Aurten ere, bederatzigarren urtez jarraian, antzerkiaren bidezemango diete hasiera Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) San Migel jaiei. Maitane Beloki da antzezlanean parte hartuko dutenetako bat, eta nahiago du ez argitu zeren ingurukoa izango den: «Antzerkia beti egiten dugu, baina ez dugu esaten zeri buruz egingo dugun. Beti sorpresa mantentzen dugu, txupinazora jende gehiago etortzeko». Gauza bakarra adierazi du: hala nahi duenak ondo pasatzeko eta barre egiteko parada izango duela. «Umorea jarri dugu guztiaren gainetik; besterik ez dauka obrak».
Sorpresak sorpresa, ez diote izenbururik jarri proposamenari. Izen bat jartzekotan, Txupinazo antzeztua deitu diote, baina txupinazo ofiziala hura amaitutakoan egingo dute. Helburua antzerkiaren amua botata jendea plazan biltzea da, ahalik eta jende gehienak elkarrekin egiteko festei ongietorria. «Hasiera guztia ematen du antzerkiak. Gero, txupinazoa botatzen dute, eta jendea inguratzen da ikustera. Jende asko joaten da, denetarik pixka bat, baina, gehienbat, herrikoak izaten dira».
Egunerokoan antzerkia egiteko ohiturarik ez du Belokik, baina herriko festak salbuespen, antzezpenean parte hartuko duen laugarren aldia da. Hark eta beste lagun batek idatzi dute gidoia, eta herriko hiru gaztek interpretatuko dute. «Beste urteetan sei eta zortzi lagun artean elkartu izan gara, eta, aurten, hiru baino ez. Talde txikiagoa egin dugu, eta gure artean konfiantza gehiago dago».
Ohiturei jarraituz, Adiskide bertso eskolak lagundu die prestaketa kontuetan, baina, aurten, lehen aldiz, haiek ez dute antzezpen egunean parte hartuko.«Normalean, urteroko jendea biltzen gara, eta esaten dugu: 'Aurten zer?'. Eta ideiaren bat sortzen zaigunean erabakitzen dugu jendea behar dugun edo ez». Dena den, Belokiren arabera, irekiak dira, eta edonork parte har dezake.
Herriko kontuak eta momentuan gertatzen ari diren gertakariak sartu dituzte gidoian. Ideia bat egiteko, joan den urtean antzeztutako adibide bat ekarri du gogora. Instant Sport etxeak tubo itxurako olatu artifizialak sortzeko teknologia garatu zuen Aizarnazabalen, eta horri kritika egin zioten. «Lehengo urtean surflarientzat olatu artifizial bat egin zuten, eta herritarrei ez ziguten parte hartzen uzten. Hori antzerkian sartu genuen».
«Azken urteetako onena»
Dena prest dutela eta, «inoiz baino lasaiago», dago antzezlea. Haren iritziz, gauzak nahi bezala irteten badira, obra «azken urteetako onena» izatea espero dute.
Horren ostean, txupinazoarekin festei ofizialki hasiera emanda, herriko musika eskolako trikitilariekin poteoa egingo dute. 22:00etan, berriz, pilota partiden txanda izango da. Joxe Larrarte memorialaren finalerdiak jokatuko dituzte: 22 urtez azpikoen mailan, Laso eta Garmendia Etxeberria eta Mendiaren aurka ariko dira; eta senior mailan, Larrañaga eta Murgiondo, Arteaga eta Erasunen kontra. 00:00etan, DJ Olaberri ariko da plazan.
Bihar, Parranda Gaua ospatuko dute. 12:00etan, txakolin dastatzea izango da, eta, 16:00etan, mus eta eskoba txapelketa. 18:00etan, Joxe Larrarte memorialaren gainontzeko finalerdiak jokatuko dituzte, eta, horren ostean, elektrotxarangarekin poteoa izango da. 23:30ean, Hira taldeak kontzertua emango du, eta, amaitutakoan, Oihan Vega ariko da DJ lanetan.
Igandean eta astelehenean ere, aurrera jarraituko dute festek, eta asteartean bukatuko dituzte, San Migel egunean.
Sanmigelak Aizarnazabalen
Umorea, guztiaren gainetik
Txupinazo antzeztuarekin emango diete hasiera Aizarnazabalgo San Migel jaiei, arratsaldean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu