UHINETATIK TIRAKA. Kuxkuxean

Xabier Lasa.
2006ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
- GAZTELUBIDE: Pribilegiozko estatus soziala ez galtzearren bozketa-pantomima egin du Gaztelubidek. Gipuzkoako herritarrengan, behintzat, makina bat esames piztu du gertakariak; askok arima salduko liokete deabruari ikusezintasunaren truk, eztabaida gertutik aditu ahal izateko... Interes publikoaren morroi direla, noranahi iristeko gai direla... dioten hedabideek, ordea, ez dute jakin herri ikusmin horri erantzuten. Noski, ez zuten zertan era ez etikoan urratu bazkideen biltzeko eskubidea. Hala ere, zenbat alditan ez ote diguten erakutsi zein trebeak diren informazioaren muinera iristeko, gai polemikoak direla eta. Salbuespentzat jo genezake, agian, Oihane Bustosen lana; EIren mikroa eskuetan, Gaztelubideko atarian egon zen. Aitortu zigunez herenegun, kazetari emakume mordoa kuxkuxean aritu zen atarian, belarriak zut. Informazio mamitsua eman zigun, barruan bildu zen matxista taldearen mentalitatea pittin bat ulertzen joan gintezen.

- LAPSUS-A: Ostiral eguerdiko albistegian REn, Txileko hauteskundeak aipatu ostean, Jesus Torquemada nazioarteko ohiko adituaren komentario grabatua sartu zuten; Michelle Bachelet hautagaia zuen hizpide. Entzuten hasi ginena euskarazko iruzkina izan zen, EIrentzat Torquemadak berak egindako itzulpena. Irrati- teknikoarena izan zen lapsusaz ohartu bezain azkar, moztu egin ziguten. «Ez zen hau eman nahi genizuen informazioa, eta goazen beste kontuetara» izan zen emandako azalpena. Oker teknikoa, ala hizkuntza irizpide okerra...

- MERKATU LEGEA: Xipri Arbelbide euskal kazetari kritikoa eraman zuen Antton Aranburuk Bide Lagun-era, ostegunean (22:05-23:00). Elkarrizketen gidoia azpikoz gora jarri, eta non galdetzen dion Xiprik Anttoni: «Lourdes Iriondo ibili dugu ahoz aho egunotan, nork gehiago goraipatu; Joan Baez zela, bestea zela... Baina, zergatik ez da euskal irratietan entzuten?». Aranbururen erantzuna: «Merkatu legea...». Akatsen erantzukizunak inork hartzen ez dituen kultura moderno globalizatuan bizi gara, ente abstraktuetan delegatuz guztiaren errua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.