Komunikazioa. Eneko Olasagasti. 'Bi eta bat' telesaileko zuzendaria

«Umorea egiteko orduan eboluzionatu dugu guk eta aktoreek»

Hogei urteren ostean, berriro bildu dituzte Joxe Lontxo, Idoia eta Jaione. 'Sitcom'-a ikusle datu txukunak ari da lortzen.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Aktore, ekoizle, irakasle eta zinema zuzendaria da Eneko Olasagasti (Donostia, 1960). Antzezpen munduko lanengatik da ezaguna, baina ikasketak Leioako Kazetaritza Fakultatean egin zituen. Barrura begiratzeko leihoak presoen inguruko film dokumentalean parte hartu du berriki.

Nola sortu zen Bi eta batberria egiteko ideia?

Batetik, Carlos Zabala eta biok lanik gabe gelditu ginen. Bestetik, Jose Ramon Soroizek, Elena Iruretak eta Ane Gabarainek aspaldi esana ziguten egin behar genuela. Orduan Orio ekoizpen etxeari proposatu genion, eta proiektua bere bidetxoa egiten joan zen. Pello Sarasolaren etorrerarekin ETBn gauza batzuk mugitzen joan ziren, eta egokiera ona izan zen.

Soroiz, Gabarain eta Iruretarentzat berriro elkartzea polita izango zen ezta?

Bai, noski. Urteak pasa dira. Hain zuzen ere, telesailaren bizitasunetako bat da urteak nola pasa diren ikustea. Umorea egiteko orduan eboluzionatu dugula iruditzen zait, bai guk, bai beraiek.Pertsonaia berberak mantenduz lortu dugu saltsa egotea eta gaur egungo parametroetan sitcom bat egitea.

Ba al dago Europan kasurik hogei urteren ostean aktore eta pertsonaia berberek telesail bat berritu dutena?

BBCn telesail batekin egin zuten halako zerbait, baina bakarrik hiru atal eman zituzten. Guk beste kasurik ez dugu ezagutzen.

Zer moduz joan dira orain arteko grabaketak?

Ondo. Garai bateko giroa lortu dugu berriro. Fitxatutako aktore berriak ere oso ondo sartu dira. Arazoa da orain gainean ikusle kuotaren presioa dugula, eta horrek batzuetan urduritasuna hedatzen du platoetan.

Nolakoak izan dira ikusle datu horiek?

Oso ondo hasi ginen, eta ondo jarraitu zuen. Gero, egun aldaketa izan genuen. Eta jendea pixka bat despistatu zen. Aurreko astean Espainiaren partidarekin bat tokatu zen, eta horrek eragina izan zuen. Katearen batez bestekotik gora, eta sentsazioak onak dira. Baina badirudi ez dela nahikoa.

Aldeko eta kontrako kritikak izan ditu telesailak. Kontrakoen artean batzuek diote hiruko protagonista ondo dabilela baina bigarren mailako pertsonaiak ahulagoak direla.

Era guztietako iritziak jaso ditugu. Ikusle batzuei pertsonaia berriak gehiago gustatzen zaizkie. Trama aldetik pisu handiagoa du hirukote beteranoak. Alde horretatik, normala da profil baxuagoko pertsonaia batzuk egotea. Pertsonaia berriak ere pixkanaka aurkezten joan behar duzu, sendotzen joan behar dute. Logikaren barnean dago.

Lortutako datuekin datorren denboraldian atal gehiago egiteko aukera izango al duzue?

Azkeneko atalen datuen arabera ikusiko da hori. Datorren astean azken biak emango dira. Beste hiru egiteko edo ez zalantzan daude. Eta, ondoren, horien datuen baitan egongo litzateke jarraipena.

Bi eta bat berriak ETB1en etorkizun oparoa izan dezakeela iruditzen zaizu?

Guk asmo horrekin egin genuen. Baina gaur egungo panorama ikusita... Buenafuentek hiru aste iraun zuen, Sardak batzuk gehiago... Egoera oso latza da jende guztiarentzat. Zalantzakorra da egoera eta egunez egun ikusten da lana.

Miramongo platoak aurreko bi udetan hutsik egon ziren. Aurten ere gauza bera gertatuko al da?

Ba, bai. Guk, bukatzekotan, ekainaren 28an bukatuko dugu, eta luzatzen badigute, uztailaren 10-12 inguruan. Handik aurrera hutsik egongo dira platoak Goenkale grabatzen hasten den arte. Pena da hori horrela izatea. ETB1en euskarri handienetakoa fikzioak izan beharko luke. Fikzioa garestia dela diote, eta, esaten dutenez, ez dago dirurik. Ondorioz, lehen mozketak hortik datoz. Baina horrek nortasuna kentzen dio ETB1 kateari. ETBk ikusle datuei bakarrik ez lieke begiratu beharko.

Datorren negu partean iritsiko den ETBko zuzendaritza berriari zer eskatuko zenioke?

Berreskura ditzala ETBren zutabe nagusiak, eta horietako bat, zalantzarik gabe, fikzioa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.