Ezarian

Udazken goiztiarra

Uztaileko euri kopuru handiak eta tenperatura freskoak udazkena ohi baino azkarrago gerturatu dute. Donostiako Bretxako merkatuan jartzen diren baserritarrek baieztatzen dute edozeinek mendi buelta bat egiten ikus dezakeena.

xabier martin
Donostia
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Azken egunotako eguraldi eguzkitsuak oroimena lokartzen lagunduko du, beharbada, baina aurtengo udak ur kopuru handia utzi du, baita errekor bat ere: Hondarribiko behatokian, uztailean, 22 egun jarraian jaso zituzten euria egiten. Porlanetik porlanera bizi denak seguruenera ez zuen nabarituko, baina udazkena badator, eta aurten oso goiz.

Izan ere, uztaileko euriak eta gauak gehitxo freskatu dituzten tenperaturek izan dute bere eragina naturan. Hari begira bizi direnek badakite. Baserritarrek udazkena aurreratu egin dela diote. Gure herri eta hirietako zuhaitzei begiratzea baino ez dago horretaz ohartzeko. Hostoak gorritzen hasi dira han eta hemen, nahiz eta udazkena irailaren 21a arte ez den hasiko; orduan izango da urtaro aldaketa markatzen duen ekinozioa.

Haatik, onddoek ez dakite ezer ekinozioei buruz. Euskal Herriko hainbat txokotan badira (eta ez gutxi) abuztu hasieran onddo beltzak hartu dituztenak. Intxaur berriak berehala izango ditugu; pikuak badituzte salgai baserritarrek merkatuko postuetan. Udazken goiztiarraren produktuen zerrenda asko luza daiteke. «Frutan sumatu dugu guk batik bat», dio Anoetako Allegi baserriko etxekoandreak, Ixabelek. Kolore guztietako barazkiak ditu postuan. Donostiako Bretxa merkatuan ipinita daukan salmahaian bezeroak ditu baserrian prestatutako gutiziei begira; «aspaldiko bezeroak izaten dira asko, urtetakoak». Fruta ez, baina barazkiak «luzeagoak» direla dio, orain tarte batean izango dituela (berotegiak ez dira alferrikakoak). Minutu batean ilara txiki bat egin da haren postuan (hiru-lau lagun), eta azkar hari da galderei erantzuten. «Oraindik denetarik daukagu: tomateak, piperrak… otsaila arte-edo luzatzen dira». Baina berehala gehituko zaizkie udazkenekoak berez-berezkoak direnak: «Porrua, azalorea… beste motatako berdura». 30 urte egin ditu Ixabelek Bretxako postuan, eta bezeroek badakite produktu ona duela. «Kapritxoa nahi izaten denean gerturatzen da asko», dio.

Galiziako onddoak

Hasperen batean jarri da lanera berriro Allegi baserriko emakumea. Alboan Egañako baserritarra dauka, Hernanikoa bera. Hura ere ez da askorik geratzen. «Gure amona etortzen zen aurrena; orain, berriz, gu ari gara», dio Migel Mari Rotetak. Udazkena aurreratzen ari ote da? «Dudarik gabe», dio; «hostoetan ikusten da, gorrixka antzean daude jadanik, eta asko erortzen. Pikua ere aurreratua dator, hamabost-hogei bat egun behintzat». Salmahaian ditu ale batzuk berak. Onddoak ere badira han. Hemengoak ote? «Ez, ekarri egin dizkidate; Galiziatik». 28 eurotan saltzen du kiloa. «Oraindik garesti daude», onartzen du irribarrez. «Potxa, piperra, tomatea… denetarik erosten du jendeak». Potxak beren zorroan prestaturik saltzen ditu tomate batekin eta piper batzuekin, alegia, egosteko prest, «Aitzakiarik egon ez dadin».

Basaranek ere atentzioa ematen dute euren kaxan. Patxarana egiteko erosten dutenak ez dira gutxi. «Orain, segituan, babarrun lehorra etorriko da, udazkenekoa hura, baita intxaurrak eta gaztainak ere».

Loreak eta landareak saltzen dituzten postuetan, bestalde, erruz dabiltza erosleak. Aste barruko egun buruzuria izanagatik, donostiarrek loreak erosten dituzte, bistan da. «Arrosak, astromeliak, liliumak… zer esango dizut ba, denetarik eramaten dute», dio Idurre Lopez de Etxezarreta saltzaileak. Lore sorta bat prestatzen ari da. Ama alboan du; hura ere ez da geratzen. Urteak daramatzate Bretxan, eta bezero fidelak dituzte. «Guri ez digu hainbeste eragiten urtaro aldaketak, berotegiak baititugu». Hala ere, neguan bestela da kontua postuan. «Gutxiago daude, noski».

Dirurik ez patrikan

Adunako Andretegi baserriko saltzailea lotsati dabil galderei erantzuten. «BERRIA-rentzat ez balitz, ez nizuke erantzungo e!». 20 urte inguru daramatza Bretxan; hango sekretu guztiak ezagutzen ditu. «Gure aurretik ibili ziren hemen ere ama, amona… tira, badakizu». Sagarrak, udareak, pikuak… fruta da aurreratzen ari dena, haren ustez. «Bai, bai, dezente, gainera; eguraldi kontua da dena». Oraintxe puntu-puntuan daudenak «entsaladako produktuak» dira, «tomatea eta uraza, adibidez». Porru salda egiteko poltsatxoak ederki jarrita ditu postuan, ilaran, porrua xerratua, baita azenarioa ere baratxuri atal batekin lagunduta. Krisia gora eta krisia behera, baserritarrek zerbait nabaritu dutela «ezin da ukatu, baina ez da izugarria». Bretxako erosleei eskaintza zabalduko zaie laster asko. «Intxaurrak, babarrun lehorrak (potxak bukatzen ari dira), gaztainak… horiek izango dituzte erosgai».

Bulebar aldera ez, baina Parte Zaharrera ematen duen postu sortaren muturrean daude Villabonako Akulebi baserrikoak. Hango etxekoandreak bere 39. urtea bete du postuan. «Bada batenbat ni baino beteranoagoa», dio. «Intxaurrak, urrak, gaztainak eta dena ari da aurreratzen aurten. Baratzeko produktuak, nahiz eta aurreratuak etorri orekatu daitezke, baina fruta ez: sagarra ere aurrerago dator. Badira orain ere, nahi izanez gero». Jendea badabil gora eta behera postuei begira, «baina diru askorik gabe», dio barrez Akulebiko baserritarrak. Begietako niniak handiarazten dituzten poltsatxoak ditu prestaturik barazki ederrekin. «Berdura txikituta dago, zuzenean egosteko». Onddoak ere badituzte; «Nafarroakoak direla esan digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.