Ezarian. Sanferminetako pankartak

Umorea eta kritika

Urteko gai esanguratsuenak hartuta prestatu dituzte Iruñeko peñek sanferminetarako pankartak.

Alegria de Iruña. Barcinari botatako tartak, Nafarroaren konkista, murrizketak, eta San Fermin jaiak ageri dira, besteak beste, Alegria de Iruñaren pankartan. BERRIA / BERRIA.
Irune Arrizurieta
Iruñea
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Aurten ere umorea eta kritika darie Iruñeko peñen pankartei. Ironia handiz, Iruñeko eta Nafarroako errealitatea beste modu batean azaltzera etorri dira pankarta egileak. Aurten, inoiz baino gehiago izan dira, 11 lagun aritu dira peñetako 16 pankartak egiten. Hori antzematen da marrazkietan, estetika eta marra ezberdinak ageri baitira pankartetan; aniztasuna nabarituko dute iruindarrek. «Inoiz baino margolari gehiago aritu dira lanean. Joan den urtean bi lagunek egin zituzten guztiak eta aurten 11 aritu dira. Gazteak margotzen jartzeko ahalegin berezia egin dugu», azpimarratu du Endika Lakuey Iruñeko Peñetako buruak.

Ez dago gai bakarra peñen pankartetan. Urteak askorako eman du eta gai franko izar bihurtu dira pankartetan: Nafarroako Kutxaren bat egitea; guztien ahotan dagoen krisi ekonomikoa; Nafarroako Gobernuaren etengabeko murrizketak; Mugitutaldeko kideek Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari botatako merenge tarta; Enrike Maia hiriburuko alkateak proposatutako Riau-riauaren berreskuratzea eta Nafarroaren konkistaren 500.urteurrena.

Pertsonaietan ere ez dago errege edo erregina bakarra, hiru baizik: Yolanda Barcina, Ernrique Maia eta Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregea. Halere, joan den urtean bezala, Yolanda Barcina hainbat karteletan ageri da. Hamabi urtez izan da Iruñeko alkatea, eta urtebete eskas darama Nafarroako presidente lanetan. Urte gorabeheratsua izan du, eta hori bista daiteke pankartetan: murrizketak egiten ageri da, eta konkistatzailez jantzita ere bai, Nafarroaren konkista baino anexioa izan zela aldarrikatuz. Nafarroako presidente lanetan urteurrena ospatzear dela, kritika zorrotza eta umoretsua egin diote peñek. Hamasei pankartetatik zortzitan ageri da.

Nafarroako konkistaren 500. urteurrenak ere eman die ironiarako aukera. Barcina Juan Carlos Borboikoarekin ageri da urteurrena gogoratuz. Monarkia kritikatu eta errepublika aldarrikatzeko ere baliatu dituzte batzuek pankartak. Espainiako erregeak Botswanan hildako elefantea errepublikanoa dela aldarrikatuz, edo erasotzailea hankapetuz.

Nafarroaren konkistaren gaiak bestelako estetika lantzeko ere balio izan du. Horren lekuko deigarriena Asisko Urmeneta marrazkilariak La Unica peñarako egindako pankarta da. Gai hori bakarrik landu du oihalean. Konkistaren larritasunaz ohartarazteko edo, pankartaren atzealdea beltza margotu du, gainontzeko pankarten atzealde zuriarekin kontraste nabarian.

Ereserki berria

Txupinazorako astebete eskas falta denean, Iruñeko Alde Zaharra musikaz eta alaitasunez bete nahi dute peñek. Berritasun batekin gainera, zezenketak hasi aurreko lehendabiziko abestia aldatuko dute aurten. Orain arte Eurovision ereserkia jotzen zuten, baina aurten, konkistaren harira, aldatzea erabaki dute. Horregatik, garai batean zezenketei hasiera emateko jotzen zen Gorteen ereserkiajoko dute. Baina sanferminen aurretik motorrak berotzen hasiko dira peñak. Larunbat honetan, Peñen eguna ospatuko dute. Goizetik hasi eta gauera arte izanen da festa, eta egun horretan erakutsiko dituzte pankartak ofizialki, 20:00etan, San Frantzisko plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.