Umeen ametsetako etxea

Zuhaitzetan egurrezko etxeak eraikitzen ditu Fun Houses enpresak. Haurrengan pentsatuta diseinatzen dituzte, eta askotarikoak dira. Harrera oso ona izan dute.

Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Haurrek gobernatzen dituzten etxeak dira. Gurasoen agintetik kanpo geratzen diren errepublika burujabeak. Fun Houses enpresak zuhaitzetan eraikitako egurrezko etxetxoak egiten ditu haurrentzat. Proiektu aitzindaria da, eta harrera oso ona izan du.

Eduardo Gomez da proiektuaren sortzailea. Haurra zela bi ohol hartuta altueran makina bat etxe egindakoa da. Orain dela lau urte bere bikientzat eraikitzea otu zitzaion. «Gaztelaniaz informazio bila hasi, eta ezer gutxi topatu nuen. Ingelesez bestelakoa zen egoera. AEBetan oso zabalduta dago fenomenoa». Abentura bidaietako gidaria zen Gomez. Zaletasuna lanbide bilakatu, eta etxeak merkaturatzeko pausoa eman zuen. Horretarako, AEBetara joan zen teknika ikastera. Harridurarekin baina oso ongi hartu zutela dio.

«Guraso askok haurtzaroko ametsa betetzen dute haurrei horrelako etxea erosita. Aiton-amonen eskakizunak ere izan ditut ilobentzat». Esperientzia izugarri aberatsa dela azaldu du Gomezek. «Lehendabiziko egunean gora igo eta 'aita eta amarik ez' zioen kartela ikusi genuen jarrita. Haurrek okupatu egiten dute espazioa, eta erantzukizunak hartzen hasten dira bertan». Sortzailearen aburuz, bideo jokoak eta telebista alboratu eta etxetik ateratzeko balio du. «Ez da jostailu handi bat bakarrik. Bere funtzioa bete dezake hezkuntzan».

Altuera gutxira hobe

Umeek etxea oso ongi ordenatuta eta garbi mantentzen dutela gaineratu du. Leku kuttuna izaten dutela. Baina nolakoak dira etxeak barrutik? Ohearekin eta ganbaratxoarekin egiten ditu Gomezek. «Jostailu eta trasteekin betetzen dute, eta haien marrazkiak jartzen dituzte hormatik zintzilik. Lo egiten geratzen dira, eta bizitza ematen diote espazioari». Haurrak gustura, eta gurasoak ere bai. «Bateren batek esan dit goizean goiz egunkaria lasai irakurtzera igotzen dela hara».

Askotariko ereduak diseinatzen ditu Gomezek. Etxea bi zuhaitzen artean eraikita, zuhaitza etxetxoaren terrazan dagoela eta altueran oinarria jarrita. Ez da zertan lorategian zuhaitz sendorik behar. «Lurrean ipinitako lau zutaberen gainean ere egin diot bati etxea, zuhaitzik erabili gabe». Garrantzitsuena zuhaitzaren eta etxearen artean proportzioa mantentzea da, batak bestea ez jateko.

Haurren neurrira eginda daude etxeak, eta ez du gomendatzen altuera handian jartzea. Zenbat eta gorago denbora gehiago pasatzen baitu eraikitzen; kostua igo egiten da, eta gurasoen kezka, areagotu. «Haurrak abentura sentsazioa izaten du lurretik metro batera igota». Ondorioz, egokiena metro eta erditik bi metro eta erdira kokatzea da. Harrera oso ona izan du orain arte ideiak, eta leku askotatik iritsi zaizkio eskaerak. Ez da edozeinen poltsikora egokitzen den oparia, edonola ere. Batez bestean 3. 500 eurotik 6.000ra bitartean balio dute etxeek. «Hamarkadak iraun ditzakete gero». Etxeei buruzko informazio gehiago www.casitasenarboles.com webgunean dago eskuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.