Osasuna. Sexologia

Umeak izan nahian

2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Bikote sistemak kritikoak diren momentu ugari izaten ditu, eta seme-alabekin lotuta daudenak kritikoenetarikoak izaten dira. Gaurkoan, horrelako momentu bat dakarkizuet, momentua baino gehiago prozesua bilakatzen dena.

Bikote bat seme-alabak eduki nahian dabilenean, eta ezinezko egiten zaionean, bolada gorabeheratsua pasatuko du, gehienetan inork pentsatu baino luzeagoa.

Bikote harremanean umeak izatearen grina ardatz bihurtzen denean, oso kolokan geratzen da gure esparru erotikoa gehienetan, eta, zelan ez, baita bion arteko harremana ere. Azkenean, intimitatearen helburu bakarra bilakatzen baita gizonak emakumearen bagina barrenean eiakulatzea. Horretarako, hainbat aldagai kontuan hartu behar dira. Besteak beste, egun emankorrenak, eta, askotan, ordu emankorrenak zeintzuk diren jakitea. Beraz, elkar topaketaren desioa, azala ukitzearen sentsazioa, eiakulazio gabeko laztana, baginan barruan geratu gabeko esperma, egun ugalkorrenetatik at dagoen maitasuna... horiek denak bikote sistematik urruntzen hasten diren jokoak bilakatzen dira. Batzuetan, bikotekideen artean ere asperdura sortuko du, konexioa itzaltzen joango da, eta desioa betebeharra bihurtuko da. Gura barik gehien gura genuenak bien arteko bidean arrakalak sortuko ditu. Bikotekideek sarri suntsipen eta tristeziaren sentsazioekin bizi dute bidea; elkar ulertzea zaila egiten zaie; aldiro biek sentitzen dute bikotekideak ez duela ematen eman behar lukeen bezainbeste. Ez da erraza.

Bikotekideek prozesu horretan bestelako aukerak ere mahai gainean jartzen dituzte, nahiz eta gehienen nahia umeak modu naturalean izatea den.

Bikotearentzat gauzarik zailenetarikoa izaten da onartzea ez dela erraza izango pentsatu moduan seme-alabarik edukitzea, eta, beharbada, laguntzarekin ere zaila izango dela. Onartze prozesu hori oso bizia eta emozionalki oso aldakorra izaten da. Gehienok inoiz ez dugu sekula pentsatu ez ginela kapaz izango; aintzat eman izan dugu gura izanez gero umeak izango genituela. Garai horretan, prozesuak batzuetan bikotea gerturatzen du. Besteetan, aldiz, bata bestearengandik urruntzen ditu. Bakoitzak bere prozesua dauka eta. Ardurak, beldurrak, minak, amorruak, tristeziak… Sarri, erruaren gurpilean sartzera eramaten gaitu. Ika-mikak mahai gainean. Adi, erruak berea egingo du eta guk kasu egin ezean! Gauza batzuk gure esku egon arren, beste asko ez daude eta! Gure esku dagoena hauxe izango da: zelan kudeatuko dugun bolada hori.

Bikotekideek prozesu horretan edo ostean arakatzen dituzte bestelako bideak. Alde batetik, hainbat erakundek eskainitako adopzioak eta aldiroko harrerak. Bestetik, teknologiak bideratzen dituztenak ugaltzearen prozesua laguntzeko: tratamendu hormonalak, intseminazio artifiziala, in vitro, obuluen dohaintza… Askok naturak erabakitakoari eustea erabakitzen dute.

Edozelan ere, etapa ondo zarratzeko garrantzitsua izango da behin betiko dolua egitea, hurrengo etapari gogoz aurre egiteko.

Ez dago bide egokirik, ezta zuzenik ere, norberak aukeratzen duena baizik. Edozelako erabakiak bere bidea ekarriko du, eta erabakitakoari eustea eta horrekin bat egitea bidea bera asko erraztuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.