Lenka Niznanska. Erasmus ikaslea

«Udan baserri batean lan egiten geratu nahi dut»

Euskal giroa ondo baino hobeto ezagutu du Niznanskak. Euskara ere ikasi du. Masterra amaitzean, ez da bere herrialdera bueltatuko.

Maite Alustiza.
Donostia
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abuztu bukaeran iritsi zen Donostiara Lenka Niznanska (Praga, 1985). Bere herrialdean antropologia ikasketak amaitu ondoren, masterreko bigarren urtea egiten ari da orain. Azaroan euskara ikasteari ekin zion, «hizkuntza interesgarri eta misteriotsua» dela pentsatzen baitu. Elkarrizketa honetan ere euskara hutsean eman du bere bizipenen berri.

Zer dela eta erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea?

Duela bi urte boluntariotza programa batekin Zestoan egon nintzen, Sastarraingo baserrian. Zaldiak gustuko ditut, eta hemen zaldiekin lan egiteko aukera eman zidatenez, etortzea erabaki nuen. Ez nuen Euskal Herria ezagutzen; ez nekizkien ez euskara, ezta gaztelania ere. Baina moldatu nintzen keinuekin. Sei aste eman nituen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Masterra hemen egiteko aukera eman zidatenean, ez nuen dudarik egin.

Zer moduz moldatu zinen Donostiara etorri zinen lehenengo egunetan?

Hasieran pentsio batean egon nintzen, eta han nengoela Interneten lo egiteko pisua bilatu nuen. Errioxako neska batekin eta Gasteizko mutil batekin hartu nuen pisua; orain, berriz, lekuz aldatu behar izan dut eta bi Erasmus ikasleekin bizi naiz. Bi Erasmus tipiko dira: egunero parranda eta parranda.

Zu ez al zara, bada, Erasmus ikasle tipikoa?

Erasmus ikasle gehienek alkoholarekin eta abar lotzen dute bizimodua, baina niretzako ez da hori. Nik euskaldunak nahi ditut ezagutu, eta nahiago dut haiekin ibili atzerriko ikasleekin baino. Halere, atzerritik etorri direnen artean lagunak ere baditut. Gainera, goizean eta arratsaldean euskara klaseak ditut egunero, eta nekatuta iristen naiz etxera. Pisukideak harritu egiten dira egun batean irtengo ez naizela esaten dietenean.

Nolatan piztu zitzaizun euskara ikasteko halako grina?

Euskara oso interesgarria iruditzen zait. Hizkuntza oso misteriotsua da, ez baita ezagutzen nondik datorren. Baina hitz batzuk oso zailak dira gogoratzeko: aterki hitza ikasteko bost egun eman nituen!. Hasiera batean Bilbora joan behar nuen proiektua egitera, niri dagokidan unibertsitatea han dagoelako. Baina, nik Donostian egon nahi nuen, hemen euskaraz gehiago hitz egiten delako.

Zaila egiten ari al zaizu euskara ikastea?

Nire ustez zailena idaztea da. Euskaltegiko klaseak hartzen ditut eta unibertsitatean ere aritu naiz ikasten, atzerritarrentzako prestatutako euskara klaseetan. Halere, uste dut gehiago egin ahal dudala, baina alferrontzi bat naiz. Ondo moldatzen naiz pertsona batekin hizketan banago, baina jende askorekin eta txisteak egiten hasten direnean…

Ikasketen aldetik, zer moduz moldatu zara unibertsitatean?

Proiektuarekin lanean nabilenez, ez dut eguneroko klaserik. Klaseak izan nituen bi astez, baina irakasgai solteak bakarrik. Elkarrizketa batzuk egin ditut proiekturako; Franco hil ondorengo belaunaldiek euskara nola ikasten eta hitz egiten duten ikertzen ari naiz. Parrandan ere ikasi dut gazteen hizkuntzaren inguruan.

Izan al duzu Euskal Herria ezagutzekoa astirik?

Zestoan egon nintzen denboran leku gehiago bisitatu nituen, baina orain ere ibili naiz hara eta hona. Getaria, Gernika, Deba, Zumaia, Zarautz...ezagutzen ditut. Tolosa eta Andoingo inauterietan ere egon naiz, baita Iparraldean ere. Berriki Zugarramurdiko leizezuloan izan naiz antropologiako ikasleekin. Itsasoa eta mendiaren arteko konbinazioa da Euskal Herritik gehien gustatu zaidana.

Zer botatzen duzu faltan Pragatik?

Parranda egiteko moduak, adibidez. Txekiar Errepublikan garagardo baso handi bat hartu, eseri eta hitz egiten dugu. Ez dugu tabernaz taberna joateko ohiturarik. Horrez gain, Pragan leku asko daude lagunekin joan eta ziza erretzeko; te mota asko egoten dira aukeran. Hemen ez dut halakorik aurkitu.

Noiz arte geratuko zara Euskal Herrian?

Proiektua amaitzeko ez dut datarik; dena den, ezin dut luzaroan hori egiten egon, kurtsoa ordaintzen ari bainaiz. Udan Euskal Herrian egon nahi dut, baina ez Donostian: turistikoa bihurtuko da, lagunak joango zaizkit… Baserri batera joateko ideia darabilkit buruan: han ostatu hartu eta lan egitea gustatuko litzaidake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.