Ezarian

Umorea ere lehertu daiteke

Irriaren eta irainaren arteko muga labainkorra da batzuetan. Ingurukoen bisaietan irribarrea margotzeko tresna da umorea, baina batzuetan, kolektiboei erasotzeko arma ere bada. Dieudonneren aferak hautsak harrotu ditu aste honetan.

Iker Tubia.
2014ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Denaz irri egin dezakegu, baina ez denekin». Hala esan zuen behin Pierre Desproges umorista frantsesak. Izan ere, edozerrekin egin liteke umorea, baina edozeinentzat egitea zaila da. Sarri, labainkorra da irrigarriaren eta mingarriaren arteko muga. Agerian geratu da hori aste honetan Frantziako Dieudonne umoristaren aferarekin. Dieudonne M'Bala M'Bala umoristaren ikuskizuna debekatu egin du Manuel Valls Frantziako Barne ministroak, juduen aurkakoa eta, beraz, antisemita eta arrazista delakoan. Ordena publikoa hautsi dezakeela ere argudiatu du ministroak. Erabaki hori Frantziako Estatu Kontseiluak berretsi zuen ostegunean, Le Mur ikuskizunaren bira hasteko bi ordu ere falta ez zirela. Hautsak harrotu ditu aferak. Umorearen eta irainaren arteko muga marraztea adierazpen askatasunaren eta debekuaren artean oreka mantentzea bezain zaila baita.

Frantziako Barne ministroak abiatu zuen Dieudonneren aurkako kanpaina. Zirkular bat bidali zien prefetei, ostegunean hasitako bira oztopa zezaten, eta halaxe egin zuten Naoneden (Nantes, Bretainia), Toursen (Frantzia) eta Bordelen (Okzitania). Naonedeko Administrazio Auzitegiak, baina, Dieudonneren alde ebatzi zuen lehenbiziko emanaldiaren egunean, eta ikuskizuna baimendu. Barne ministroak helegitea jarri zuen, Estatu Kontseiluak presazko prozeduraz aztertu zuen gaia, eta debekatu egin zuen. Debekua berretsi du Orleansko Administrazio Auzitegiak, eta atzo Toursen egitekoa zen emanaldia bertan behera geratu zen.

Miarritzen (Lapurdi) ere aritzekoa zen Dieudonne martxoaren 14an, baina Gare du Midi aretoan egitekoak diren lan batzuen ondorioz, bertan behera geratu da emanaldia. Hala ere, Didier Borotra alkateak esan du «sortu den giroan, emanaldiaren kontra» egongo zela.

Ezkerreko hainbat sektore debekuaren aurka azaldu ziren lehenago ere, oinarrizko askatasunen aurkako neurria dela iritzita. Giza Eskubideen Aldeko Ligak gogor kritikatu zuen Vallsen asmoa. Gainera, hartutako neurriek kontrako efektua sortu dutela ere pentsa daiteke. Izan ere, birako lehenbiziko emanaldia ikusteko sarrera gehienak salduak ziren, 6.300 eserlekuetatik %90 okupatuko ziren baimena izanez gero. Hala eta guztiz ere, debekua «Errepublikaren garaipena» izan dela zabaldu du Vallsek lau haizeetara.

Kike Amonarriz umorista tolosarrak uste du edozein ikuskizun debekatzea ez dela egokia: «Elizak egin izan du, eta baita erregimen totalitarioek ere, baina demokrazietan ez da onargarria». Adierazpen askatasunaren eta sustatu nahi diren balioen arteko talka gertatu da Frantzian, baina demokrazian onargarria dena eta erakunde publikoek sustatu behar dutena banatzeko aholkatu du: «Bi arlo oso diferente daude: batetik, erakunde publikoek balio sozialak sustatu behar dituzte, eta, beraz, ez litzateke egokia izango balio horien kontra jotzen duen umorea egitea, baina, bestetik, askotan aitzakia horiek erabiltzen dira kritika politiko sakona adierazten duten eta gustukoak ez diren joerak debekatzeko».

Beraz, umorearekiko tolerantzia maila demokraziaren osasuna neurtzeko balio dezake. «Uste dut umorea debekatzea normalean demokrazia faltaren sintoma dela, azkenean debekatzen duguna guri batere gustatzen ez zaiguna delako». Beraz, Dieudonneren ikuskizunaren kasuan, ulergarria iruditzen zaio erakunde publikoek ez kontratatzea, baina debekua ez da bidea.

Adierazpen askatasunaren alde lerratu dira Dieudonneren aldekoak. Irainduen alboan bere aurkakoak. Baina zaila da adierazpen askatasuna irain noiz bihurtzen den zehaztea, afera subjektiboa baita. Batentzat oso txiste ona dena beste batentzat mingarria da. «Umoreak beti du karga bat, eta karga bat dagoenean, batentzat barregarria dena beste batentzat mingarria edo iraingarria da», dio Amonarrizek. Euskaldunei buruz egiten den edota euskaldunek egiten duten umorea jarri du horren adibide. «Badago dibortzio bat nolabait esateko, eta nahiko agerikoa telebistan arrakasta duten umorezko saioen eta euskal intelektualen artean, hor beharbada zer aztertua badago bi aldeetatik».

Hiru umore mota

Hartzailearen jarrera ere kontuan hartzeko faktorea da. Anjel Alkain umoristak hori izan du hizpide: «Hartzailea umorerik gabekoa bada, igual haserretu egin daiteke, eta eskubidea dauka, baina tira». Hark egiten duen umorea zuria da, eta dioenez, ez dira izaten polemika iturri. «Hartzailean umore falta handia dagoela uste dut. Hartzaileak bereizten baldin badaki ez da haserretzen». Little Britain umore saioa jarri du horren adibide. Bertan ingelesei eta eskoziarrei buruzko «astakeriak» esaten dira, eta arrakasta handia izan du Ingalaterran.

Erabilera da gakoa. Zertarako balio du umoreak? Amonarrizen esanetan, ezberdina da goitik behera edota behetik gora egiten dena. Goitik behera lantzen den umorea erreakzionarioa eta zapatzailea dela dio. «Askotan politikan, lantegietan, bizitza normalean... boterea daukanak egiten duen umorea zapalduari ez dio batere graziarik egiten, eta umore sexista izan daiteke horren adibide bat». Behetik gorakoa, berriz, iraultzailea: nagusien, bankarien edota erregimen politiko baten aurkakoa, kasurako. Frankismo garaian Francoren aurka egiten ziren txisteak dira horren adibide: «Diktadurari aurre egiteko ez dut esango, baina gutxienez diktadurak sortzen zuen itomen horretan arnasa pixka bat lortzeko modua zen». Izan ere, umorearen atzean norberaren ideologia dago, Amonarrizen aburuz, eta horrek zehazten du zeinen kontura edo zertaz egiten den irri.

«Umorea oso gauza serioa da, eta askotan ez dugu behar besteko seriotasunez hartzen, adibidez zenbait egoerari aurre egiteko balioko lukeen arma moduan». Onintza Enbeita bertsolariarenak dira hitzok. Umore onekoa dela aitortu du, eta bertsolaritzaren munduan sarri egokitzen zaio, umoristei bezala, ingurukoen irribarrea ateratzeko lana. Alkainek ere armaren metafora erabili du: «Umorea arma ona, eta eraginkorra da gauzak salatzeko; niretzat modurik inteligenteenetakoa». Arma da, baina, alde anitzetara erabili litekeena, noski.

Estereotipoak eta klixeak ere oso ohikoak dira irriarenmunduan. Umore errazagoa, arinagoa. Enbeitak azaldu duenez, tripetako umorea da hori. Virginia Imazen sailkapenaz ari da, hiru umore mota bereizten dituena: tripetatik, bularretik eta burutik egiten direnak. Tripetatik ateratzen dena bizirik irauteari loturik dago, oinarrizkoena: jateari, edateari, lo egiteari, komunera joateari edo sexuari dagokiona. Bularrekoa sentimenduei lotua dago, hain oinarrizkoak ez diren beharrei lotutakoa. Azkenik, burukoa, umore inteligentea deritzona da.

Bertsoetan, adibidez, aise jotzen da tripetako umorera, bertso afarietan eta antzeko testuinguruetan batik bat. Hori da oinarrizkoena. Estereotipoek, baina, balio homofoboak, sexistak edo arrazistak dituzte inguruan batzuetan. Alkainek dio mota askotako estereotipoak daudela, eta beharrezkoak direla uste du umorean esajerazioa beharrezkoa delako. Gainera, estereotipo sexista ere erabili liteke sexismoa salatzeko. Bi adibide jarri ditu Alkainek: batetik, sexismoa salatzeko pertsonaia matxista estereotipo guztiekin janztea. Bestetik, klixeak zeharka ageri dituen esketxa sortzea: lanetik datorren aita eta etxean sukaldean ari den ama. Bigarrena matxista litzateke, nahiz eta lehenbizikoan estereotipoak nabarmenagoak izan.

Hartzailearen garrantzia ere nabarmendu du umorista andoaindarrak. Hartzaileak umorea badu, txiste sexista bat ere konta dakioke, eta konturatuko da hala dela. «Gauza bat da artea, txistea nola kontatzen duen, eta bestea zer esaten duen. Biak dira oso garrantzitsuak», azaldu du Alkainek. Hau da, txisteak ongi kontatu daitezkeela mezua ezegokia izan arren.

Testuinguruaren arabera txistea irrigarri edo mingarri suertatatu liteke. «Zertan ari da emakume bat folio txuri baten aurrean? Bere eskubideak irakurtzen». Txiste horrek konnotazio ezberdinak ditu testuinguruaren arabera, Amonarrizen arabera: «Gizonezkoez bakarrik osaturiko elkarte batean goizeko ordu bietan edo bilera feminista batean kontatuta, justu kontrako zentzua hartzen du». Beraz, nola eta nork kontatzen duen mingarri edo gertuko bihur dezake.

Indarkeria umore iturri

Alkainen aburuz, errespetua da gakoa. «Niretzat errespetua inportantea da; muga batzuk badaude, baina gauza oso pertsonala da», azaldu du. Enbeitak ere garrantzia eman dio elkarrekiko begiruneari, eta esan duenez, bertsoetan «errespetuzko umorea» egiten da. «Irudipena dut gizartean badagoela joera bat umorea ahulenen aurka egiteko: beltzak, homosexualak, emakumeak...eskailera bat goragotik egiten dugu umorea, eta uste dut bertsotan hori saihesten dela, umorea berdinetik berdinera dela beti», dio.

Hala ere, estereotipoetatik ihes egitea ez da erraza, eta bat-batekotasunak bide errazera bideratzen du bertsolaria frankotan, nahiz eta sare horretan ez erortzeko ahaleginak egin. «Umorea egitea ez da erraza, eta umorea ondo egiten saiatzen bazara, oraindino are eta gaitzagoa». Halere, kolektibo jakin batzuk irrigarri uzten dituzten txisteak, nahiz eta subkontzientean izan, bertsolariek nahita baztertzen dituztela dio Enbeitak.

Gauza serioez mintza daiteke umorearen hizkuntzan. Gai serioak mahai gainean jar daitezke hartzailearen irria jasotzeko asmoz. Baina egoera larriei buruzko umorea labainkorra da, irristakorra, irrigarria ez ezik mingarria ere izan daitekeelako. Indarkeria da horren adibide. Hiru elkarrizketatuak bat datoz biolentzia umore iturri izan daitekeela. Baina kontuz ibili beharra dago.

«Bizitzeko modu bat edo bizitzaren aurreko jarrera bat da umorea», dio Enbeitak. Eta bizitzak, gazi-gozoak ditu. Irri egin daiteke indarkeria egoera batez? Alkainek uste du norberak erabaki behar duela zertaz barre egin. Hark umore zuria nahiago du, baina dena izan daiteke umore iturri.

Indarkeria edo gatazka egoerez irri egiteko, baina, bada ezinbesteko osagai bat: denbora. Alkainek gogora ekarri ditu umorista bati aditu zizkion hitzak: «Drama gehi denbora pila da komedia». Gogoan du idazle batek 36ko gerrari buruzko komedia bat idatzi zuela, bere aitatxi fusilatu zuten gudari buruz, alegia. Denbora nahikoa pasatu zela iritzita, kritikatzeko erabili zuen umorea. Ez da bakarra, 36ko gerrari buruz hamaika txiste eta komedia sortu baitira.

Amonarrizek ere antzera pentsatzen du: umoreak distantzia behar duela. «Nahiz eta askotan imajinatzen dugun umorea beroa dela, nik uste dut umorea batez ere hotza dela», azaldu du. Gerrak, indarkeria eta egoera gogorrak gai oparoak dira umorearentzat, umorista tolosarraren aburuz, baina normalean umore politikoa, zorrotza eta beltza egiteko.

Euskal gatazka ere erabili izan da umore sorkuntzan. Onuragarria izan daitekeela uste du Alkainek. «Egunkarietan ikusi ditut txisteak, eta pentsatzen dut horrek ere eragina izango zuela, txisteak egiten badira gauza batez egoera batera iritsi zarelako baita», azaldu du. Gatazka horretan, baina, badira denbora behar duten gertakariak, Enbeitaren aburuz: «Egin daiteke umorea ETAren komunikatu baten itxuragaz, baina oraindino 2014an oso gaitza egiten zait torturagaz edo atentatu bategaz umorea egitea, oraindino larregi fribolizatzea da».

Amonarrizek indarkeria egoerekin umorea egitea onuragarria dela uste du, tresnak ongi erabiliz gero behinik behin. «Umorea beti da tresna baliagarria ikuspegi kritikoa eta erlatibizatzailea lantzeko, eta askotan egoeren zentzugabekeria edo gordintasuna oso ondo islatu eta kritikatu daiteke umorearen bidez, jakinda kasu horretan beti norbaiti min egingo zaiola». Irria eta mina gertu daude eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.