzte garretan erreta. Ez dakit ondo egin dudan eurentzat horrenbesteko estima duen eskaintzari uko egiten. Kukik «good» esanda holako mokadu gozoa dastatzeko keinua egin dit, baina nik ezetz esan diot bere eskuaren ahurrean etengabe mugitzen eta gordinik dagoen arrari.Zorriak ere oso goxoak ei dira, baina gaur ez dugu horrelakorik izan menuan.

Ganorazko afarietan moduan, ez dute tabakoa erretzeko okasioa ere baztertu; nik ekarritakoa atera, eta banatu egin dute. Edozein gauza erretzen dute, batzuetan, hostoetan bildutako tabako xehea, eta bestetan, atzerritarrok emandakoa. Hori dela eta, biriketako minbizia oso zabalduta dago euren artean. Tabakoa txarra dela Kukiri behin eta berriro esan arren, «good» batez erantzuten dit.

Gero, Mapopoalat-i egokitu zaio txanda. Begiak ilunak eta zaharrak dira, adinak eta zigarroek lausotuta, baina gorputza gihartsua, eta eskuak sendoak, lanak gogortuta. Ezpainetatik zintzilik duen zigarrokina kendu eta barrez eta galderak eginez hasi da. Nik baino arinago ikasi du nire izena: Julu! Julu! Bera txamana da, bertako medikua. Shamana izateko bertako fauna eta flora ezagutu behar. Ikusteko landareen propietateek zer nolako eragina duten belar batez igurtzi ditu nire besoak txamanak. Segundo batzuk igaro ostean, min handia sentitu dut besoetan eta nik, orduan, barruko sua itzaltzeko asmotan besoari gogor eragin diot. Bat-batean, mina desagertu da, baina euren barreak luze jo du.

Eguna deskantsatzera joan denean, Mapopoalat mugitu da, eta guztiak bere atzetik joan dira. Nik atari zabalean egokitutako hamaika izarretako baztertxo batean eltxo-sarea eta lo-sakoa zabaldu ditut.

Ni bakarrik nago, iratzarrik, gauaro sekretu honetan, atzarrik eta inoren lekuan, eroenespermazko ilargiari begira, eta kilkerren letania logabea entzuten. Tupustean haize hozkirria inguruko loreez lurrinduta ilunaren arrakalatik sartu bezala, gona berde eta hari koloredunez gerrian lotutako neskatxoak lanpara bat egin du, intxaur helduen olioz beteriko koko-oskol batez, eta zuntz zati bat jarri dio metxa gisa argia dar-dar ipiniz. «Masura bagata». Eskerrik asko. Gero, bere izena galdetu diot: «Kaseonim?» «Tomi». «Anan aku mei mereb». Ondo lo egin Tomi.

BELARREN INDARRA. Eguna erabat argitzeke dago oraindik, eta ni tripako minez esnatu naiz. Erabat ahulduta nago, eta ahalegin handiak egin behar ditut zutik egoteko. Sabela upel baten antzera daukat handituta. Atzo edandako urak, ene ustez, kalte egin dit. Jakin banekien ura beti egosia edan behar nuela, amebarik, bakteriarik edota auskalo zer, ez harrapatzeko, baina kaka zaharra! Ordu erdi bat igaro da eta okerrago nago. Ezkerreko eskua sabelean ipini dut, eskumakoa kopetan, sukarra dantzan dabilen jakiteko. Beldurtzen hasita nago. Pausoak entzuten dira. Bart gaueko neskatxoa da. Eskuak sabelera eraman eta «Maogo aku», gaixorik nagoela esan diot. Itxaroteko esan eta Kukiren bila joan da. Honek aihotza hartu eta basora joan da. Eurei ezin esan, baina ez dut konfiantza handirik, gainera txarrena pentsatzen ari naiz, txarrena zer izan daitekeen jakin ez arren.

Ametsak uma barruan utzi eta atari zabalera irten dira umetxoak lehenago, eta nagusiak gero. Batzuk bananak, kokoak...hartu bitartean, beste batzuk Siberuteko lore ederrak batzera joan dira.

Neskatxoa ez da inora joan, nirekin gelditu da, eta nik detaile hori eskertu egin dut.

Badator Kuki; eskuan hosto, belar eta sustrai pila dakar. Onenak aukeratu eta xehe-xehe egin ditu gero ontzi batera botatzeko. Tomik ura bota du gainean eta sutan ipini du ontzia. Ura lurrunetan hasi denean, burua bertara gerturatzeko agindu didate, eta aldi batean izerditan izan naute. Gero, Kukik lurringai batzuk nahastu ditu botika bat prestatzeko. Nire sabeleko minarako sibakatlagai izeneko landarea erabili du.

Ordu batzuk itxoiteko, eta sabeleko mina etorritako lekutik joango dela esan didate Kukik egindako keinuek. Luzaroan izan naiz nire ekipaia txikiaren gainean etzanda eta erabateko isiltasuna entzun dut, baina ez da ezer, isiltasuna besterik ez da, nire buru hezurren artean zarata bihurturiko isiltasuna.

Bertako umeek inguratuta esnatu naiz: «Aloita!»Ez dakit hartutakoa edota umetxoekin izandako elkarrizketa hutsa ez ote den izan, baina hobeto nago. Ingelera horren ondo non ikasi duten umetxoei galdetzean, Amasubik, hamabi urteko neskatxa politak oso modu diplomatikoan erantzun dit: «Ume batzuk eskolara joaten dira, eta biblia ikasi behar dute, baina gu ez gara joaten. Irlaren beste aldekoak zure moduan janztera behartu dituzte eta misiolariek fetitxeak apurtu dituzte. Eurek eraikitako eskoletara joaten bagara opariak egin ohi dizkigute militarrek: ilea mozteko artaziak, esaterako. Hori ondo ikusten dugu, baina tatuaiak debekatzea ezin dugu onartu. Sasoi batean Urubagan egindako eskolara beharturik joaten ginen, baina militarrek alde egin zutenean guk ere oihanera ihes egin genuen. Guk ez dugu leku itxi batean bizi nahi. Guk oihanean ikasten dugu».

Komunikatzeko mingaina erabiltzen badute ere, bihotzaren taupada da hitz egiten duena.

Iluntzean bakoitzak egindakoa kontatzen du, eta gero abesten dute. Eurak oraindik oso umeak dira egindakoa kontatzeko, baina kantak txikitatik ikasten dituzte. Mentawai course-aren orritxoetan daudenen artean euren gustuko kanta bat aukeratzeko esan diet eta lehian izan ostean, bikote gaztetxo baten amodiozko kanta abestu dute. Mapopoalat du izena ahopeka, baina gozotasun handiz abestutako kantak:

«Roro del teteu del simamengmeng de ka/ del sipuroroirai del saibaku de Mapopoalat mal/ saibaku del koibaku del goak del sulu/ del belek del baboi sinad anan Sioinan de Siju Sioinan Siju/ Sionan...»

Laukoteak erabilitako tonua goibela izan da kantaren letra bezalakoa: Hanefi eta Rosa elkarrengandik banatu dira eta hutsuneak sortutako mina arintzeko, egunero batzen dituen loreei bere samina kontatzen die Rosak.

:Tabakoa txarra delaKukiri behin eta berriroesan arren, «'good'» batez erantzun dit

Ura lurrunetan hasi denean, burua bertara gerturatzeko agindu didate, eta aldi batean izerditan izan naute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.