Ez da boxeoa, eta ez da xakea, baina bietatik badu zerbait. Ring berean jartzen ditu xake-boxeoa izeneko kirolak xake taula eta boxeorako eskularruak; borrokaldi berean. Lau minutuko sei xake txanda eta hiru minutuko bost boxeo txanda tartekatzen ditu saio batek. Kanpaia jotzean, beraz, peoia mugitu beharko du kirolariak batzuetan, eta kolpeka hasi beharko du besteetan. Kirol minoritarioa da oraindik, baina Euskal Herrian bada xake-boxeo borrokalari bat jadanik: Daniel Lizarraga iruindarra.
Kirol hibridoa izanik, bi entrenatzaile ditu Lizarragak: Jose Vicente Eguzkitza boxeorako, eta Roi Reinaldo xakerako. «Grazia egiten die biei xake-boxeoak», aitortu du Lizarragak, «baina biek dute gustuko, halere, bi kirolei buruzko topikoak hausten dituelako. Jende askok uste du boxeolariak tipo gogor eta leloak direla, eta xake jokalariak tipo jakintsu eta ahulak direla, baina hori ez da egia, eta kirol hau da horren froga».
90eko hamarkadan sortu zen xake-boxeoa, Alemanian, eta komiki batean du oinarria. Kirol ideala, etorkizuneko kirola marrazten zuen istorioaren pasarte batean Enki Bilail zinemagile eta komikigileak Froid Equateur (Ekuatore hotza) liburuan: garuna eta giharra batzen zituena, xakea eta boxeoa. Iepe Rubingh izeneko borrokalariak marrazkiak ikusi, ideia gustatu, eta xake-boxeoaren oinarriak ezarri zituen. Oraindik asko ez badira ere, hasiak dira xake-boxeo elkarteak han-hemenka azaltzen. Berlin, Los Angeles (AEB) eta Londres dira borrokaldi gehien hartzen dituzten hirietariko batzuk. Joan den larunbatetik aurrera, adibidez, hainbat borrokaldi izango dira Alemaniako hiriburuan.
Telebistan izan zuen Lizarragak kirol horren berri, bitxikeriei eskaintzen zaien tarte horietako batean. «Urteak ziren boxeoan nenbilela, baita xakean aritzen nintzela ere. Xake-boxeoa ikustean, interesa piztu, eta Munduko Xake-boxeoko Erakundearengana jo nuen informazio eske». Haren bideo batzuk ikusi, eta ondo ibil zitekeela ikusi zutenean, borroka bat antolatu zioten Londresen. Irabazi egin zuen lehen borroka hura, baita bigarrena ere. Hirugarrenaren zain dago orain.
«Azken ukabilkadatik, kolpean, xakeko lehen mugimendura pasatzea da gogorrena», dio Lizarragak. «Hor egiten dira hutsegiterik handienak». 12 minutu ditu, izan ere, guztira, jokalari bakoitzak xakean aritzeko, eta, beraz, azkar jokatu behar, denbora agortuz gero, galdu egingo baitu borroka. Xake-mate egitea, edota aurkaria KO uztea dira irabazteko beste bideak, eta epaileena da hitza bestela.
Ringeko esperientzia alde
Oreka da ideala, baina bi sailetan banatzen ditu borrokalariak Lizarragak: boxeoan ongi aritu eta xakean hala nola dabiltzanak, batetik; eta boxeoan gutxi gorabehera aritu, eta xakean onak direnena, bestetik. Xake jokalaria baino gehiago boxeolaria da bera, dioenez. «Ez naiz onegia ere, baina xake-boxeoan xakearen mundutik datoz gehienak. Boxeo saio gehiegirik egin gabeak. Nik eginak ditut borroka saio batzuk amateur mailan, eta aldea da esperientzia hori».
Xakeaz ere ezin ahaztu, ordea. «Hor ez dago indarrak berreskuratzerik», dio. Izan ere, bietara izan daitezke mingarri kolpeak xake-boxeoan, peoiaz eman edo ukabilaz eman.
Ukabilkada peoiarekin
Boxeo zalea eta xake zale da Daniel Lizarraga iruindarra, eta bi zaletasun horiek ring bakarrean uztartzeko modua aurkitu du xake-boxeoa izeneko kirolari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu