Unai Portillak irabazi du Euspoteko sari nagusia

'Aniztasunak gu egiten gaitu' iragarkiari esker, 1.000 euro eskuratu ditu. Publikoaren saria Nora Latauk eta Danel Goikoetxeak jaso dute. Bideoa albistearen amaieran.

Unai Portilla Euspoteko saria jasotzen, Mikel Irizar Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariarekin. ARTEMAN.
urtzi urkizu
2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun

Euspot euskarazko iragarki lehiaketaren seigarren aldiko sariak banatu zituzten ostegunean, Aretxabaletan (Gipuzkoa), eta sari nagusia Unai Portillaren Aniztasunak gu egiten gaitu iragarkiarentzat izan zen. Aurtengo gaia Aniztasunak aberastu egiten gaitu izan da, eta 51 lan aurkeztu dira —hogei 18 urtetik gorako partaideak izan dira, eta beste 31 lan 18 urtetik beherakoek aurkeztu dituzte—. Epaimahaiak Portilla saritzeko arrazoiak eman ditu: «Kalitate tekniko onena du iragarkiak, eta publikoa erakartzeko ikaragarrizko ahalmena».

Iragarki umoretsua da Portillarena. Osagaietan, askotariko krispetak filmak ikusteko, euskaraz hitz egiteko orduan egon daitezkeen akatsak, eta gustuko musika entzutearen aldarria, bere ñabardurekin. Erritmo bizia eta tonu alaia duen iragarkia da irabazlearena. Portilla (Saratsu, Trebiñu, 1993) ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean, eta bigarren aldia da iragarki bat egiten duena: «Duela bi urte beste lagun batzuekin batera aurkeztu nintzen lehiaketara, baina orduko lana gerrillariagoa zen».

Portilla lagun batekin hasi zen iragarki irabazlea prestatzeko ideiari bueltaka. «Argi nuen zerbait ezberdina egin nahi nuela. Lehiaketako gaia pisutsua da, baina gehienetan sentimenduetatik jotzen da. Zerbait dibertigarria egin nahi genuen, eta positiboa». Vintage tresnak erabili izanak badu bere arrazoia: «Egon ginen iragarki eredu batzuk ikusten, eta vintage osagaiak asko gustatu zitzaizkigun. Halaber, euskara umorez landu dugu, euskara bera iragarkiaren funtsa izatea nahi genuelako. Iragarkia guztiz euskaratik sortu nahi izan dugu».

Etorkizunean bideogintzan lan egitea gustatuko litzaioke Portillari: «Fikzioa arlo zaila denez, publizitatean aritzea aukera bat izan daiteke».

Aniztasuna sarituetan ere

Sari gehiago ere banatu dituzte lehiaketan: Mondragon Unibertsitateko ikasleen iragarki onena Nora Lataturentzat eta Danel Goikoetxearentzat izan da. Haiek irabazi dute publikoaren saria ere, Aniztasunak milaka aurpegi iragarkiari esker. BHklip saria —14-18 urte arteko partaideentzat— Eider Callejak, Alazne Zubillagak, Miren Altunak eta Eider Magunazelaiak jaso dute. Music Library saria, berriz, —musika sinkronizazio onenari— Iker Plazaola Acostak eta Aritz Plazaola Kortabarriak jaso dute.

Antolatzaileen arabera, orain arteko aldirik oparoena izan da lehiaketa kantitateari, kalitateari eta Interneten izan duen hedapenari begiratuta. Euspoten Youtubeko kanalean ikus daitezke aurkeztutako bideo guztiak. Gipuzkoako Diputazioa da antolatzaile nagusia, Aretxabaletako Udalaren, Mondragon Unibertsitatearen, Arizmendi ikastolaren, Arteman agentziaren eta MusicLibraryren laguntzarekin. Bideoa: Aniztasunak gu egiten gaitu.

[youtube]https://youtu.be/aQQzd8ms9bY[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.