Gasteizko Udal Musika Bandak mende bat darama hiriari doinua jartzen. Aurretik ere badu historia, baina ez du etenik izan 1916. urtetik. Hilario Extremiana (Miranda Ebro, Burgos, Espainia, 1966) du zuzendari, 1999tik. Astero kontzertu bat ematen du udan, baina, jaietan, goiz eta arratsalde pilatzen zaio lana.
Atseden hartzeko tarte gutxi duzue jaiak hasten direnean.
Baita aurretik ere: pentsa, pregoian ere jo genuen, Zeledonen jaitsieran bertan egon ginen, baita bezperatara doan udal segizioan ere. Hortik aurrera, egunero, goizean goiz jaietarako deia jotzen dugu, eguerdian kontzertua...
Eta arratsaldez, zezenketetara.
Hala da. Gasteizko Udalak hitzartua du gure parte hartzea zezenketak daudenean.
Aurten mendea bete du udal musika bandak. Nolakoa izan zitekeen 1916ko bandaren jarduna?
Aitortu behar dut ez dudala hori askorik ikertu... Argi dudana da aldaketa asko gertatu direla. Hasteko, jantzia bera; ikusten hor atzeko argazkia? [Atzean duen irudi bat seinalatu du] 1916ko banda da. Ikusten denez, instrumentuak ere zaharragoak dira, egungoekin alderatuta.
Eta kideen musikaren ezagutza?
Hori ere bai, noski! Bandako funtzionarioak ia lakioarekin harrapatu behar zituzten garai hartan: uste dut gutxi ordaintzen zietela... Bokazio handiko pertsonak ziren. Hori aldatu da: gaur egun, musikari guztiek goi mailako ikasketak dituzte, eta, 2001. urtetik, musikariak ehuneko ehun dira langile publiko.
Aldatu al da jotzen den musika?
Printzipioz, garai batean jotzen ziren gauza asko jotzen dira gaur egun ere. Egia da beste modu batean jotzen direla, musikarien eboluzioaren ondorioz. Errepertorioa ere aldatu da: udal banda oso heterogeneoa da alde horretatik. Errepertorio sinfonikotik dantza egiteko musikaraino, musika tradizionaletik eta egokitutako musikatik pasatuta: popa, rocka, jazza...
Nola erabakitzen duzue Gasteizko festetan zer joko duzuen?
Heldu nintzenetik, Zeledonen abestiarekin amaitzen ditugu saio guztiak. Dena den, beti saiatzen gara oso eskaintza plurala egiten; Denetarik dago Florida parkera doazenen artean: umeak, gazteak, helduak, edadetuak... Unibertso bat betetzen saiatzen gara: biribilketa batekin hasi; gero, obertura bat; jarraian, operarekin lotutako zerbait; ondoren, pop edo rock abestiren bat, Queen kasurako; jazza... Eta dena oso ondo egiten saiatzen gara, noski! Gu entzutera etortzen direnek kalitatea espero dute gugandik.
Mende baten buruan, asko aldatu ote da musikaren presentzia?
Gaur egun, leku guztietan dago musika. Duela 100 urte, ordea, jendeak ez zuen musika entzuteko hainbeste aukera izango, eta udal musika bandaren kontzertuetara joango zen; bandak, alde horretatik, hutsune bat beteko zuen. Aldaketa horren aurrean bi aukera daude: egokitzen zara, edo... akabo.
Leku guztietan dago musika, gustu guztietarako: ganbera musikako kontzertuak gaztetxetik metro gutxira daude...
Hori da! Eta ez pentsa; baten bat bi leku horietara joango da musika entzutera!
Bide batez, nola bizi dituzu jaiak entzuleei bizkarra emanez?
Lanean? Ondo! Jaietan gehien gustatzen zaidana entzuleak dira. Oso esker onekoak dira; amaitzen duzunean irribarrea dute aurpegian. Lanean nagoen arren, gozatu egiten dut!
Baduzu aisialdirako tarterik?
Ateratzea ez dut gustukoegi izan inoiz. Pentsatzen dut aterako diren kideak daudela, baina nork bere burua neurtu behar du. Hurrengo egunean, irentsi beharrean, putz egin behar da! [Barreak]
ATZEKOZ AURRERA. Hilario Extremiana. Gasteizko Udal Musika Bandako zuzendaria
«Unibertso bat betetzen saiatzen gara»
Ehun urtean musikak jaian duen presentzia asko aldatu dela hausnartu du Extremianak; horretara egokitu beharra dagoela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu