ATZEKOZ AURRERA

Unamunok ehortzitakoak

1901eko Bilboko Lore Jokoetan Miguel Unamunok euskararen aurka esandakoak hartu dituzte abiapuntutzat Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek Bilboko 'Loraldia' jaialdian.

Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariak, atzo Bilboko Kafe Antzokian eskainitako saioaren une batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
XXI. mende betean eman zioten lehen koilarakada porru kremari atzo Bilboko Kafe Antzokian bildutako hirurogei bat pertsonek, baina XX. mendea hasi berritan atera zuten sardexka hostopil txokolatedunetik. Izan ere, etengabea izan zen denbora jolasa Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek Loraldia jaialdian eskainitako saioan. Lutxo Egia idazleak prestatu zuen gidoia, eta Mikel Martinez aktoreak gidatu zuen bertsolarien jarduna 1901eko Bilbo hartan. «Gau giro ederra dago abuztuaren 26an, Lore Joko-etan. Antzoki berriko goiko eta beheko jesarlekuak gainezka daude. Lepo palkoak eta plateak». Miguel Unamuno da hizlari, eta historikoa da diskurtsoa. Euskararen heriotzaz mintzo da: «Euskara ez da pentsamendu modernorako gai. Zentzugabekeria bat da Bilbo euskalduna. [...] Ehortz dezagun merezi besteko hiletaz, zientzian baltsamatuta». Eta hitzaldia entzuten Arzallus eta Lujanbio, Gernikatik hiriburura eztei gauerako joandako bikotea. Ozpindu xamarturik biak gero logelan, baina ez erabat itzalirik, halere.

Politika orokorrak esparru intimoan izandako eraginaz lehen bertsoa Arzallusek:

Bilbora etortzeko

neukan bertigoa,

hala ere zurekin

goraino igoa.

Zein da Unamuno horrek

daraman ildoa?

Kolpez jaitsi du behintzat

nire libidoa.

Barrez eta txaloz XIX. mendeko hostopila amaitu berri ziren ikusleak, eta Unamunok hilda irudikatutako hizkuntzan txortan egin nahian Arzallus. «Omen dago euskara/ hiltzeko asmotan./ Nahiko milagro egingo dugu/ guk gau hontan / imajina itzazu bi difunto txortan». Eta gogoz Lujanbio ere erantzunean:

Ni oraindik bizi naiz

difuntuak batzen;

bizi izpirik baduzu

ni ez naiz kexatzen.

Animalia hots batzuk

egitera goazen,

nik euskararik ere

ez dizut eskatzen.

Lehenengoz antolatu dute aurten Loraldia Bilbon, eta euskal sorkuntzari zentralitatea ematea izan da antolatzaileen asmoa. Aipatu dutenez, XX. mendeko lore jokoak XXI. mendera moldatzea izan da antolatzaileen asmoa, eta eta horregatik egin zieten 1901eko lore joko ezagunei erreferentzia Kafe Antzokian antolatutako bertso bazkarian. Unamunoren euskararen aurkako hitz sonatuei erantzuteko aukera eskaini zieten bertsolariei hala, baina ez ziren izan bertsolariak publikoari barrea atera zioten bakarrak. Amesgaiztoek jota irudikatu zuen, esaterako, Sabino Arana jeltzalea Mikel Martinez aktoreak. Eta jendeak txalo.

Aranaren izerdi hotza

1901eko abuztuaren 27a da, eta osorik argitaratu dute Unamunoren diskurtsoa El Liberal eta El Noticiero Bilbaíno egunkariek, eta horregatik Aranaren izerdi hotza. Kezkatuta haren emazte Nicolasa Atxikallende ohean. «Sabin, Sabin! Itzar zaitez! Itzarri eta jalgi! Gipuzkotar baten lez ari zinen berbetan!». Eta izuak jota hasieran Arana. «Gipuzkotar baten lez!?». Eta irmo gero, aranismoz betetako hizkeran. «Zarratuko neukez izparringi horiek! Lasketsi ezina da, Nikole, las-ke-tsi e-zi-na! Usteridun zalmantiar horrek leistu dosta odola. Euzkadi epekoan hizki batzuk idatzikotez, eta euskariaren euskelgi danatara izkelbillauko dotez, agintzetsut!». Barrez jendea, eta errematea orduan Martinezek. «Nikolasa lasaiago gelditu da. Sabin Arana Goiritar Sabin da berriro».

Umoreaz gain, hizkuntzari buruzko gogoeta sorta ere utzi zuen saioak, halere. Lujanbiok emanaldi amaieran botatako bi kopla horren adibide. Bata: «Denen premian, denen beharrez/ dago gaur ere euskara/ Ta euskaran alde alferrikan da/ euskaraz ez baldin bada». Eta azkena: «Hango eta hemengo bat gera eta/ hala litzake hobea/ Loraldia ere ez dadila izan/ egun bateko lorea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.